«Futbola asko bizi dut, baina futbolean banago da giro ona sortzeko, ez fanatismoa bultzatzeko»
Kasualitatez hasi zen Julen Axpe futbol partidak euskaraz komentatzen DAZNen, baina gaur egun bere kantu eta ospakizun bereziek egin dute ezagun. Izatez umoregile gisa definitzen du bere burua, eta hala uztartzen ditu bere bi pasio nagusiak: futbola eta umorea.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Bere ametsa futbolari izatea zen, baina azkenean futbol partidetan esatari lanetan amaitu du Julen Axpe otxandiarrak, eta ez zaio bat ere gaizki joan. Espero ez zuela etorri zitzaion DAZNen Athletic eta Osasunaren partidak euskaraz komentatzeko aukera.
«Furgonetarekin Katalunia inguruan aritu nintzen monologoak egiten, eta bertan Jupiter futbol taldeak ere fitxatu ninduen. Hau jakinda, hainbat elkarrizketa egin zizkidaten, eta nolabait DAZNen ere izan zuten nire berri. Proposamena egin zidaten, eta hor hasi zen guztia», dio Axpek. Futbolari ibilbideak ez zuen jarraipenik izan, baina bizitzak beste bide bat zabaldu zion ustekabean.
Gaur egun laugarren denboraldia du DAZNen, eta oraindik harrituta dago. «Hasieran zalantzak izan nituen, izan ere, partidak Bartzelonan grabatzen dira eta Euskal Herrira itzuli behar nuen saio bat grabatzera. Azkenean, baietz esan nuen... eta begira noraino heldu naizen!».
Abestien jatorriaz ere galdetzen diote askotan. «Sei ordu autoan Bartzelonara bidean, denbora soberan nuen horretarako!», dio otxandiarrak irribarrez. Izan ere, Axpek berak idazten ditu bere kantu ezagunak, ez dira inprobisazio hutsa: «Hit batzuk prest ditut oraindik estreinatu gabe; Unai Gomezen gol bat falta zait, ea noiz sartzen duen!».
Garbi dago bizkaitarrak bere narrazioetan umorea eta pasioa uztartzen dituela. Futbol zale amorratua da, baina bere hitzetan, «hemen banago da giro ona sortzeko, ez fanatismoa bultzatzeko». Hori da bere helburua: futbola modu positiboan bizitzea eta entzuleari irribarrea eragitea.