«Gaur egungo irudiak 39ko erbestearen irudiak baino askoz larriagoak dira»
Emigrazio eta Erbestearen 19. Nazioarteko Kongresua amaitu da Donostian, gaur egungo migrazio eta errefuxiatuen egoerei buruzko gogoetarekin. Iosu Chueca, historialaria eta Hamaika Bide elkarteko kidea, NAIZ Irratian izan da egoeraren berri ematen.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Donostiako Karlos Santamaria liburutegian eta Gasteizen egin den Emigrazio eta Erbestearen 19. Nazioarteko Kongresua amaitu da gaur. Hamaika Bide elkarteak antolatuta, kongresuak hainbat ikertzaile eta historialari bildu ditu, haien artean Iosu Chueca, historialaria eta elkarteko kidea. Hiru egunetan zehar, erbestearen esperientzia historikoaz gain, gaur egungo migrazioaren eta errefuxiatuen egoeraren inguruko ikuspegi berriak jorratu dira.
Chuecaren arabera, kongresuak berrikuntza garrantzitsua izan du: «Orain arte erbestearen ikuspegi kulturala izan dugu ardatz, baina aurten gaur egungo errealitatera ere hurbildu gara, migrante eta errefuxiatuen egoeretara». Haren esanetan, ikuspuntu historikoa eta gaurkotasuna uztartzea ezinbestekoa da fenomenoa ulertzeko.
Historialariak azpimarratu du iraganeko bizipenek oraindik ere oihartzuna dutela: «Bistan dago baietz; gaur egun Gazako tragedian ikusten ditugun irudiak dira 39ko erbestearen irudiak, baina askozaz larriagoak». Gogorarazi duenez, «errefuxiatuen egoerak ez dira desagertu, are gehiago, larriagotu egin dira, Europan zein Amerikan bertan».
Kongresuan, gainera, Oscar Alvarez Gila eta Ignacio Mendiola izan dira hizlari nagusien artean. Lehenak Estatu Batuetako zinemaren bidezko hurbilketa historikoa azaldu du, eta bigarrenak gaur egungo migrazioaren dimentsio sozial eta politikoa landu du. Chuecak nabarmendu duenez, «irudien eta zinemaren munduak neurri handi batean islatu du euskal migranteen eta errefuxiatuen mundua».
Beste saio batean, ontzien gaia izan da ardatz: Habana ontzi mitikoaz gain, Messik, Ipanema edo Winnie barkuek ere protagonismoa izan dute. Chuecak azaldu duenez, «barkuak ziren itxaropenaren sinboloak, alde egiteko bide bakarra».
Literaturaren arloan ere izan da gogoetarako tartea. Maite Goñik egungo nobelagintzan erbesteak duen presentziaz jardun du, eta Chuecak gogorarazi du «erbesteratu askok idatzi zutela bere esperientzia, batzuetan kontzentrazio zelaietatik bertatik».
Euskal haurren hezkuntzari bere tokia ere eskaini dio Chuecak. Haren arabera, «ume askok erbestean jarraitu zuten ikasten, eta baldintza txarretan ere hezkuntza eta euskal identitatea mantentzeko ahalegina eredugarria izan zen». Errusian eta Ingalaterran izandako esperientziak azpimarratu ditu, «baldintza gogorretan ere goi mailako hezkuntza jaso baitzuten».
Kongresua amaituta, Hamaika Bide elkarteak balorazio positiboa egin du: ikuspegi historikoa eta gaur egungo errealitatea uztartzeko saiakera «aberatsa eta beharrezkoa» izan dela adierazi dute.