IRRATIA

«Interesgarria izango da ikustea euskal nazionalismoak zer kokapen duen beste akademietan»

Urriaren 27tik 28ra Bizkaia Aretoak hartuko duen 'Nazionalismoa Ikertuz' kongresuak emango duenaz hitz egin du Iñaki Zaldua EHUren Parte Hartuz taldeko ikerlariak. Feminismoa eta nazionalismoaren arteko bidegurutzeak edota Groenlandiako subiranismoa jorratuko dituzte, besteak beste. 

Iñaki Zaldua Eusko Ikaskuntza antolatutako solasaldi batean. (Eusko Ikaskuntza. )

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


EHUren Parte Hartuz ikerketa taldeak antolatuta, Nazionalismoa Ikertuz Nazioarteko 5. Kongresua egingo da Bilboko Bizkaia Aretoan, subiranotasun eredu berriei begira bereziki. Subiranotasuna Europako Herrietan Masterreko kideek antolatu dute eta besteak beste, Iratzar Fundazioaren, Manu Robles Arangiz Fundazioaren edota Bilboko Udalaren babesa izan dute. Batez ere, estaturik gabeko nazioek partekatutako hausnarketa eta eztabaida espazioa izango da, eta ondorioz, baita euskal nazionalismoa mundu mailan duen irudia neurtzeko aukera ere. «Interesgarria izango da ikustea euskal nazionalismoak zer kokapen duen beste akademietan», azaldu du Iñaki Zalduak Parte Hartuz taldeko ikerlariak. 

Feminismoa alde batetik eta nazionalismoa bestetik, ikerketa eremu aski ezagunak dira Euskal Herrian baina ez horren beste bien arteko harremana. Hain zuzen ere, bidegurutze horiei erreparatuko dietela aurreratu du Zalduak, «gure asmoa da egun feminismoan eta nazionalismoa aditu diren ikerlariak mahai-inguru batean sartu eta eztabaidatik ateratzen diren ondorioak, desadostasunak eta elkarguneak aztertu, entzun eta eztabaidatu». 

Bada bestalde, kongresuan presentzia berezia izango duen estaturik gabeko nazio bat, Groenlandia albiste izan baita azken hilabeteetan. «Lur arraroak direla-eta AEBn jopuntuan egon da eta subiranotasunaren inguruko eztabaida piztu da bertan», dio Zalduak. Maria Ackrén ikerlariak azalduko du lehen eskutik populazio txikia duen, baina lehengaietan aberatsa den Groenlandiako egoera.

Eta eztabaidagai gehiago izango dira Nazionalismoa Ikertuz kongresuan, digitalizazioaren ondorioak subiranotasun prozesuetan adibidez, edota munduan abian diren sezesio mugimenduak.