IRRATIA
Entrevue
Garazi Kamio
Idazlea

«Beldurra diogu zahartzaroari. Ez dugu horretan pentsatu nahi»

Zahartzaroa eta transexualitatea uztartzen ditu Kamioren ‘Moebiusen ertzak’. Angela jaiotako Angelen bizitza kontatu du; bi identitate, bi etxe eta bi munduren artean «hanka-puntetan» dabilena. Zahartzaroari zein transexualitateari modu berean, zeharka, erreparatzen zaiela deritzo idazleak.

Irun Literatur Saria jaso du Garazi Kamiok 'Moebiusen ertzak' eleberriari esker (Jon Urbe | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Kabitzen al dira bi bizitza gorputz bakarrean? Hitz batek egiten du aldea –amildegia– Garazi Kamioren (Andoain, 1979) eleberri berriko protagonistaren kasuan. Angela jaioa, Angel da istorioaren pertsonaia nagusia: adineko gizonezko transexual bat. Duela bi urte, oporretatik bueltan Erriberara iristen ari zirela, irratian entzundako hausnarketa bati tiraka heldu zen libururako ideia. Hizlarien arabera, badira zenbait gai, nahiz eta gizarteak orokorrean ontzat edo arruntzat jo, edo hala uste izan, oraindik ere zenbait eremutan ez direnak normaltzat hartzen. «Horietako bat hirugarren adineko edo pertsona helduen transexualitatea da. Irratian entzuten nenbilen elkarrizketa horretan galdetzen zen ea zer gertatuko ote den, duela 60 urte, 50 urte, beste leku batera bizitzera joateko euren etxetik alde egin, eta bueltatzerakoan euren identitatea aldatu behar duten horiekin? Oso interesgarria iruditu zitzaidan». Bi urtetik hona hari horretatik tiraka ibili da, 2025eko azaroan Elkar argitaletxearen eskutik Irun Literatura Saria jaso duen ‘Moebiusen ertzak’ argitaratu duen arte.

Kazetaria, irakaslea eta idazlea da Kamio. 2012an ‘Beste norbaiten zapatak’ narrazio bilduma argitaratu zuen Igartza sariari esker. Urtebete beranduago iritsi zen Augustin Zubikarai beka eta horrekin batera ‘Orube abandonatuak’. Aldea nabaritu du oraingoan. «Igartza beka jaso nuenean 30 urte nituen bete berri, gaztetasunaren inozentzian eta lotsagabekeriarekin hasi nintzen. Sostengurik gabe salto egin nuen igerilekura. Eta gero hasi nintzen konturatzen istorio hau serioa zela. Gure literatura txikia izan arren, beste hizkuntzen kasuan bezala, oso garrantzitsua dela».

Halako sariek berekin dakarten «promozio» molde eta denbora propioak aski ezagun izanda ere, azken liburu honek «lan dezente» eman diola aitortu du. Tiraderan gordeta denbora bat pasatu ostean, sariak edizio lanak arrapalada batean egiteko beharra sortu zuen. Durangoko Azoka igarota, digeritze lanak egiteko prest dago orain Kamio.

Isildutako identitateen isildutako istorioak

Zahartzaroa eta transexualitatea gurutzatu ditu eleberrian. Gai «korapilatsu» eta «delikatuak». Bilbotik Tolosaldeko herrira itzuli da Angel. Beste euskal herritar askok Bartzelonara edo Madrilera ihes egin eta etxera itzuli behar izan zuten modu berean. Itzulera bideak aurreko identitateetara bueltatzeko derrigortasuna zekarren berekin gehienetan. «Ahalik eta modu duinenean» saiatu da kontakizun hori eraikitzen, «eszentrikotasunik edo ponpositaterik gabe, krudeltasun hori ere agertuz».

«Pentsatu dugun zerbait al da transexualitatea adineko jendearengan? Nik uste dut oso gutxi egin dela, deserosotasuna ematen duen gaia baita»

Horretarako tresna izan da Angel. «Pentsatu dugun zerbait al da transexualitatea adineko jendearengan? Nik uste dut oso gutxi egin dela, deserosotasuna ematen duen gaia baita». Horrez gain, emakume jaiotako gizonezkoa da Angel. Korapiloa estutu du Kamiok. «Bikotekideak eskatu zidan pertsonaia gizonezkoa izatea. Hark esan zidan moduan, emakumeoi ez baitzaigu uzten gizon izaten ere». Garai bateko trabestismoaren eta transexualitatearen arteko nahaste edo berdintzeak akaso emakume transexualen erreferentziak gertuago izatea ekarri du, «baina alderantzizko ariketa hori beharbada zailagoa egiten da eta are zailagoa adineko pertsona batean oinarritzen bagara». Angelek arrebaren etxea utzi eta egoitzara joateko prestaketa lanetan dabilela hasiko da eleberria. «Egoitzen inguruan hitz egiten denean oso albiste ilunak izaten dira normalean, edo langileen greben ingurukoak. Baina barruan gertatzen diren gauzak ez dira kontatzen. Eta kontatzen ez badira, ez dira existitzen».

Eta hirugarren buelta ere eman dio korapiloari. Duela 50-60 urte pertsona transexualek Bartzelonarako bidea hartu ohi zuten, baina distantzia laburragoa bilatu du Kamiok. Bilbora egin zuen ihes Angelek, Tolosaldetik. «Konta dezagun horrelako istorioak ere egon direla hemen».

