IRRATIA
Entrevue
Aloña Jauregi
Landarlan elkartea

«Kontserbazioa eta abeltzaintza uztargarriak dira bigarren hau kontrolatua eta orekatua bada»

Historia luzeko eremu naturala da Aralar, Kontserbazio Bereziko Eremua da. Aitortza badu, baina bere iraupena ziurtatzeko, antza, ez dagu ikuspegi bateraturik. Berriki GFA eta Enirio-Aralar mankomunitateak sinatutako hitzarmenaren harira elkartu gara Landarlan elkarteko kide den Aloña Jauregirekin.

Aloña Jauregi artxiboko argazki batean (Andoni Canellada | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Landarlan Gipuzkoako Goierri eskualdean ingurumenaren eta gizartearen ongizatearen alde jarduten duen elkartea da eta, besteak beste, Aralarri begira jardutea egokitu zaio, AHT eta pistak, hamaika mehatxu badituelako begi-bistan.

Maiatzean egin zen publiko Gipuzkoako Foru Aladundiaren eta Enirio-Aralar mankomunitatearen arteko hitzarmena. Enirio-Aralarren kontserbazioa eta kudeaketa bermatzeko datozen hamar urteetarako hitzarmena da honakoa. Ingurumen taldea zareten aldetik, nola hartzen duzue hitzarmena?

Uste dugu akordio politiko bat dela, trukean politika normalean sartzen direnak trukatuko zituzten. Mendi eta lehen sektoreari dagozkion lehentasunak baino, beste lehentasun batzuk bultzatutako akordioa iruditzen zaigu.

Funtzionatzeko modu bat dute, kolore gutxiko akordioak dira eta helegiteka funtzionatzen dute. Esaten dute, «guk proiektu hau dugu aurrera eramateko, hau da gure proposamena», nolabaiteko onarpena izaten da ia aho batez eta helegite fasea irekitzen dute esanez kontra dagoenak edo esateko beste zerbait duenak hor duela bidea. Aurrez, ustez, bilera bakarra egin dute eragileekin –pentsatzen dugu abeltzainekin gehixeago izango zirela– baina, ondoren, ez genuen kontraerantzunik jaso, ez ziguten eragileen artean kontrastatzen utzi eta, guretzat garrantzitsuena, mankomunitateko herrietan ez da eztabaidatu. Ume bati esaten zaion bezala esan zaigu: «Ez, zuek ez zarete gai honetaz eztabaidatzeko eta akordio batera heltzeko eta, orduan, guk hartuko dugu ardura hori». Baina akordio politiko bat egin da, zeren hau ez da mendiaren gaineko akordio bat.

Aralarren erabileraren gaineko eztabaida ez da gaurkoa, ezta?

Aralarko erabilera nolakoa izan behar duenaren gaineko eztabaida ez da oraingoa. 2016-17 inguruan proposamen bat egon zen, besteak beste, 20 km-ko pista egitekoa eta zenbaiten buruetan dago hor hasi zela kontua, baina Aralarren erabileraren gaineko eztabaida aspaldikoa da.

Aralarren aspaldi daude abeltzaintza inbertsioak eginda eta txabolak, pista berritzea, uraskak berritzea eta horko legedia, teorian, moldatuta dago Parke Natural izendapenarekin. Legediak izendapenarekin oreka bat bilatzen du abeltzaintzaren eta biodibertsitatea errespetatzearen, zein –Natur Parke baten helburua dena– bertako ondarea mantentzearen eta hobetzearen artean. Baina, azken urteetan, erabat ustiapen hutserako erabiltzen da Aralar, eta Aralar bezala beste eremu asko.

«Mendia bada basatia dena eta behealdeko intentsifikaziorik gabeko eremu bezala izendatzen badugu, ezin dugu politika bat aplikatu behean funtzionatzen dugun bezala aritzeko goi-eremuan»

Sortzen diren eztabaidetan beti talka hori dago eta oztopo bat da beste erabaki batzuk hartzeko. Zergatik? Ez delako Parke Naturalaren oinarrietako legedia betetzen, ez delako ordenantza errespetatzen. Hor badago zonifikazio bat, arau urbanistikoak bezala eta azken urteetan ez da errespetatu eta zentratu da bakarrik abeltzaintzako eremu ustiagarri bat izan dadin mendia. Orduan, mendi kontzeptua zertan geratzen den galdetu behar da.

