«EHUren errealitatea uste baino gordinagoa da»
Lakuak EHUrentzat bideratuko dituen 337,4 milioi euroko partidak unibertsitatearen paralisia ekar dezakeela ohartarazi du Joxerra Bengoetxea errektoreak eta hala berretsi du Estitxu Garaik, EHUko Bizkaiko campuseko komunikazio errektoreordeak.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Joxerra Bengoetxea errektoreak paralisiaz hitz egin du. Zer esan nahi duzue?
Hitz gogorra da, baina uste dugu errealitatea ondo deskribatzen duen hitza dela. Egia da unibertsitate hauteskundeetara aurkeztea erabaki genuenean egoeraren larritasuna aintzat hartuta erabaki genuela. Baina behin kudeaketan hasita, konturatu gara errealitatea espero baino gordinagoa dela.
Alderdi politikoekin 2026ko aurrekontuaz hitz egiten aritu zarete. Jakinarazi zitzaizuen bilera horietan Lakuak proposatutako aurrekontua 337,4 milioi eurokoa izango zela?
Ez ziguten jakinarazi. Komunikabideen bidez jakin genuen. Lan handia egin dugu premien katalogazioa eta kuantifikazioa egiteko. Alderdi politiko gehienen erreakzioa harridura izan da ikusita zein premia ditugun. Adibidez, azpiegituren egoera. Nik gonbidatuko nuke edozein Leioako campusera etorri eta instalazioak nola dauden ikustera. Unibertsitate publiko batean onargarria izan beharko ez litzatekeena, baina gero badaude beste kontu asko hainbeste ikusten ez direnak eta da zer baldintzatan ari diren langileak.
Laguntzaileetako langile gutxi dauzkagu eta zerbitzu asko erabat saturatuta eta erabat motel doaz. Beste asko ez dauzkagu eta sortu egin behar ditugu. Ikasleen egoera ez ezik, irakasle eta ikerlarienak ez dira batere egokiak. Doktorego aurreko soldatak oso baxuak dira. Batxilergoko irakasle batek sarreran kobratzen badu 2.600 euro inguru, unibertsitatean 1.900 izango lirateke. Orduan, baldintza horietan ez da arraroa jendeak beste aukera batzuk hobestea.
Zer esan dizuete alderdi politikoek?
Bildu ginenean alderdi politiko guzti-guztiek ulertu zuten. Harridura eta babesa ari gara jasotzen batik bat. Alderdiei eskatu genien ezagutzen ez genuen Lakuako Gobernuaren aurrekontu proposamenean Unibertsitate publikoa defendatzeko. Gogoratu behar dugu badagoela lege organiko bat Estatuan eragina daukana, unibertsitate sistemaren lege organikoa. Eta hor erreferentziazko zenbaki bat jartzen zaiola unibertsitate finantziazio publikoari, barne produktu gordinaren %1.
Erreklamaziorik edo beste biderik hartuko duzue?
Urgentziazko agerraldia egin dugu. Uste dugu komunitatearen eskaria ere badela unibertsitatea defendatzea eta unibertsitatearen egoera ere plazaratzea. Orduan, momentuz ba itxarongo dugu. Ikusiko dugu gure agerraldiaren ondorioz zein den erantzuna eta hortik aurrera jarraituko dugu lanean benetan unibertsitatea duintzeko eta unibertsitateak bikaina izan nahi badu. Eta momentu honetan benetan diogu, eskaintzen dugun irakaskuntza, egiten dugun ikerketa bikaina da, baina oso baldintza txarretan egiten da, agertzen da jendearen lan kargaren bokazioari esker. Hori ezin da izan, horrek ere muga bat du.