«Gero eta merkeagoa izango da hemen bizi ahal izatea»
Bizitzari begiratzeko abiapuntu ezberdin bat da Gordexolako Ametxe etxea, komunitatean bizi eta partekatzea dute helburu.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Bizitzaren erdigunean jartzen ditugun eta jarri nahi ditugun baloreez hitz egingo badugu, etxebizitza da solasaldira hurbiltzen den gaietako bat. Horrela sortu zen Ametxe, ametsen etxea, Gordexolan. Jorge Lopez bertako kidearekin izan gara.
Nola sortzen da Ametxe etxebizitza kooperatibo kolaboratibo kolektiboa?
Gure seme-alaben heziketa kolektiboaren bilaketan aurkitu genuen egun bizi garen baserria eta martxan jarri genuen egungo Ametxe. Gerora, seme-alabak aurrera doazen heinean, argi dugu nagusiok ere izango garela hemen jarraituko dugunak. Are gehiago, orain gutxi etorri da beste kide bat jubilatuta dagoena eta bere lekua hemen aurkitu duena denboraldi baterako.
Eredu nagusia etxe partikularrak izatea denean, zer zailtasun topatu dituzue kolektiboki etxe bat eskuratzeko?
Elkarbizitzan ohikoak diren arazoak izan ditugu. Familia handi batean bezala bizi gara baina bakoitzaren intimitatea errespetatuz. Horretarako, nukleo bakoitzak badu bere leku intimo bat baina, proiektu bezala, bultzatu nahi dugu komunitatean bizi eta partekatzea. Zaintzak erdigunean jartzea da helburuetako bat eta, hori, kolektiboki errazagoa da.
«Merkatu espekulatibotik atera dugu etxebizitza bat eta merkatu sozial batean sartu»
Zertan datza erabileraren lagapenak?
Gure ardatz nagusietako bat da. Herritar batzuk merkatu pribatutik erosi genuen baserria baina, kooperatiba egiterakoan, erabileraren lagapenean egin genuen, hau da, guk sartzen dugu diru sarrera eta, aldi berean, alokairu bezala kuota bat ordaintzen dugu, horrela bermatzen dugu baserriaren propietatea betirako kooperatiban mantentzea eta erabilera zerbitzua baliatu ahal izatea. Merkatu espekulatibotik atera dugu etxebizitza bat eta merkatu sozial batean sartu. Izan ere, banku etiko baten maileguarekin erosi genuen eta, ordaintzen joan ahala, gero eta merkeagoa izango da hemen bizi ahal izatea.
Etxea eta ingurua bat omen dira Ametxen.
Ikuspuntu birsortzailea dugu eta hasi gara baso jangarri bat sortzen. Biobasoa sortu genuen, kimiko, pestizida eta agrotoxikorik gabeko eremu bat non agroekologia ikuspegitik eta agroforesterian oinarritutako baso jangarri bat den. Biomasarako ere badugu dentsitate eta biodibertsitate handiko landaketa.
«Politikariek esaten dute administrazio publiko-pribatutik elkarlan bat dela bidea eta guk planteatzen duguna da kooperazio publiko kolaboratibo bat egotea etekina atera nahian dabiltzan enpresa pribatuetatik harago»
Zein izan dituzue inspirazio iturriak?
Hasi ginenean eta erabileraren lagapena ezagutu genuenean ez genuen Euskal Herrian beste proiekturik aurkitu. Madrilera joan ginen Entrepatios-en eredu kooperatiboa ezagutzera eta, ondoren, Euskal Herriko beste proiektu batzuekin Bartzelonara joan ginen La Dinamok Koop Fabrikarekin batera antolatutako formakuntza batera. Bertan asko ikasi genuen estatutuen aldetik-eta. Bestalde, erreferente izan ditugu, La Borda eta Cal Cases, zeren, Katalunian nahiko aurreratuta dago etxebizitza kooperatiboarena eta, gainera, orain dagoen gobernuak bultzatu egiten ditu. Bartzelonako udalak solar dezente eman ditu horrelako proiektuetarako. Hego Euskal Herrian, berriz, Nafarroan gehiago ari dira bultzatzen EAEn baino. Noizbehinka ematen da pausoren bat baina gutxi. Politikariek esaten dute administrazio publiko-pribatutik elkarlan bat dela bidea eta guk planteatzen duguna da kooperazio publiko kolaboratibo bat egotea etekina atera nahian dabiltzan enpresa pribatuetatik harago. Guk autosustapena egiten dugunez, ez dugu etekinik ateratzen etxebizitzatik eta, dugun etxebizitza egoera larriarekin, garrantzitsua da hirugarren bide hau zabaltzea eta bultzatzea.