IRRATIA
Entrevue
Peio Etxeberria
Aspeko pilotaria

«Oraingoan saiatzen ari naiz hemendik finalerako momentu guztiak disfrutatzen eta baloratzen»

Gutxik esan dezakete Peio Etxeberriak (Zenotz, 1998) lortu duena: hiru final jarraian Lau eta Erdikoan eta bost urtez finalerdietan. Aurreko biak galduta –«lehenengoan dena handia etorri zitzaidan», aitortu du–, hirugarrenean asmatu nahi du. Faborito etiketak ez duela ezertarako balio dio berak.

Peio Etxeberria, Bizkaia pilotalekuan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Hirugarrenez jarraian Lau eta Erdiko finalean. Esaerak dio «hirugarrenean asmatu». Hala izango al da?

Hori da dioena, baina ni naiz oso kontziente partida oso zaila dudala aurretik eta saiatuko naizela, beti bezala, dena ematen. Hori egiten badut, ahalko naiz hor egon.

Hiru final jarraian kaiolan eta bost urtez jarraian finalerdietan. Hori gutxik esan dezakete. Behin eta berriz erakusten ari zara distantzia laburra zurea dela.

Niretzat albisterik hoberena hor egotea da urte bat gehiago. Ilusio eta gogo handiekin nago eta ea zer moduz joaten den.

Hirugarren finala, hiru aurkari ezberdin. Beraz, honek balio gehiago ematen dio lortu duzunari, garbi geratzen delako ez dela erraza urtero hor goian egotea.

Argi dago oso zaila dela. Edozein egon daiteke hor eta ni, hiru aldiz egonda, oso pozik.

Finalerako txartela lortu zenuen Jokin Altunari 9an utzita. Duela bi urteko final hartatik arantza bat al zenuen? Orduan 9an geratu zinen eta orain bueltan ekarri diozu.

Hau borobila da. Azkenean, egun hartan nik ez nuen nire eguna izan, handia etorri zitzaidan final hori. Lehengo egunean, behintzat, Jokinek agian ez zuen bere egunik onena izan, baina nik nirea eman nuen, eta alde horretatik oso pozik.

Aurtengo txapelketan, atzetik aurrera egin duzu. Porrotarekin hasi zinen, baina bilakaera ederra izan duzu.

Bai. Zaila izan zen hasiera niretzat. Gero buelta eman diot. Lau partida nituen finalera iristeko eta orain 22 tanto geratzen dira.

Jakaren aurkako porrota kenduta, gehienez Ezkurdiak 10 tanto egin zizkizun, baina bestela hortik behera. Opari gutxi egiten ari zarenaren seinale.

Bai. Zentratuta egoten ari naiz, gauzak ateratzen ari zaizkit, baina hau egun batetik bestera alda daiteke eta horretaz kontziente naiz, alda daitekeela, eta dena eman beharko dudala.

Zabalak 6an utzi zuen Ezkurdia. Momentu onean iritsiko zarete biak.

Bai, hala da. Biok irabazita, gainera bi pilotari handiri. Uste dut momentu onean iristen garela, baina gero finala, finala da. Azkenean, bere tentsioa dauka, bere xarma; horregatik da finala eta egun horretan maila eman behar da.

Aipatu duzu, bi pilotari handi geratu direla bidean. Tendentzia aldaketa bat ekartzen al du honek edo gauza puntuala da?

Ez, ez dut uste. Azkenean, bata bestearengandik ez gara oso desberdinak. Aurten hala tokatu da eta seguru beste momentu batean haiek egongo direla.

Zabalak oso partida fisikoak izan ditu. Nola ikusten duzu errioxarra?

Momentu oso onean dago. Azkeneko hilabeteetan demostratzen ari da momentu onean dagoela, konfiantzaz gainezka. Hori argi daukat eta orain geratzen dena da nigan konfiantza izatea eta nire jokoa ateratzea.

