«Jada ibili ezin daitezkeen» haur palestinarren omenez, zapatak zerura altxako dituzte Bilbon
Gure Haurrak Ere Badira egitasmoak Palestinan hildako haurrak izango ditu gogoan larunbat honetan Bilbon. Zapata pare bat eramateko deia egin dute. Mobilizazioaren amaieran, zapatak zerura altxaz, Israel Palestinan gauzatzen ari den genozidioa salatu eta elkartasun argazki bat bidali nahi dute.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Larunbat honetan manifestazioa antolatu du Gure Haurrak Ere Badira egitasmoak. Zigor Merodio antolatzaileak NAIZ Irratiari esandakoaren arabera, jende andana espero dute Bilboko kaleetan. 17:30ean abiatuko da manifestazioa Jesusen Bihotzetik. Erdigunea zeharkatu eta udaletxean amaituko da mobilizazioa. Bertaratuko direnei zapata pare bat eramateko eskatu diete, bertatik argazki berezi eta indartsu bat atera nahi baitute. Merodiok azaldu du egitasmoak hasieratik erabili duela zapata sinbolo edo ikur gisa: «Zapatek jada ibili ezin daitezkeen ume horiek guztiak irudikatzen dituzte». Merodiok azaldu du Israel Palestina erasotzen hasi zenetik argi ikusi zutela gatazka horrek haur palestinarrengan izango zuen eragina handia izango zela.
Azken bi urteetan, «zoritxarrez, askotan erabili ditugu zapatak». Larunbatean berriz egingo dute: «Dei egiten diogu jendeari zapata pare bat eraman dezan manifestazioan zehar. Udaletxean denon artean zapatak altxako ditugu». Mundura eta Palestinara bidali nahi duten elkartasun argazkia izango da, «guk haur horiek ez ditugula ahazten jakinarazteko».
Hezkuntza komunitatea Palestinarekin
Merodiok Palestinan gertatzen dena hezkuntza komunitatea modu berezian bizitzen ari direla azaldu du. «Hasiera-hasieratik umeak eta nerabeak Israeleko Estatuaren helburu izaten ari dira. Oso argi ikusten ari zen umeen kontrako jazarpena, hezkuntzarekin lotutako azpiegituren suntsiketa... Lanean jarri ginen hori salatzeko». Normaltzat jo du euskal eskoletan Palestinako egoeraren inguruko sentsibilizazio lanak egitea: «Milaka dira eraildako umeak. Eta argi dago genozidio horren helburua Palestinaren etorkizuna diren ume horiekin amaitzea dela».
Argi zuten Euskal Herrian haurrek egoeraren berri izango zutela. «Alferrik da ezkutatzea». Horregatik, azaltzea erabaki zuten, baina «haur eta nerabeen ikuspegitik». Ikasleek oso galdera «normalak» egiten dituztela azaldu du: «Zer gertatzen ari den eta zergatik». Palestinako gatazkaren hasiera mendeetako kontua dela azaltzen saiatzen dira, bi urteko ikuspegia gaindituz: «Askotan gertatzen den bezala, munduan interes batzuk daudela esaten diegu, eta ondorioz boteretsuenek zapalduak jazartzen dituztela. Kasu honetan, Israel dagoela estatu indar bezala eta Palestina, zapalduta».
Azaldu du lantalde txikia direla eta haien jardunerako hainbat irakasleren laguntza izan dutela, adibidez, unitate didaktikoak sortzeko. Horrez gain, Global Sumud Flotillarekin bideo-dei bidezko konexioak egin dituzte ikasgeletatik eta urrian zehar ostegunero elkarretaratzeak egin dituzte 200dik gora ikastetxeetan. «Gure balorazioa oso positiboa da, Gure Haurrak Ere Badira oso talde txikia gara, baina jakin izan dugu hedatzen ikastetxe eta hezkuntza mundura». Sindikatu eta elkarteen babesa izan dute horretarako.