«Autogobernuaren eztabaida publikoa eta parte-hartzailea behar da»
Ezker Anitzako koordinatzaile Arantza Gonzalezek autogobernuaren inguruko eztabaidaren gabeziak salatu ditu NAIZ Irratian egindako elkarrizketan. Estatutu berri baten beharra aldarrikatu du, prozesu publikoa, gardena eta parte-hartzailea exijituz, gizartearen hitza erdigunean jarriko duena.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Ezker Anitzak Euskal Autonomia Erkidegorako estatutu berri bat eta autogobernuaren etapa berri bat aldarrikatu ditu. Arantza Gonzalez Ezker Anitzako koordinatzailearen esanetan, gaur egun «ez dago benetako elkarrizketarik», eta eztabaida politikoa hedabideetako adierazpenetara mugatzen da, prozesu sakon eta parte-hartzailetik urrun.
Gonzalezek azpimarratu du eztabaida hori ezin dela «diskrezioaren aitzakiarekin» egin, eta beharrezkoa dela gizartearen parte-hartzea bermatuko duen prozesu bat martxan jartzea, ondoren Parlamentuan ere lantzeko. Haren ustez, «eztabaida publikoa egin behar da, bestela ez dago adostasunik ezta norabide argirik ere».
Gernikako Estatutuaren eguneratzeari dagokionez, Ezker Anitzak argi du helburua ez dela soilik marko juridikoa aldatzea, baizik eta herritarren eguneroko arazoei erantzutea. Horren harira, Gonzalezek nabarmendu du estatutu berriak «etxebizitza, osasuna eta bizi-baldintzak hobetzeko» tresna izan behar duela.
Nazio-aitorpenaren eta estatu-ereduaren inguruan ere hausnarketa zabalagoa eskatu du koordinatzaileak. Ezker Anitzaren proposamena «estatu federal, errepublikano eta plurinazional» baten aldekoa dela azaldu du, baina azpimarratuz aukera desberdinak mahai gainean jarri behar direla: «Independentzia, federalismoa edo autogobernu gehiago; denak publikoki eztabaidatu behar dira».
Azkenik, herritarren hitza funtsezkotzat jo du Gonzalezek, eta ohartarazi du autogobernuaren etorkizuna ezin dela erabaki «euskal herritarren iritzia kontuan hartu gabe». Horregatik, erreferendumak edo bestelako parte-hartze mekanismoak beharrezkotzat jo ditu, eztabaida politikoa benetan demokratikoa izan dadin.