Mendia zer da? Nahi al dugu? Mendia eta landa eremua bereizi beharko dugu. Zergatik? Mendia bada basatia dena eta behealdeko intentsifikaziorik gabeko eremu bezala izendatzen badugu, ezin dugu politika bat aplikatu behean funtzionatzen dugun bezala funtzionatzeko goi-eremuan.

Zein da akordio honetako puntu kritiko bat?

Zonifikazio horretan, orain arte izan zitekeena aldapa zaurgarri, lur gutxiko, harrikara, sastrakadi baso landaketa gomendatzen zena edo, agian, ardientzat larre harkaiztsu; orain, larre eremu bikain bezala izendatzen dela eta horrek ahalbidetzen du beste jarduera-modu bat egitea. Ez pistak bakarrik, baizik eta modu bateko abeltzaintzarekin jarraitzea. Akordio honetan abeltzaintzaren alde ari direla esaten dute, baina abeltzaintza eredu bakarraren alde ari dira.

Gure ustez, artzaintzak askoz protagonismo handiagoa izan behar luke, askoz ere ikerketa zabalagoa egin beharko litzateke artzaintzarekin eta mendiko artzaintzarekin zer pasatzen ari den ikusteko. Aralarren badaude eremu zabalak, pista asko daudenak, irisgarritasun aldetik oso onak direnak, baina, hor, artzaintza ez doa gora, sektoreak ez du hobera egin. Aitzakia hori erabilita ezin da proposatu hainbat azpiegitura egitea badakigunean ez direla mendiko abeltzaintza jasangarriaren aldekoak.

 

«Akordio honetan abeltzaintzaren alde ari direla esaten dute baina, abeltzaintza eredu bakarraren alde ari dira»

Bateragarria da abeltzaintza eta natur kontserbazioa?

Dudarik gabe. Eta urte askotan hala izan da. Zer pasatzen da? Zonifikazio mapa horren gainean ari direla planteamenduak egiten. Eniriotik Beaskinerako alde hori dena pistaz beteta dago eta gaur egungo artzaintza irisgarritasun aldetik bultzatzeko lekua horrek beharko luke. Jakina, gero hortik goiko larreetara sartzen dira. Baina maneiuan ikusten dugu zulo handia dagoela.

Mendia eta abeltzaintza uztargarri izan daitezen ganaduaren maneiua bultzatu behar da. Azken urteetan ikusten ari gara ganadua goiko larreetan bakarrik ibiltzen dutela eta, ondorioz, beheragoko eremuetan sasitza-kentze handiak ari direla egiten urtero, hektareak eta hektareak. Hori ez da posible, eta sasitza-kentzeen ondoren ez baduzu ganadurik sartzen edo biltzen, han berriz ere sastraka etortzen da. Nola liteke eremu batzuk lehen larre izatea eta orain ez ganadu karga handiagoa egonda? Horretaz hitz egin behar litzateke gehiago, zer pasatzen ari da ganadu larriarekin eta lehen sektore intentsibo horrekin? Esaten zaigu: «Bai, zuek paseatzera joan nahi duzue!», ez da horrela eta paseatzera joaten ez denak ere eskubide osoa du bertako kontserbazio politika batzuen alde egiteko. Hori ez da argumentu pisuzkoa.

«Esaten zaigu, ‘bai, zuek paseatzera joan nahi duzue!’, ez da horrela eta paseatzera joaten ez denak ere eskubide osoa du bertako kontserbazio politika batzuen alde egiteko»

Hiru pista berri agertzen dira hitzarmenean. Zergatik halako eztabaida pistekin?

Hainbat puntu landu daitezke hor. Askok uste dutenaren kontra, pista asko dago Aralarren, baita pistaz kanpo ibiltzen diren ibilgailu asko ere. Baina bitxia da 39 bat artzain daudela, 11 txabolek ez dutela jarraipenik epe laburrera, beste 5ek egoera prekarioa dutela (jubilatuta daude edo ez dira guztiz profesionalak) eta beste 4k zalantza egiten dutela segiko duten ala ez. Beraz, 20 bat artzain izango dira aurrera begira hor jardungo dutenak. 20 artzainentzat pista-eremua sobera dago.

