IRRATIA

«Egoera honek garamatza txekorrak gizentzen ditugun guztiok dirua galtzera»

Gipuzkoan txekorrak gizendu eta saltzen dituzten abeltzainen atsekabea handituz doa, euren arazoen berri sarritan eman dieten arren, ez dutelako erantzunik ikusten erakundeen aldetik. Lakuako Gobernua bereziki, «beste alde batera begira» ari dela kritikatu du EHNEko Garikoitz Nazabalek.

Garikoitz Nazabal, Gipuzkoako EHNEk Donostian deitutako elkarretaratzean. (Gorka Rubio)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Gizentzearen kostuei aurre egin ezinik, gero eta gehiago dira euren txekorrak Euskal Herritik kanpo saltzera behartuta dauden abeltzainak, egoera muturrekoa izatera heltzeraino, Gipuzkoako EHNEk aste honetan Donostian egindako elkarretaratzean ohartarazi duenez. Lakuako gobernua, egoeraren erantzule egiten du sindikatuko Garikoitz Nazabalek, «egoera honek garamatza txekorrak gizentzen ditugun guztiok dirua galtzera».

Txekorrak hazi ohi dituzten abeltzainen atsekabea handituz joan da azken hilabeteetan, beraien aldarrikapenak ezagunak izan arren, ez dutelako neurriak hartzeko benetako borondaterik ikusten, gaitasuna duten eragile ekonomiko eta instituzionalen artean. Irrati honetan bertan, irailean eman zuen Gipuzkoako EHNEk beraien egoera zailaren berri, eta urtebetez aritu dira gutxienez, jasaten duten egoera salatzen. Lakuako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailak ere ongi asko ezagutzen dituzte abeltzain hauen aldarrikapenak. «Urtebete izango da egoera hau mahaian jartzen hasi ginela, batzuk behintzat. Auskalo zenbat bileretan jarri dugun. Tristea izan da beste alde batera begira aritu zaizkigula», kritikatu du Nazabalek, «horregatik esaten dugu ez dugula uste utzikeria denik, baizik eta estrategia bat», ondorioztatu du. 

Ekoizpen kostuen eta salmentaren artean dagoen desorekaren froga argia da, Hego Euskal Herrian haragiaren prezioak %19 gora egin baduela ere, txekorrak hazi, gizendu eta saldu egiten dituzten abeltzainen etekinak bere horretan mantendu direla, edo gutxienez ez direla maila berean igo. Igoera hori, «erabat ezinbestekoa zen», EHNEko ordezkariaren esanetan, «baina zer gertatzen da?», galdetzen du, «bertako gizendegi txikiak baditugu eta hauetan zikloa bukatu beharko litzateke. Politika hauek eta Eusko Jaurlaritza beste alde batera begiratuz ari dira justu horren kontra egiten». 

Abeltzainak txekorrarengatik ateratzen duen irabazi tarte eta supermerkatuko apaletan topatzen diren arteko prezioen alderaketa egitera deitzen du Garikoitz Nazabalek: «linealetan zer preziotan ikusten dugun, bertakoei zenbat kargatzen zaion, bertakoa ez denaren alde eta gero zenbat ordaintzen zaion ekoizleari. Arrakala handia dago». 

Euskal txekor haragirik gabe gelditzeko mehatxua oso erreala dela ohartarazi du berretsi du Gipuzkoako EHNEk. Alde batetik txekorra gizentzeko kostu altuak eta honen errentagarritasun falta daude. Bestetik gero eta gehiago zabaltzen ari den gizentzeko txahalen esportazioa. Bi kasuetan ekoizle eta merkatari handiek markatzen dituzte jokoaren arauak, abeltzain txikien kaltetan.