Txotxongilolarien plaza izango da Bidasoaldea asteburuan zehar
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Irunek eta Hondarribiak hartuko dute Euskal Herriko Txotxongilolarien Topaketaren bigarren edizioa urriaren 3tik 5era. Aurretik egindako antzeko egitasmoen lekukoa hartuz, lehen edizioko arrakastari segida eman eta hazten jarraitzea izango dute helburu. Oraindik ere batzuk pentsa dezaketenaren aurka, txotxongiloa jostailua baino askoz ere gehiago delako eta uste baino publiko zabalagoetara heldu daitekeelako. «Beste mota bateko jaialdia nahi genuen», dio Ruben Mejuto txotxongilolari eta topaketako antolatzaileetako batek, «guk nahi ditugun gauzez hitz egiteko, txotxongiloak lanabes bezala erabiliz, politikoki. (Jaialdi) politikoa da ere, Euskal Herria existitzen ez den nazio bat delako, baina guk nazio izan nahi dugu», gaineratu du.
Hiru eguneko egitarauari erreparatuz, gaitegian zein zuzendutako publikoan, aniztasuna da nagusi. Galiza edota Katalunia bezalako nazioek ere, presentzia izango dute. Azken orduko ezusteko bat eman dute gainera; Granadan erbesteratuta bizi den Musa Nidal Khatib txotxongilolari palestinarrak parte hartuko du Euskal Herriko Txotxongilolarien topaketan.