«Horregatik diogu lubaki bat dela. Hortik jardun garelako, eta horrela jarraitu nahi dugulako»
Euskal Herriko Gazte Feministek, Euskal Herriko gazte eta feministentzat elkargune izango den baterajotzea antolatu dute urriaren 31etik azaroaren 2ra Zaldibarren. Honen inguruan gehiago jakiteko, ZEBRABIDEAN izan da, Uxue Alkorta, Euskal Herriko Gazte Feministetako kidea.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Mugimenduan dagoen lurrikara izatetik, utopiak lehertzera. Eta aurtengoan, FEMINISMOA LUBAKI hartuta, Baterajotzera.
‘Mugimenduan gaude, lurrikara gara’ (Elizondo, 2021), ‘Utopiak Lehertzeraino’ (Usurbil, 2023) eta aurtengoan ‘Feminismoa Lubaki’. Uxue Alkortak, Euskal Herriko Gazte Feministen sareko kideak, azaldu duenez, aurtengo lema testuinguruari eskutik helduta dator. «Krisi anizkoitz baten aurrean gaude eta honek modu zuzen batean eragiten digu gazte feministoi»
Uxuek azaldu duenaren arabera, pribatizazioaren eta prekarizazioaren areagotzea gazte feministengan gero eta handiagoa da, baina ez da testuingurua osatzen duen afera bakarra, feminismoaren despolitizazio saiakera eta eskuin muturraren oldarraldiaren diskurtsoa erosten duenik ere badagoelako.
«Guk azpimarratu nahi genuen, feminismoak bere genealogia duela eta lorpen asko egin izan dituela urte hauetan zehar. Eta aldi berean momentu honetan badela guretzat abiapuntu bat eta gotorleku bat bertatik borrokatzen jarraitzeko. Hortik irudikatzen dugu lubaki bat dela. Bai atzera begira hortik jardun garelako beste borroka batzuekin aliantzan, eta aurrera begira horrela jarraitu nahi dugulako».
Ostiralean bertan iritsiko dira Zaldibarrera Euskal Herri osoko Gazte Feministak. Egitarau oparoa izango dute bertan, hausnartu, eztabaidatu, entzun, ikasi, eta feminismoa lubaki hartuta, borrokan jarraitzeko.