Artisauak, artilea ehungintza justu baten parte izan dadin lanean
Artilea lehengai preziatua izatetik kudeatu beharreko hondakin izatera igaro da. Ez da, ordea, iraganeko materiala. Egun badira artilea lantzen duten artisauak eta hamaika erabilerarako proposamen gisa aurkezten da. Areta Lorea eta Rakel Santamaria artisauekin bildu gara.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Areta Lorea Bilobila ekimeneko kidea da. Duela bi urte eta erdi hasi zen angora ahuntz artilearekin lanean, Aezkoa ibarrean. Rakel Santamaria, berriz, Artilea Mundura proiektuko kidea da. Latxa eta beste ardi arraza batzuen artilea nahastuz egiten du lan Gamiz-Fikan duela zortzi urtetik. Artilea zaborretara botatzen zutela jakin zuenean horrekin zerbait egin behar zela erabaki zuen.
Duela hamarkada batzuk balioa zuen lehengaia zen artilea; gerora, soberakina eta, orain, hondakina. Artzainentzat, sarri, zaila da behar bezala kudeatzea bera ere. Bilakaera hori bestelako teknologien garapenarekin lotzen du Santamariak: «Badirudi, duela 50 urte edo, berogailuak sartu zirenean, artilearen erabilera jaitsi egin zela. Gainera, latxa artilea koltxoiak egiteko erabiltzen zen eta petrolioz egindako koltxoiak merkeagoak izateaz gain, lan gutxiago eskatzen zuten».
Kontsumo eredua, jomugan
Artilearen erabilera gutxitu bai, baina ehun ekoizpena handitu egin da, Loreak gogorarazi duenez: «Ehungintzaren industria kutsakorrenetakoa da, ur anitz kutsatzen du, mikroplastikoak sortzen dira; batez ere, poliester eta zuntz sintetiko horien lanketan eta erabileran, eta argi dago kontsumoa handitzen eta handitzen goazela hainbesteko beharrik ez denean».
Mugak non jarri? Bilobila ekimeneko kideak uste du eskua sartu behar litzatekeela, baina oso zail ikusten du kontua. «Badira ekimen ugari beste norabide batean doazenak, tokiko ehungintza bultzatuz eta material noble edo ez hain kutsakorrekin ari direnak. Baina oso kontu zabal eta konplexua da», esan du. Bide beretik mintzo da Artilea Mundura proiektuko laguna: «Artilezko lanak suntsitu egin dira, ez dira estimatzen. Material naturala da eta askoz gutxiago kutsatzen du. Petroliozko gauzak txarrak dira osasunerako, mikroplastiko pila sortzen dituzte eta airea, lurra eta dena kutsatzen dute».
Kontsumo eredua jarri dute jomugan. Lorea: «Azkenean sartu gara gurpil batean, non ohituta gauden arropagatik gutxi ordaintzera eta urtean arropa asko erabiltzera, gutxiago izan eta prezio justu bat ordaindu beharrean, kate horretan lanean ari diren guztiek bizi kalitate on bat izan dezaten».
Egungo oztopo edo eragozpenak ere izan dituzte aipagai: besteak beste, globalizazioa, deslokalizazioa eta alternatiba ekonomikoki merkeagoak. Haien esanetan, «hor dago petrolioaren jokoa ere. Azkenean, harrigarria dirudien arren, merkeago ateratzen da produktu bat Thailandian sortu eta 10.000 kilometro garraiatzea hemen ekoitzitako kamiseta bat baino. Hori da gure kontraesan handi bat eta hori aldatzea oso zaila da, nahiz eta horretan ari garen batzuk».
Ez du, bada, Lorea eta Santamariaren ustez, errealitate ederra bizi artileak. Etorkizunarekin, ordea, baikorrak izateko modua badagoelakoan daude, erabilera ugari dituen materiala baita.
Baikortasunerako hariak
Loreak hala azpimarratu du: «Ezagutzen ditut beste ekimen batzuk nirearen estilokoak eta nik uste dut badagoela jende bat interesatua dagoena eta horretaz kezkatzen dena. Gero, poltsiko bakoitzaren ahalmena dago, eta kulturalki non mugitzen garen; ez da bakarrik norberaren nahia, baizik eta inguruak egiten duena. Badago jende gaztea ekimen politetan diharduena eta beste balore batzuk dituena. Ez dakit dena aldatuko den, baina agian gauza batzuk aldatuko dira».
Ehungintza munduko hirugarren industria kutsakorrena izanik eta ezkutatzen duen lan esplotazioa medio, industria txikiagoaren eta lokalagoaren berreskurapena bide bat izan daiteke. Momentuz, hemen ezagutu ditugun bi ekimenez gain, hamaika proiektu daude artilea iraganeko bezain etorkizuneko material izan daitekeela sinesten eta demostratzen dutenak.