2025 urtea borobildu duten 11 kantu
Ad libitumeko urteko azken atalera iritsi gara! Eta urte borobil hau ospatzeko, Euskal Herrian eta nazioartean 365 egun hauetan argitaratu diren 11 kantu borobil gogoratuko ditugu.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Urte oparoa izan da hau euskal musikagintzan. Abenduaren hasieran egindako Durangoko azokan jada ongi islatua gelditu zen aberastasun hori; generoak biderkatzen ari dira pandemia-osteko urteetan eta edozein musika euskaraz ere egin daitekeela frogatzen duten hainbat proiektu berri atera dira. Horietako batzuek, baita gurekin urteak daramatzaten beste batzuek ere, lan berriak atera dituzte aurten; eta den-denak aipatu ezin ditugunez, 11 kantu hautatu ditugu urtea borobiltzeko.
Sua mungiarrekin hasiko gara, euren hirugarren albumean sartu duten Rollercoaster abestiaren eztandarekin. Silitiaren M.O.T.Z. proposamen bereziarekin jarraituko dugu; baita Olaia Inziarteren urte oparo hau laburbiltzen duen Zura EP-arekin ere. Nazioarteari ere, labur bada ere, begiratuko diogu, bi artista britainiarren proposamenekin: Raye eta Olivia Dean, su baxuan igotzen diren musika ibilbideei fokua jarriz. Beteranoek ere musika berri eta freskoa aterta dezaketela frogatuko dugu ostera, Gailu, Iker Lauroba eta Izaki Gardenak proiektuen lan berriak entzunez.
Nhil eta Odeiren proposamenak entzun ostean, atala, eta urtea, aurkezlearen esperientzia pertsonala gogoratuz amaituko dugu: Fermin Muguruzak egindako nazioarteko birari eskertza eginez.