Gabonen dirdira, Alemaniatik Lapurdira
Abenduko aurreneko egunekin batera argien distirek hiri eta herri askotako kaleak apaintzen dituzte. Urteko garairik magikoena da. Horregatik, Gabonekiko grinari jarraituz tradizioak toki berezia hartzen duen herrialdera bidaiatuko dugu: Alemania.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Alemania Gabonak ilusioz beterik bizi dituen Europako herrialdeetako bat da. Are gehiago esan daiteke, Alemanian nekez uler daitezke Gabonak Weihnachtsmarkt, Gabonetako merkatu tipikoa, gozatu gabe. Argien dirdira, jengibre usaina eta ardo beroaren konbinazioa neguaren tristura nahiz hotzari aurre egiteko formula magikoa dira.
Hegoaldetik iparraldera, Alemaniako Gabonetako merkatu liluragarrienak bisitatuz ibilbidea egingo dugu euren berezitasunak ezagutzeko. Bidaia horren bueltan, Euskal Herrira itzuliko gara Lapurdiko Eguberri ospakizunen agendak jorratzeko.
Oihan beltzeko Gabonetako merkatuen xarma
Gegenbach Oihan Beltzeko herri txiki bat da, non Gabonek oso protagonismo berezia hartzen duten. Bertako hirigune historikoa zurezko etxe eta txoko xarmangarriz osatutako multzo ederra da. Harrizko kaleetan barrena emandako urrats bakoitzak argazkiak ateratzera gonbidatzen du.
Baina herri honetan bereziena ez da merkatua, ezta argiztapena ere. Gengenbach munduko abenduko egutegirik handiena izateagatik da ezaguna. Kontua da, abenduko egutegiak gero eta ohikoagoak direla gurean ere. Nondik ote dator egutegi bitxi horren jatorria?
Gabonak hurbildu ahala, Baden-Baden, Oihan Beltzeko hiri termal ezaguna, giro berezian murgiltzen da. Christkindlsmarkt merkatu tradizionala ospakizunen sinboloa da eta bere inguruan giro bikaina sortzen da.
Kurhauseko lorategietan kokatzen dira etxolak eta, antzinako kasinoan, XIX. Mendeko eraikin historikoan, jaiotza edo belen erakusketa. Jaiotzek eskuz egindako ale nimiñoz osatutako unibertsoa irudikatzen dute. Ingeniaritzaren benetako artelanak dira, baina... Nori bururatu ote zitzaion aurreneko jaiotza paratzea?
Oihan Beltzeko atea ezizenez ezaguna den Friburgo hiriak Markplatz merkatu historikoaren inguruan ospatzen ditu Eguberriak. Gabonetako merkatu honetan protagonismo berezia hartzen dute produktu tipikoek: fruitu lehor, barazki eta txerrikiek; azken horien artean, Friburgoko Lange Rote saltxitxa gorri luzea.
Hannovers Münden: Alemaniako arkitekturaren altxorra eguberrietan
Oihan Beltzeko Gabonetako merkatuak atzean utzita, Alemaniako egurrezko arkitekturaren bidean barrena sartzen gara Hann Münden hirian geldiune bat egiteko. Iluntzean, kale eta plazak argiztatuta, leku magikoa bilakatzen da eta eszenatoki ezin hobea da Gabonetako merkatuaz gozatzeko.
Etxolen artean paseatuz, eskualdeko artisautza deskubritu daiteke, izotz-pistan irristatu edota lagunartean solastu ardo beroa edaten den bitartean. Bereziena, ordea, Lichterzauber argi ikuskizuna da. Led argiz osatutako irudi erraldoiak aho bete hortz uzteko modukoak dira.
Heidelberg: Alemaniako hiri erromatikoa Gabonez jantzita
Ia hiru orduz gidatu beharko dugu Heidelberg, Alemaniako hiri Erromantikoa, Gabonez jantzita ikusteko. Hiriaren edertasuna Alemanian aski ezaguna da hiribildu barrokoa eta horri gailentzen zaion gazteluarengatik. Hiri handia izanik, alde zaharreko bost plaza historikotan banatuta Gabonetako ikuskizun ugari eskaintzen ditu. Gainera, gune horietan barreiaturik, 140 etxola inguru jartzen dituzte eskualdeko gastronomia eta artisautzaren erakusleiho. Heidelberg bisitatu beharreko hiria da eta urte osoan ederra bada ere, Gabonen distiraz magiko bilakatzen da.
Hameling: Ipuinetako hiria Gabonetan
Hamelin Grimm anaiak inspiratu zituen ipuinagatik ezaguna da: Hamelingo txirularia. Baina Gabonetan ipuinak hirian duen presentzia eklipsatua ikusten da Gabonetako merkatuaren eraginez. Gabonetako merkatua Hamelingo Merkatuaren plazan, hiriaren bihotzean, muntatzen dute. Plazaren bueltan 60 etxola inguru kokatzen dira eta horiekin batera haurrak nahiz helduak liluratzen dituen noria historikoa. Artisau postuetan opariak erosteko, ardo beroa hartzeko eta, jakina, noria historiko ederrean ibiltzeko tentazioan eroriko gara. Hamelingo Gabonetako merkatuak duen berezitasuna, ordea, Gabonetako piramide erraldoia egurrean zizelkatua da: Egurrezko egitura hau Alemaniako tradizioen sinboloa da eta lehenengo aldiz ikusterakoan miresmena eta jakin-mina sortzen du. Nondik ote dator, ordea, egurrezko piramideen ohitura?
Bremen, musikarien hiria, bizia eta abegikorra da. Unibertsitate giroak bazterrak kutsatu ohi ditu eta, urtean zehar, edonon egoten dira kontzertuak eta ikuskizunak. Abenduan, ordea, begi guztiak pausatzen dira hiriko Gabonetako merkatuetan: Hiribildu historikoan, Gizateriaren Ondare izendapena duen Merkatuaren plazan, Gabonetako merkatua paratzen dute. Etxola multzo dotorean Bratwurts, saltxitxa puskak tomate eta kurriz lagunduta, eta espeziaz egindako ardo beroa har daitezke giro ezin hobean. Karrusel historikoa plazaren erdigunean jira-biraka dabilen bitartean, 170 etxoletan salgai dauden artisautza objektuak miresteko aukera izango dugu eta baita behar dugun oparia topatzeko ere.
Weser ibaiaren ertzean Schlatzauber merkatua jartzen dute. 2004az geroztik, Weser pasealekuan neguko giroa eta itsas kutsua dituen azoka gozatzeko parada eskaintzen du. Bremen Alemaniako Gabonetako merkatuen ibilbide honetako azken geltokia da eta bukaera ezin hobea.

Baiona, Donibane Lohizune eta Miarritzeko Gabonetako agendak
Europa osoan gertatzen ari den bezala, Lapurdin ere, Gabonen inguruko ospakizuna luzatzen ari da, hiri nahiz herrietan Gabonetako eskaintza gero eta luzeagoa izanik. Horrela aurten, urtarrilaren 4 arte behintzat magia eta ikuskizunak ziurtatuta daude.
Euskal Herrira itzuliko gara, Lapurdiko Gabonetako agendak jorratzeko: artisautza-merkatu handiak, argiztapena, desfileak, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, noria handi bat, kontzertuak, ikuskizunak eta askoz gehiago zain dugu. Baiona, Donibane Lohizune eta Miarritze hizpide izango ditugu Gabonetako distiraz jantzita.