IRRATIA

«Ernai ekonomikoki ito eta isiltzea helburu zuen operazioa gelditzea lortu dugu»

Barbado eta Zelaiaren espetxeratzea salatzeagatik Ernai-k jasotako isunak irauli ditu justiziak. Protestak legez kanpokoak izan arren, zilegi zirela ohartarazi dute, adierazpen askatasuna modu aktiboan gauzatzeko ariketa izan zirelako. Gurean Ernaiko eledun Amaiur Egurrola eta Maddi Bilbao abokatua.

Ernairen agerraldia bere aurkako prozesu judizialaren epaien berri eman eta baloratzeko. Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramailea eta Maddi Bilbao, Hiru Abokatuak bulegoko abokatua (Marisol Ramirez | Foku)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Mozal legea baliatuz, Ertzaintzak 290.500 euroko balioa zuten 133 isun jarri zizkien Ernai gazte antolakundeko militanteei Bilboko espainiar Gobernu Ordezkaritzan zein Gasteizko Olagibelgo Ertzaintzaren egoitzara kateatzeagatik. Gazte antolakundeak isunak ordaindu eta epaitegietara jotzea erabaki zuen. Orain, urte eta erdi beranduago, epaileek ebatzi dute mobilizazioak legez kanpokoak zirela, ez zirelako aurretiaz jakinarazi. Hori bai, epaileek hauen zilegitasuna azpimarratu dute. Eserialdia, kateatzeak eta pankartak «komunikazio sozial» ekintza zirela. Ondorioz, ez zela Mozal Legearen 36.3 artikulua urratu.

Ernaik balorazio «oso positiboa» egin du. Amaiur Egurrola bozeramaileak adierazi duenez, «argi geratu da Ernairen aurkako operazio bat» izan dela, «antolakundea ekonomikoki ito eta gazteria independentista isilarazteko helburua izan duena». «Aurrekari polita» utzi duela dio, epaiak agerian utzi duelako Eusko Jaurlaritzak eta Segurtasun Sailak izandako jarrera «erabat desproportzionala eta antidemokratikoa». Prozedura judiziala abirazteko orduan hori izan da hasieratik Ernaik izan duen helburuetako bat, beste herritar eta mugimendu sozialekiko horrelako jardunbideak sistematizatzea eragoztearekin batera.

Ez legezkoak, baina bai zilegiak

Epai bietan jasotzen den esaldia da protestak ez zirela legezkoak izan, baina bai zilegiak. Hala ere, ezberdintasun ugari daude Gasteziko eta Bilboko kasuetan Maddi Bilbao abokatuak azaldu duenez. «Gasteizko kasuan isun guztiak indargabeti ditu epaileak, beraz, guztiak dira legez kontrakoak. Bilboko kasuan, aldiz, ondo tipifikatutako egongo liratezke epaiak jasotzen duelako desordena publikoak egon zirela, zilegiak direla egon ziren protestak, baina ez legezkoak. Beraz, isuna jaisten du esanez neurriz kanpokoak direla ezarri ziren zenbatekoak».

Zergatik? Ertzaintzak jasotzen duen guztia ez zela gertatu frogatu ahal izan delako eta, gainera, legeak eskatzen dituen betekizunak ez dituztelako errespetatu isun hauek jartzerakoan. Bereziki interesgarriak iruditzen zaizkio Bilbaori bi sententzia hauek «asko garatzen» dutelako zenbait kontu. «Adierazpen askatasunerako eta manifestaziorako oinarrizko eskubideen garapen eta babes bat egon behar dela», batetik. Eta bestetik, «neurria jartzen dio administrazioak zigortzeko duen ahalmenari». «Oso adibide ona da guretzako juridikoki sententzia eta epaiketa hauetan landu dena. Kontuan izanik, epaitegietara jo behar izan dugulako epaile batek esan behar izateko protesta eta komunikazio soziala helburutzat zituen ekintzak zirela eta horrek bereziki babestuta daudela Espainiar Konstituzioaren arabera. Horregatik zilegiak direla».

Bertsioak

Ertzaintzak emandako bertsioa gezurtatu ahal izan da epaiketan, hau da, administrazioak deskribatu duen «ordena sozialeko ezohiko egoera» ez zela protestek bere horretan sortutakoa izan. «Ertzaintzari» zaio egozgarri, Maddi Bilbaoren hitzetan, errepide mozketa, «Gasteizko protesta ez zen errepidean egin. Errepidea moztu zen Ertzaintzak horrela erabaki zuelako. Bilbon, hasiera batean errepidean egin zen protesta, baina lekura heldutakoan poliziek beraiek erabaki zuten bidea moztuta jarraitzea, banakako identifikazioak ererpidean bertan eginez ordu luzez, esaterako». Ohartarazi du, epaiketan planteatu dutena dela zein puntura arte den egozgarri herritar bateri egiten duen edozein egitate eta zein puntura arte egotzi ahal zaion administrasioak, kasu honetan Ertzaintzak, hartzen duen erabakia.

Kriminalizazioa

Balorazioa egiteko antolatu zuten prentsaurrekoan argi eta garbi zuzendu zitzaion Amaiur Egurrola Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari: «euskal faxistak aurkitu nahi badituzu, bilatu Arkautin». Ernairen aurkako operazioan eta Gasteizko gertakarietan hainbat alderdi politikok zein hedabidek «makinaria guztia martxan jarriz montatu duten zirkuak» agerian usten du, Egurrolaren iritziz, gazteria independentista «kriminalizatzeko» saiakera bat dagoela. Argi eta garbi ikusten du Ernaik fokua non jarri behar den, zein den arazoa: faxismoa. «Falangea bezalako talde faxista bati alfonbra gorria jarri zitzaion Gasteizko kaleetan. Ezin dugu baimendu gure kaleetan horrelako adierazpenak arazorik gabe egitea. Ezin zaio faxismoari horrelako aurpegi garbiketarik egin». Galdera zuzena bota du: «arazoa desbideratu nahian dabiltza batzuk, beraiei galdetu beharko litzaieke zein helburu duten horren atzean».