«Esperientzia hori beti puntu bat izaten da, behintzat badakizulako zer den, baina bakoitza ezberdina gara»

Zabalak bere lehen finala izango du txapelketa ofizial batean. Uste duzu esperientzia faltak negatiboki eragin diezaiokeela edo galtzekorik gabe sentituko dela?

Ea benetan horrela den! [barrez] Esperientzia hori beti puntu bat izaten da, behintzat badakizulako zer den, baina bakoitza ezberdina da. Nik, behintzat, badakit zer den eta saiatuko naiz dena ematen.

Aurreko bi edizioetan, akaso, esan zitekeen Laso edo Jokin faboritoxeago zirela, baina oraingo honetan, esperientziarekin bakarrik eta zure datuek hala erakusten dutelako, uste dut faborito izatea egokitzen zaizula.

Azkenean, egun horretan eta ordu horretan jokatu behar da. Ez du balio ezertarako. Ikusi ditugu faborito asko galtzen; bi finalerdietan ikusi da bi faboritoek galdu zutela. Jendeak esaten duena hor egongo da, baina nik badakit errealitatea, badakit nolako aurkaria dudan [azaroaren] 16an. Partida oso zaila daukat aurretik.

Zabalak jakin badakigu zer erritmo jartzen duen, batez ere partida hasieretan, baina esango nuke, azken aldian azken txanpa nahiko beteta amaitzen duela. Partida luzea komeni al zaizu, jakinda fisikoki pilotaririk indartsuenetarikoa zarela?

Ez dakit. Esango nuke Javi fisikoki ere indartsu dagoela. Ni saiatuko naiz nire erritmoa jartzen, berari bere erritmoa kentzen, eta atera beharrekoa atera dadila.

Askotan hitz egiten da partidaren hasierak duen garrantziaz. Oraingo honetan, esango nuke bereziki, Zabalak jartzen duen erritmoagatik, kontzentratuta ezinbestekoa izango dela zuretzat.

Bai. Beti izaten da garrantzitsua kontzentratuta egotea, eta final batean gehiago. Tanto guztiak oso garrantzitsuak dira. Lehenbiziko tantotik azkeneraino oso garrantzitsua izango da.

Hirugarren finala. Ez nuke esango lehenengoa gozatu zenuenik; bigarrenean ere zalantzak ditut. Hirugarren honetarako, txapela irabazteaz gain, ba al duzu gozatzeko aukera hori izateko helburua?

Lehenbizikoan dena handi etorri zitzaidan, gero bigarrenean behintzat kontziente nintzen, baina Unaik irabazi zidan. Honetan saiatzen ari naiz momentu guztiak hemendik finalera disfrutatzen eta baloratzen. Oso garrantzitsua da urte bat gehiago hor egotea eta horri ere garrantzia ematen.

«Lehenbiziko finalean dena handia etorri zitzaidan, gero bigarrenean behintzat kontziente nintzen, baina Unaik [Lasok] irabazi zidan. Oso garrantzitsua da urte bat gehiago hor egotea eta horri ere garrantzia ematen»

Gaitasun gehiagorekin ikusten al zara kudeatzeko?

Bai. Hor ikusten naizela da garrantzitsuena. Nigan konfiantza izanda, badakit jokoa dudala hor egoteko. Horri eutsiko diot.

Presiorik eragiten dizu hirugarren aukera honek? Bai ala bai ateratzeko behar hori nabaritzen duzu?

Ez. Esaten ari naizena. Uste dut balore gehiago duela hiru urte segidan hemen egoteak. Niretzat ikaragarria da, ez nuke inoiz pentsatuko. Txapela batek bakarrik lortu dezake, baina beste urte bat hemen egoteak ere balioa duela uste dut.

Binakako Txapelketan ikusten zara?

Ez dakit. Nik nire eskuetan dagoena saiatuko naiz egiten hor egoteko eta enpresako erabakiak beraienak dira.