Horregatik diogu, arrazoiari bide emanez gero, akordio honek ez duela nondik heldurik. Artzainentzako leku erosoa dago erosotasuna bada, beren ikuspegitik, irisgarritasuna beti kotxez bilatzea eta hori erraztea. Norentzat dira, orduan, pistak? Zergatik planteatzen dira pistak txabolarik ez dagoen lekuetara? Ganadu larriarekin maneiuan ari diren ganaduzale handientzako.

«Zergatik planteatzen dira pistak txabolariik ez dagoen lekuetara? Ganadu larriarekin maneiuan ari diren ganaduzale handientzako»

Ganaduzale handiez ari garenean izan ditzakete 80-100 buru dituztenak eta beste paraje batzuetarako ez baina Gipuzkoarako oso baserri handia da 100 burukoa. Politika berdina da intentsifikazioan ari den ganaduzale batentzat eta 400 ardirekin bizimodua ateratzen duen artzain batentzat? Politikak ez du berdina behar.

Hasteko, atentzio desberdina behar dute. Ze motatako pistak behar dira? Zergatik 4 metro zabaleko pista? Zergatik ez beste ibilgailu mota bat? Pirinioetan-eta ikusten dira artzainek bakarrik erabil ditzaketen ibilgailu askoz ere txikiagoak. Artzain bakoitzari zergatik ez zaio planteatu «egingo zaizu 1,2 metroko pista bat eta emango zaizu ibilgailu hau». Horrek baimenik gabeko jendea igotzea eragotziko luke. 120 ganaduzale dira, hortik 39 artzain eta 5 edo 6 profesional. Nola liteke 120 baimen egotea kotxez sartzeko Aralarrera? Eztabaidatu daiteke profesionalek bakarrik behar ote duten kotxez sartzeko baimena, baina, hor dagoena da trafiko ikaragarria. Mendia edonor kotxez aurrera eta atzera dabilen leku gisa ulertzen dugu? Guk ez.

Aralarren balioa errekonozitzen duten baimenak non geratzen dira?

Iritsiko bagina puntu batera mendi kontzeptua definituko duguna… Natura 2000 Sarean egoteak baimentzen du giza jarduera, kontua da sare horretan egoteagatik, Natur Parkean jarduteagatik eta abar, diru-laguntza oso esanguratsuak iristen direla ganaduzaleentzat. Hala beharko du, gu ez gaude, inondik inora, horren kontra, baina horrekin batera betebehar eta baldintza batzuk ere badituzte naturgune horren mesedetan jarduteko. Garbi dugu larre eremuak mantendu nahi baditugu abeltzaintza kontrolatu eta orekatua ezinbestekoa dela.

Uste dugu Foru Aldundian eta Mankomunitatean kontrol eta kudeaketa hanka-sartze handiak egiten ari direla azken urteetan. Langa guztiak irekita daude edonor sartzeko. Zer justifikaziorekin ez dago kontrolik?

Pistak proposatzen diren lekuetan aurrez pistarik ez badago da paisaiak berak dituen ezaugarriengatik eta, bere garaian, halaxe baloratu eta onartu zelako bai Aranzadirekin, bai EHUrekin bai gehiengoa zuen EAJrekin eremu horietara pistaz sartzeak kalte gehiago zekarrela onura baino. Zer aldatu da ordutik hona?

Interesak?

Alternatibez ganaduzaleekin bakarrik hitz egiten da. Gu eskari batzuk plazaratzen eta protestan ari garen bitartean beste aldeko kontu mordoa aurrera eramaten dute; langa berriak, itxitura berriak, uraska berriak, sasitza-kentzeak… Diru publikoa gastatzen dute herritarren nahien kontra jardunda eta, gainera, informaziorik eman gabe, ez batzarrik eginda, ez publikoki onartuta, ez ezer. Ganaduzaleek eskatu eta eurek eman. Mendiaren mesedetan ari zaretela uste duzue benetan? Ez da pisten kontua bakarrik, baizik eta pistetara heltzen direnean funtzionamendu berarekin jarraitzen dutela.