IRRATIA

Metroid Prime 4, Skate Story eta Octopath Traveler 0 bideojokoetan jokatuko dugu abenduan

Overcooked euskaratu du Game Erauntsia Elkarteak. Gamer Gela Durangoko Azokara itzuliko da.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Urteko azken bideojokoak iristen hasi zaizkigu jadanik. Abenduko estreinaldien agenda prestatzeko garaia heldu da. Eguberrietako kanpaina bukatzen ari denez, Olentzerori eskatzeko bideojoko interesgarrienak jadanik kaleratu dira, baina egunotan ere bideojoko handiak ikusiko ditugu.

Izan nagusia, zalantzarik gabe, Nintendo-ren eskutik datorkigu. 2017an iragarri zuten Metroid Prime 4: Beyond helduko da, azkenik, Samus Aran espazioko ehiztariaren abentura berriei hasiera emanik. Horrez gain, Elden Ring Nightreign The Forsaken Hollows, Skate Story, Octopath Traveler 0 edo Assassin’s Creed Shadows, Red Dead Redemption eta Microsoft Flight Simulator 2024 tituluen port berriak ikusiko ditugu.

Ohi bezala, urteko azken asteetan euskaratze proiektuak amaitzen dabiltza euskal bideojokozaleen komunitateko kideak. Oraingoan, Game Erauntsia Elkarteak Overcooked dibertigarria lokalizatu du: sukaldaritza borrokak eta taldelana festa jokoarekin uztartzen dituen joko ezaguna, alegia. PCan joka dezakegu gure hizkuntzan.

Overcooked zein 2025ean euskaratu diren beste zenbait bideojoko —Untitled Goose Game, Balatro, Dead Cells, Windswept, eta gehiago— Durangoko Azokan jokatzeko aukera egongo da, bukatzeko. Urtero lez, Gamer Gela ekimena egingo du Game Erauntsiak, Rolariak Elkartearekin batera. Euskarazko bideojokoen erakusleihoa abenduaren 8an abiatuko da Kabi@ txokoan.