AEK-k ikasturte berriari ekin dio: «Euskara eroso ikasi eta bizi» izan dadin
AEK-ko euskaltegietan zabaldu dute matrikulazioa, herritarrek euskara modu erosoan ikasi ahal izan dezaten, kanpainaren leloak dioen bezala, «Euskara eroso ikasi eta bizi». AEK-ko Nazio Kontseiluko Bizkaiko kidea den Lurdes Etxezarreta NAIZ Irratian izan da honen berri emateko.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
AEKko Nazio Kontseiluko Bizkaiko ordezkari Lurdes Etxezarreta NAIZ Irratian izan da aste honetan, AEKren euskaltegietan ireki berri den matrikulazio epea aurkezteko. Kanpainaren leloak, «Euskara eroso ikasi eta bizi», erakusten duen moduan, helburua da herritarrek euskararen ezagutza eta erabilera modu natural eta irisgarrian garatzea.
Etxezarretaren arabera, AEKren xedea urtez urte bera da: «Euskaltegiak ikaslez betetzea eta Euskal Herria euskalduntzen jarraitzea».
Azken urteetako matrikulazio datuei dagokienez, joera baikorra dela nabarmendu du: «Pandemiak eten bat ekarri bazuen ere, geroztik goranzko bidean gaude; iaz, 14.000 ikasle inguruk parte hartu zuten AEK-ko euskaltegietan», azaldu du.
Bestalde, doakotasunaren aldeko aldarria ere izan du hizpide, eta nabarmendu du momentuz oraindik ikasleek dirua aurreratu behar izaten dutela, nahiz eta gero diru-laguntzak jaso ditzaketen. «Dirulaguntzek lagundu dute, baina guk doakotasuna ez dugu horrela ulertzen», esan du. Azpimarratu duenez, EAEn A1, A2 eta C1 mailatan dauden 16-18 urte arteko gazteek aukera hobeak dituzte momentu honetan, eta horrek eragina izan du gazte gehiago erakartzeko.
Unibertsaltasuna eta ardura komunitarioa
AEKren helburuen artean unibertsaltasuna nabarmendu da aurten: «Euskal Herriko biztanle guztiek euskaraz eroso bizitzeko eskubidea dute, eta hori lortzeko hizkuntzaren unibertsalizazioa bermatu behar da», adierazi du Etxezarretak. Horretarako, doakotasuna eta ezagutzaren sozializazioa funtsezkotzat jo ditu.
Ildo horretan, diru-laguntzen sisteman egindako hobekuntzak azpimarratu ditu, bereziki gazteen kasuan. «A1 eta A2 mailetan diru-laguntzak zabaltzea pizgarri bihurtu da euskaratik urrutiago dauden ikasleentzat», esan du.
Etxezarretak onartu du batzuetan “titulitisa” ageri dela ikasleen artean, baina azaldu du ikasleen motibazioak anitzak direla: «Etortzen dira lanerako edo titulua lortzeko, baina beste askok euskararekiko maitasunagatik eta seme-alabekin hitz egiteko ere bai».
Hizkuntza-eskakizun berriak eta metodologiaren egokitzapena
Azken asteotan, EAEko administrazioak iragarritako hizkuntza-eskakizun asimetrikoen harira, AEKren jarrera irekia agertu da: «Euskararen erabilera normalizatzeko dekretuaren garapen bat da hau. Gure metodologiak egokitu beharko ditugu, baina gure xedea ez da aldatzen», esan du.
Euskararen erabileraren erronka
Euskara ezagutu arren, erabilera askotan erronka nagusia izaten dela onartu du Etxezarretak. Sare sozialetan zabaldu den adibide bat aitzakia hartuta —Donostiako taberna batean bi langilek bezeroarekin euskaraz egin eta gero elkarrekin gazteleraz aritu ziren— honako hausnarketa egin du: «Zoritxarrez, askotan errepikatzen den egoera da. Espazioak euskaraz irabazi behar dira eta horretan eragin behar dugu».
2026: 50 urte eta Korrika
Etorkizunera begira, AEKk urte borobila ospatuko du: 2026an 50 urte beteko ditu, eta urte berean izango da 24. Korrika. Etxezarretaren hitzetan, «Data berezia izango da guretzat, eta jada buru-belarri ari gara lanean».