Angelen haurtzaroa, gaztaroa, helduaroa eta zahartzaroa. Bizi ibilbide osoa kondentsatu du Kamiok eleberrian. frankismo garaian jaio, trantsizioa bizi eta orainaldian zahartu da protagonista. Horretarako, alde batetik, Bilboko garaiko «bizitza klandestinoan» arakatu zuen idazleak: «Agertzen da La Otxoa, El Gato Negro, Bataclan... Ikertu nituen garaiko kontuak: bizitza ezkutuak, ezkondutako gizonezkoek garaiko trabesti eta transexualekin izan zituzten harremanak, gustuak...».

Horrez gain, adineko erresidentzien funtzionamenduaren eta bizimoduaren inguruan ere egin du dokumentazio lana. Funtsezko bidelagun bat izan du egiteko horretan: Andoaingo gizarte zerbitzuetako buru den Arantxa Alkorta. «Jakin nahi nuen nola iristen den pertsona bat egoitza batera. Alkortak esan zidan adibidez gaixoak ez badu mendekotasun maila handi bat, berak erabaki behar duela. Familiak ezin duela erabaki. Hori argi edukitzeko esan zidan». Horrez gain, adineko pertsona transexualen kasuan nola jokatzen zen jakin nahi izan zuen. «Ez dakit zenbat erresidentziatara deitu zuen Arantxak. Eta guztietan gauza bera esan zioten: protokoloek diotela pertsona errespetatu behar dela eta, gainera, gainontzeko egoiliarrekin pedagogia egin behar dela».

Moebiusen banda, mendiak, ileordea eta zerrenda bat

Jira eta bira askorik gabeko kontakizuna osatu nahi izan du Kamiok. «Istorio krudela da, gordina, baina ez nuen penan erori nahi. Ez dut jendeak negar egin dezan nahi, gerta daitekeen istorio bat kontatu nahi izan dut, besterik ez». Bizitza bat, Angelen bizitza da istorioaren muina, «Angel beti ibili da hanka puntetan» eta modu berean idatzi du haren errelatoa andoaindarrak: «Bere gorabeherekin, garaipenekin eta galerekin, baina dramatismorik gabe».

«Haurren artean transexualitatea normalizatuagoa dago, eta, beti bezala, arazoa helduok dugu: aldekoak gara, bai, baina etxean ez dadila gertatu»

Egoitzara joateko egin beharreko erosketa zerrendarekin hasten da liburua. Eta ostean, hainbat ahotsek eta denbora lerroan egindako etengabeko jauziek osatzen dute kontakizuna: Angelek lehen pertsonan hitz egiten du, baina bada narratzaile orojakile bat eta hirugarren pertsonan mintzatzen den beste pertsona bat. Horrez gain, Angelek egoitzako psikologoarekin dituen elkarrizketak irakur daitezke. «Elementu desberdinak erabiliz kontatu nahi nuen istorioa, puzzlea irakurleak egin dezan».

Jolas horrekin batera, hainbat elementu ere nabarmendu beharrekoak dira. Lehena, ileordea. Azalean ere agertzen dena. Angelek Angela bihurtzeko erabiltzen duen ileordea da, esku batek eutsita. Askatzeko eta erreprimitzeko gaitasuna duen elementua da eleberrian ilea bera. Ilea moztea izan zen askapenerako modua Angelentzat; ileordea janzteak, ordea, bestelako esanahi bat du. Ez zen lehen aukera izan, baina azkenean ‘Moebiusen ertzak’ izan da hautatutako izenburua. Paperezko zerrenda bat hartu eta bira erdia eginez bihurrituta bi ertzak batzen badituzu, Moebiusen banda bat lortzen duzu. Begietara kontrakoa iruditu arren, alde eta ertz bakarra du Moebiusen bandak. Hizkera matematikoan, gainazal ez-orientagarri bat da. «Bi identitaterekin ibiltzen da jolasean Angel». Pertsonaiaren anbibalentzia hori adierazteko sinbolo baliagarria suertatu zaio.

Paisaiarekin ere jolastu da andoaindarra. Tolosaldea eta Bilbo artean kokatuta, Ernio, Adarra eta Artxanda mendien aipamena etengabea da istorioan. Ez da ausazkoa: «Bilbon Arabella auzoa nahita jarri dut. Bilboko goiko aldean dagoen auzoa da eta hiria, behean, zuloan ikusten da. Metaforikoki, merke gera liteke, baina aldarrikatzeko modu bat da goian bizi direla [Angel eta lagunak], normalean pertsona horiek beheko aldean edo mailan kokatzen badira ere».

Erdizkako hitz eta usteak

«Oso ohituak gaude argi ez hitz egin edo isiltasunak errepikatzera». Irakaskuntzak haur eta nerabeen pertzepzioetatik gertu kokatu du Kamio. Haren iritziz transexualitatea «haurren artean normalizatuagoa dago, eta, beti bezala, arazoa helduok dugu. Oso argi dugu: aldekoak gara, bai, baina etxean ez dadila gertatu».
Era berean, distantziatik bizi dugu, idazlearen ustez, zahartzaroa. Krisi demografikoa agerikoa da, gizarte geroz eta zaharragoa da gurea. Baina ispilu horren aurrean jarrita, «dikotomia arraro» bat sumatzen du. «Zahartzaro osasuntsu eta duin bat izan nahi dugu, zaintza kolektiboa, baina nork zaindu behar gaitu? Kanpotarrak ez ditugu nahi, askok ez dituztelako nahi, baina horiek dira gure azken sostengua. Geroz eta gehiago bizi behar dugu eta badago halako beldur bat zahartzaroari. Eztabaida zabaltzen dugu nolabait, baina ez dugu horren atzean dagoenaz hitz egin nahi».