IRRATIA

Lazkoz finalean, Bizkaikoan lehen itzuliko azken saioa eta Xilaba hastear

Bertso txapelketen udazkena oparo doa. Nafarroak badu lehen finalista: Eneko Lazkoz. Bizkaian lehen itzuliko azken saioa izango da asteburuan eta larunbatean abiatuko dute Xilaba. Azken asteburuko bertsoekin osatu dugu aste honetako ‘Bertsoa NAIZ’. 

Eneko Lazkoz eta Saioa Alkaiza, Agoizko saioko une batean (Iñigo Uriz | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Bertso kidea gogoan ospatu zuen Eneko Lazkozek finalerako sailkapena. Nafarroako txapelketa doa aurreratuen udazkeneko herrialdetakoetan eta lehen finalaurrekoan finalerako sailkatu bat eta, gutxienez, bi finalistagai ageri dira; puntuazioz finalari ate joka geratu baiziren Saioa Alkaiza eta Ekhiñe Zapiain. 508 punturekin lortu du finalerako txartela Lazkozek, 496 eta 494 puntu izan zituzten Alkaizak eta Zapiainek, hurrenez hurren. 

Ohiko legez, umoretik eta seriotik, denetik izan zuen Nafarroako lehen finalaurrekoak. Aste honetako ‘Bertsoa NAIZ’ saioaren zati handi bat osatu dugu Agoizko bertsoekin. Hurrengo bi asteetan ebatziko da aurten Nafarroa Arenan izango den Nafarroako finaleko (azaroak 29) zortzikotea. Leitzan da asteburu honetako hitzordua (17.30, Herri aretoa) eta bertsotan Jabi Lezaun, Julio Soto, Kattin Madariaga, Mikel Lasarte, Patxi Castillo eta Sarai Robles ariko dira. Azaroaren 16an Tafallan ebatziko da finalaurrekoen emaitza; bertan izango dira kantuan Amaia Elizagoien, Ekain Alegre, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Xabat Illarregi eta Xabi Maia. 

Bizkaian bi itzulitara ari dira lehiatzen finalaurrekoak eta asteburuan izango da azken saioa Barakaldon. Pasa den asteburuan Abadiñon izandako saioan puntu gehien izan zituen Aitor Etxebarriazarraga (651,5) ageri da oraingoz sailkapenaren buruan. Aitor Bizkarra dago bigarren (649,5) eta Jone Uria hirugarren (649). 12 bertsolari pasako dira bigarren itzulira eta igande honetan (17.00 Barakaldoko Lasesarre kiroldegia) ebatziko da taldea. Azken saio honetan kantuan Ibai Amillategi, Irune Basagoiti, Lurdes Ondaro eta Mikel Goiriena ariko dira kantuan, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia azken edizioko finalistekin batera. 

Xilabaren abiatzea 

Bertso txapelketen udazkena zela esanez abiatu genuen saioa eta asteburu honetan abiatuko da falta zena, Xilaba. Bidarten da hitzordua (larunbata, 17.00tan) eta honako bertsolariak ariko dira kantuan: Maddi Ane Txoperena, Oier Urreizti, Aitor Servier, Elixabet Etxandi, Nahia Sasco eta Karlos Aizpurua.