IRRATIA

«Errealitate bati aurre egin behar diozun bakoitzean armairu barruan aurkitzen zara»

 

Zinemaldian zer esana ematen ari da ‘Maspalomas’ filma. Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga zuzendariak izan ditugu Bigarren Kafean eta publikoaren aldetik jasotako iritziek ikustarazi diete zerbait ausarta egin dutela.

 

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


«Ustez gizartean barneratuta dauden gaiak lantzen dira baina pelikula egiterakoan jabetu ginen, gai horiek oraindik ere beste buelta bat edo bi behar dituztela. Eztabaida fokuan jartzea beharrezkoa ikusi dugu».

Jose Ramon Soroiz aktorean gorpuzten duen Vicente pertsonaiaz ere aritu dira Arregi eta Goenaga. Bere ausardia azpimarratu nahi izan dute. «Berarekin lan egiterakoan bagenekien ausarta izan beharko zuela. Berez oso beldurtia da eta asko estutzen da gauzekin. Agian bere beldurrak gainditzeko ahalegina egiteko indarra atera du. Pelikula egiterakoan komentatzen genuen horrek zer esana emango zuela».

Zentzu horretan, intimitate koordinatzailearen figura ere izan dute pelikula egiterakoan eta lagungarri izan zaiela nabarmendu dute. «Jose Ramoni lagundu dio baina baita guri ere. Sexu eszenek sortzen zioten kezka Jose Ramoni eta argi ikusi genuen koordinatzailearen figura hori. Zalantzak genituen baina oso lagungarria izan da».

Pelikulan pisu handia duen adinekoen egoitzaz ere  aritu dira. «Guretzako oso garrantzitsua zen, behin istorioa zehaztuta, erresidentzien inguruan dokumentatzea. Matiako langile asko bidelagun izan ditugu eta gauza asko kontatu dizkigute adinekoen inguruan. Sexualitateari dagokionean, etengabe desafiatzen dituztela esaten zuten. Pelikulan, erresidentzia gizartearen metafora bat da eta bertan dena homogeneizatzen da».

Entzun Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagarekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.