IRRATIA
Entrevue
Ilargi Angulo
LAB sindikatuko ordezkaria villavesetan

«Ez da kontu ekonomikoa soilik; langileek lan karga handiak dituzte»

Lan hitzarmena berritzeko negoziaketen baitan, villavesa autobusetako plantillak greba mugagabeari ekin dio. 412 botoetatik 264k grebaren alde egin dute. NAIZ Irratian izan da Ilargi Angulo, LAB sindikatuko ordezkaria.

Villavesako autobusa San Ferminetan. (Jagoba Manterola | Argazki Press)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Villavesa autobus enpresako langileek greba mugagabea hasi dute, lan hitzarmen berria adostu ezinik. Atzoko bozketan, 412 langileetatik 264k grebaren alde egin zuten. LAB sindikatuko ordezkari Ilargi Angulok adierazi duenez, enpresak ez du negoziaziorako borondaterik erakutsi eta baldintza duinak aldarrikatzeko besterik ez zaie geratu.

Angulok azaldu du enpresaren azken proposamena ez zela nahikoa izan, eta lan baldintzak eta lan kargak dira greba honen muin nagusietakoak. «Ez da kontu ekonomikoa bakarrik. Langileek lan karga handiak dituzte, atsedenaldirik gabe lan egiten dute, eta oinarrizko azpiegiturarik gabe –komunik edo deskantsurako tarterik gabe– egiten dute lana».

Greba aanferminetara luzatzen bada, Nafarroako Gobernuak gutxieneko zerbitzuak %70ean ezarri ditu. Sindikatuen iritziz, festa garaia presio egiteko une egokia izan daiteke, baina egoera horretara iritsi nahi ez dutela argitu dute. «Guk ez diogu enpresari zuzenean kalterik egiten, baizik eta herritarrei. Hala ere, presioa baliagarria izatea espero dugu, enpresak proposamen duin bat aurkezteko», esan du LABeko ordezkariak.

Langileen aldarrikapen nagusiak honako hauek dira: lan kargak arintzea, atsedenaldien eta oinarrizko azpiegituren bermatzea, eta lan baldintza duinak ziurtatzea. Sindikatuek batasunarekin jarraitzea espero dute, eta adierazi dute langileak prest daudela borrokan jarraitzeko enpresak benetako aurrerapausorik ematen ez badu.

Oraingoz, ez dago hurrengo bilera baterako datarik, baina sindikatuak prest agertu dira negoziazio mahaira berriz esertzeko, enpresaren aldetik mugimendurik baldin badago.