«Badirudi aukera bat dagoela gaur egungo autogobernutik gora egiteko»
1933ko galdeketaren testuingurua gogoan, burujabetasunarekiko apustua berretsi du Gure Eskuk. Gurean ere zabaltzen ari den «olatu erreakzionarioa» kontuan hartuta, Ander Usabiagak aldarrikatu du «burujabetzak izan behar duela herritarren eskubideak bermatzeko eta zabaltzeko tresna».
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Asteazkenean (hilak 5) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Autonomia Estatutuaren 92. galdeketaren urteurrena oroitu zuen Getxon egindako agerraldi publiko batean Gure Eskuk, orduko eta gaur egungo testuinguru politiko eta sozialak antzekotasun nabarmenak dituztela sinetsita. Naiz Irratian izan den Ander Usabiaga Gure Eskuko ordezkariaren arabera, «badirudi aukera bat dagoela gaur egungo autogobernutik gora egiteko eta euskal lurraldeen arteko kohesioan salto bat egiteko». Usabiagak dionez, «aukera badago, borondate politikoaren kontua da. Beraz, aprobetxatu dezagun». Bien bitartean eta abagune historikoaz jakitun, Gure Eskun «herritarrak norabide horretan mobilizatzea» izango dutela helburu aurreratu du Usabiagak.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako estatutuarena da batez ere hedabideen lehen lerroetan jasotzen dena, baina ezin ahaztu Nafarroako Parlamentura ere heldu dela Foru Hobekuntza berritzearen inguruko eztabaida, eta Ipar Euskal Herrira begira, alderdi gehienek uste dute egungo Euskal Hiri Elkargoari eskumen gehiago eman behar zaizkiola, EH Baik sustatutako Batera plataformak aldarrikatu bezala. EAEko estatutua berritzeko negoziazioak «diskrezioarekin» ari dira garatzen alderdiak eta Usabiagak azaldu duenez lehen fase batean «gure ustez ulertzekoa da», argi utziz, ordea, uneren batean eztabaidak esparru publikora egin beharko duela salto. «Herritarrengana jo beharko da eta herritarrei entzun beharko zaie», dio Gure Eskuko ordezkariak.
Baikortasuna ekarri zuen 1933ko galdeketak, baina ezin da ahaztu mehatxu baten aurreko erreakzio kolektiboa izan zela ere bai, ideologia supremazisten aurrean emandako herri erantzuna. Munduan, eta ondorioz, gurean ere hedatzen ari den «olatu erreakzionarioaren» aurrean, hartu beharreko bidea zein den zehaztu du Ander Usabiagak: «aldarrikatu nahi dugu burujabetzak izan behar duela herritarren eskubideak bermatzeko eta zabaltzeko tresna».