IRRATIA

«Neurri berriak hartu behar dira euskararen egoera osasuntsua izan dadin pantailen munduan»

Pantailak Euskaraz ekimenak lau urte daramatza euskararen presentzia eta normalizazioa ikus-entzunezkoetan sustatzen. Duela aste batzuk, Gasteizko Legebiltzarrean agerraldia egin zuten. Alex Aginagalde, Pantailak euskaraz elkarteko bozeramailea izan da NAIZ Irratian egoera azaltzeko.

Alex Aginagalde, Pantailak Euskaraz taldeko bozeramailea, Eusko Legebiltzarreko Kultura batzordean. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Alex Aginagalde, Pantailak Euskaraz elkarteko bozeramaileak, azaldu du azken urteetan aurrerapauso batzuk eman badira ere, euskarazko edukien eskaintza eta ikusgarritasuna oraindik urria dela. Horregatik, baliabide gehiago, araudi sendoagoak eta hizkuntza-eskubideak bermatzeko egiturak eskatu dituzte.

Aginagaldek gogorarazi duenez, «duela lau urte Legebiltzarrera joan ginen lehen aldiz eta hainbat proposamen egin genituen: euskarazko streaming plataforma bat sortzea, plataformei euskarazko kuotak ezartzea eta euskarazko ekoizpenerako baliabideak handitzea». Gaur egun, erakundeek zenbait pauso eman dituzte, baina haren esanetan, «oraindik ere neurri asko hartu behar dira euskararen egoera osasuntsua izan dadin pantailen munduan, horrek eragin zuzena duelako euskararen normalizazioan».

Pantailak Euskaraz elkartearen arabera, euskarazko ikus-entzunezko edukiak oso urriak dira plataformetan: «Lehen gutxiengoa baziren, orain ia ezinezkoa da itsaso zabal horretan euskarazko edukiak aurkitzea». Aginagaldek ohartarazi du horrek «gazteen hizkuntza-ohituretan eta euskararen erabileran eragin zuzena» duela.

Beste herrialde batzuetan oinarrituta, bikoizketa eta azpidatzien inguruko politika aktiboak proposatzen dituzte. Aginagaldek azaldu duenez, «herritarren %80k nahiago du edukiak bikoiztuta ikusi, eta hori kontuan hartu behar da euskarazko eskaintza diseinatzerakoan». Horregatik, beste lurralde batzuetan egiten duten moduan, «urteko 50 film nagusienak euskarara bikoiztea» proposatu dute.

Elkartearen ustez, administrazioek ez dituzte behar bezala betetzen hizkuntza-eskubideak babesteko betebeharrak: «Euskararen Legeak dio bi hizkuntzetan jasotzeko eskubidea dugula, baina gaur egun emanaldien %2 baino gutxiago dira euskaraz zinema komertzialetan». Horren aurrean, erakunde publikoak interpelatuak sentitu direla dio Aginagaldek, «baina oraindik bide luzea dago egiteko».

Aurrerapen zehatz baten adibide gisa, Pantailak Euskaraz elkarteak «Zer, non ikusi» izeneko aplikazioa aurkeztu du, euskarazko edukien katalogoa eskaintzen duena: «Jendeak ez daki zer dagoen euskaraz; aplikazioaren bidez, plataformetan, zinemetan eta Youtuben euskaraz dauden edukiak aurki daitezke modu errazean».

Bestalde, elkarteak azpimarratu du beharrezkoa dela ikus-entzunezkoen eta zinemaren arloko araudi propioak garatzea; izan ere, «EAEk baditu eskumenak, eta horiek baliatu behar dira euskararen presentzia arautzeko eta hizkuntza-eskubideak bermatzeko». Kataluniako eredua aipatu du, non legeak edukiaren zati bat derrigorrez katalanez eskaintzea ezartzen duen.

Aginagaldek sustapen publikoaren garrantzia ere nabarmendu du: «Euskarazko edukiak ez dira behar adina zabaltzen, ez telebistan, ez sare sozialetan, ez plataformetan. Erakunde publikoen bultzada handiagoa behar da». Hori dela eta, Pantailak Euskaraz elkarteak bere kabuz egiten du euskarazko estreinaldien eta eduki berrien berri ematea sareetan.

Hurrengo hilabeteetan, elkarteak tailerrak eta hitzaldiak emango ditu Euskal Herriko hainbat herritan, baita ikastetxeetan ere. «Helburua da gazteen artean kontzientzia sortzea eta euskarazko edukiak ezagutzeko bideak zabaltzea», azaldu du Aginagaldek.