IRRATIA

«Konplikatua izan da begirada non ipini erabakitzea, baina zinema egitea erabakiak hartzea da»

«Hasieran ez nekien zer kontatu nahi nuen, idazten hasi nintzen eta erabaki nuenean Karmele izango zela protagonista, berarekin joan nintzen gatazkak irudikatzen» dio Asier Altuna zuzendariak. Gatazka horiek guztiek osatzen dute ‘Karmele’, Zinemaldiko harribitxietako bat.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Etxe honetan beti egon da lehenengo familia, eta gero herria. Norbere konbikzioetan eztanda egiten geratzen den esaldi horietakoa da. Ikusleak erantzuteko ausardia akaso ez lukeena. Narraziori itsatsita ez, filmean zehar behintzat. Gero dator aho zapore luzean, bakoitzaren hausnarketa. Karmelek ez du borroka ukatu, baina galdera horren erantzuna ere badu presente. Amaren ahotik entzun daitekeena. Eta baita beste galdera batzuk ere: «Baga edo ez ga?» 

'Elkarrekin esnatzeko ordua' Kirmen Uriberen eleberria abiapuntu hartuta ondu du Asier Altunak 'Karmele' filma. Gurean izan dugu Asier Altuna bera, Karmele gorpuztu duen Jone Laspiur eta Karmelen aitaren papera egin duen Javier Barandiaran. 

Ez da erraza benetako pertsona bat azalean sartzea. «Gehien zuzendu nauten aldia izan da, ñabardura asko landu genituen eta horrela oso pertsonaia solidoa lortu dugu» kontatu digu Jone Laspiur aktoreak. Gainera, «amore ematen hasten den momentua zailena izan da, baina orain ikusita, interpretazio aldetik gehien gustatzen zaidana da» aitortu digu. 

Hainbat urtetako historia kontatzen du pelikulak, baina zuzendariak argi dauka: «bukaera da pelikularen mamia, bidaia erakargarria da, baina pelikula Bilbora bueltatzen direnean dago».

Bigarren Kafean luze eta zabal aritu gara pelikulako lantaldearekin.