IRRATIA

Guggenheim Urdaibai bertan behera, orain zer? Bigarren Kafea berezia Gernikatik

Guggenheim Museoko Patronatuak Urdaibairako zuen proiektua bertan behera uztea ebatzi berri du. Nola hartu dute erabakia eskualdean? Erreakzioak jasotzeko ‘Bigarren Kafea’ saio berezia egin du NAIZ Irratiak Gernika-Lumotik.

Stop Guggenheim Urdaibaiko kideak, ospatzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Kontrakotasun sozial handia izan du Guggenheim Urdaibai proiektuak iragarri zenetik eta abenduaren 16 honetan iritsi da Museoaren Patronatuaren erabakia: bertan behera utzi dute asmoa. 

‘Bigarren Kafea’ saio berezia egin dute asteazken honetan Gernika-Lumotik biharamuneko giroa bertatik bertara ezagutzeko. 

Eider Gotxi Stop Guggenheim Urdaibai proiektuko kidea elkarrizketatu dute. Ardura aipatu du berak: «Proiektua bertan behera utzi den egunean ahaldun nagusia Murueta natura eta artea biltzen zituen lekurik egokiena zela esaten entzutea hausnarketa ezaren paradigma da. Murueta Biosfera Erreserbaren lekurik zaurgarriena da, babes gehien behar duena, museo barik. Arduratuta egon beharko lukete Muruetaren egoerarekin, astilleroa zergatik dagoen hor; astilleroaren emakida iraungita dago eta hor jarraitzen du».

Orain proiekturik ez dago, eta plataformaren galdera honakoa da: «Zer gertatuko da astilleroaren etorkizunarekin? Zelan garbituko dira okupatuta dauden lur horiek? Ez dezagun ahaztu lur horiek deskutsatzeko hitzarmen bat sinatuta dagoela Espainiar Gobernuarekin. 13 puntu daude, 40 milioi euro, eta bigarren puntua astilleroaren deskutsatzea izango litzateke. Nork dauka orain honen ardura?».

Herri plataformak hasieratik esan zion Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiari bigarren puntu hori «malbertsazio bat» zela. «Eremu horretan espezieak eta habitatak kontserbatzeko helburu bakarra egon beharko litzateke, eta hori ez da museoaren proiektua bertan behera uzteko arrazoietan aipatzen. Hori oso larria da. 172 zientzialarik esan diete gure padurak eta espezieak ez dutela beste inpaktu bat jasateko gaitasunik. Hori ez dute aipatu ere egin eta aipatu dituzte beraien administrazioetatik datozen eragozpenak. Beraien legeak. Nork hobeto ezagutu beharko lituzke lege horiek beraiek baino? Orain aitzakia dira lege horiek?».

Hala ere, nabarmendu du «oso pozik» daudela proiektua bertan behera gelditu delako eta beraien kontakizuna egingo dutela: «Bi aldiz bete dugu Gernika eta jendeak proiektu honi egin dion oposizioa eredugarria izan da».

Herriaren garaipenaz txintik ere ez

Ramon Gezuraga Stop Guggenheim Urdaibaiko laguna ere izan da NAIZ Irratiko mikrofonoetan. Muruetakoa da bera eta proiektuaren ibilbide osoa jarraitu du. Hasieratik «ulertezina» egin zaio, eta ez du onartzen herritarrek egin duten borrokaz berba bat ere ez esatea ere. «Esan behar den lehenengo berba da hemen Busturialdeak irabazi duela, herriak eta naturak irabazi dutela. Gero, gerokoak».

Gotxik kontatu du filtrazio pila bat eduki zituztela hainbat eremutatik eta proiektua baztertuko zutela espero zutela. «Guk ikusten genuen hiru urteotan eduki duten jokaera ez dela batere garbia izan eta horrek beldurtzen gintuen. Beldu hori eduki dugu prentsaurrekora arte», aitortu du.