Franco hil zenetik 50 urteren ondoren: itzal luzeak, oroimen biziak
Francoren heriotzaren 50. urteurrena albiste den honetan, Euskal Herriak oraindik ondorioak bizirik dituela nabarmendu dute historialari, senide eta errepresioaren biktimek NAIZ Irratiak prestatu duen saio berezian.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Francisco Franco hil zenetik 50 urte igaro diren honetan, diktadurak utzitako zauriak ez dira itxi; are gehiago, azken hamarkadetan are argiago agertu dira isilarazitako istorioak, desagertuak, erbesteratuak eta hobi anonimoetan lurperatutakoak. Historialariak, senideak eta erregimenaren azken urteak bizi izan zituzten herritarrak aritu dira azken orduotan iraganaren hariak askatzen, frogatuz frankismoaren memoria ez dela kapitulu historiko bat soilik: gaur egungo herriaren parte da oraindik.
Ezkaba: ihesaldia, fusilatuak eta “botilen hilerria”ren misterioa
Iñaki Alforja zinemagileak gogorarazi duenez, Ezkabako San Kristobal gotorlekuko historia ez dago guztiz idatzita. «131 lagun lurperatu zituzten botilen hilerrian. Ez dakigu zigortzeko modu bat ote zen, ala bestelako arrazoiak zeuden hor atzean».
1938ko maiatzeko ihesaldia Europan egin den handienetakoa izan zen:
795 preso abiatu ziren mendian gora; 206 tiroz hil zituzten; beste 14, epaiketarik gabe fusilatu; eta soilik hiru iritsi ziren bizirik Ipar Euskal Herrira.
Iñaki Egaña historialariak gogorarazi du Ezkabako iheslarien arrastoa ez dela erraza: «Hemen aurkitu ziren lehen hobiak modernitatean, baina asko falta dira oraindik».
Fosak, haren arabera, askotan banaka edo hirunaka agertzen dira lurralde osoan sakabanatuta: Zaldibia, Arrasate, Oiartzun, Bardeak… Zendeako hobiak bete zirenean, mendiko aldapetara eraman zituzten gorpuak. 2000ko hamarkadan abiatu ziren exhumazio zientifikoek mapa tragiko bat marraztu zuten, oraindik osatu gabea.
Erbestea: Haurtzaro galduak, deportazioak eta itzulera gabeko bidea
Josu Chueca historialariak —Gurs. El Campo Vasco lanaren egileak— azaldu du nola 1939an 6000 euskal herritar inguru sartu zituzten Gurseko kontzentrazio-esparruan. «Berehala zapuztu ziren Frantzian aterpe duin baten esperantzak», dio Chuecak.
1936 eta 1937 artean milaka pertsona ihesean abiatu ziren eta, gerra amaituta, 152.000 inguru erregistratu ziren erbesteratu gisa Eusko Jaurlaritzaren artxiboetan. Horietatik 16.000 eta 18.000 artean hil ziren kanpoan, sekula etxera itzuli gabe.
Ekhiñe Atorrasagastiren testigantzak ere kolpe latza ekarri du gogora: haren familiarteko Lucas Ugarte Plaza, Erorien Haranera eraman zuten baimenik gabe. «Operazio makabro batean, milaka gorpu Cuelgamurosera eraman zituzten Franco zaintzeko», salatu du kazetariak.
Dozenaka familiak antzeko egoerak bizi behar izan dituzte; askok beranduegi jakin dute euren senideen gorpuak nora eraman zituzten.
Shole Agirrek kontatu du nola, Orion, Brunete enpresaren eskolan, ‘Cara al sol’ buruz ikastera behartu zituzten ‘Seccion Femeninako’ maistren zaintzapean: «Egun osoa patioan eduki gintuzten kanta ikasi arte; baina zaharrenek esan ziguten ez genuela kantatu behar, eta haiei kasu egin genien».
Pasarte argi horretan azaldu du nola erregimenak hezkuntza erabili zuen kontrol ideologikorako, eta nola beldurra eta zentsura eguneroko bizitzaren parte ziren familien artean.
Iñaki Egaña historialariak aitortu du gazte askok saihestu egiten zutela soldadutza, mediku-txosten faltsuez baliatuta. Berak ere etxean pairatu zuen errepresioa: fusilatuak, deportatuak eta kartzelatuak. Bide batez, gogorarazi du nola 50 urte hauetan ezinbestekoa izan den biktimen historiak lehen lerrora ekartzea.
Etxahun Galparsoro historialariak gogora ekarri du 253 euskal herritar deportatu zituztela nazien kontzentrazio-esparruetara. Frantziako erresistentzian aritutako askok Gestaporen eskuetan bukatu zuten. «Frankismoak bazekien nora zihoazen eta ez zuen ezer egin. Hori da omisio bidezko erantzukizuna», azaldu du.
Are gehiago: polizia frankistak atxiloketak errazten zituen informazioa emanez.
Erregimenaren oihartzuna 1978tik gaurdaino
Pilar Garaialde, Egiari Zor fundazioko kideak argi adierazi du: «Frankismoa ez da hil; 78ko erregimena haren jarraipena da».
Santi Brouard (1984) eta Josu Muguruzaren (1989) hilketak gogora ekarri ditu, estatu-egiturek diktaduratik harago ere jarraitu zutela azpimarratuz. «Estatuak bortxa erabili du; ez bakarrik frankismoan, baita demokrazian ere», salatu du.
Amnistia Legea, bere esanetan, «inpunitatearen horma» bihurtu zen, eta gaur egun ere epaitegietan atzeratzen dira frankismoko krimenen aurkako auziak.
Azaroaren 20ko galdera: nori begiratu orain?
Iñaki Egañak amaiera gisa utzitako irudiak jartzen du fokua benetako protagonistetan: «Anonimotasunean egon diren emakume eta gizon guztiak. Haien bizitza eten egin zen: miseria, zentsura, beldurra. Gizarte oso bat txuri-beltzean».
Egia, justizia eta erreparazioa oraindik osatu gabeko ibilbidea direla gogorarazi du; eta memoria eraikitzea ez dela iraganari begiratzea soilik, baizik eta etorkizunari zentzua ematea.