Adi eta Adi | Gunea
[2x30] Atal honetan 'gunea', 'topagunea', 'arigunea' hitzak landu ditugu.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
ANDER:
Kaixo, Nerea. Zer moduz zaude?
NEREA:
Oso ondo. Eta zu?
ANDER:
Kike Amonarriz soziolinguistarekin irratian egin duten elkarrizketa bat entzuten egon naiz.
NEREA:
Ezagutzen dut Kike Amonarriz. Tolosarra da, Topagunea mugimenduaren lehendakaria.
ANDER:
Hain zuzen ere! Euskal Herriko euskara elkarteak eta euskarazko 42 hedabide biltzen dituen mugimendua da.
NEREA:
Orain dela 25 urte baino gehiago sortu zen Euskaltzaleen Topagunea.
ANDER:
Euskaraldia antolatzen duelako oso ezaguna bihurtu da. Euskaraldia jarduera 2018an hasi zen eta bi urtez behin egiten da, azaro eta abendu artean, bi astetan.
NEREA:
Euskararen erabilera ohiturak aldatzea eta euskaraz egiteko konpromisoa errotzea da Euskaraldiaren helburua.
ANDER:
Niri izen berezia iruditzen zait Topagunea.
NEREA:
Badakizu bi hitzen elkarketatik datorrela. Alde batetik, topo egin' eta, bestetik, 'gunea'.
ANDER:
Topo egitea da bi pertsonak edo gehiagok elkar aurkitzea. Eta gunea da lekua, tokia edo aldea adierazteko hitz bat.
NEREA:
Topagunea eta elkargunea sinonimoak dira. Elkargunea da jendea biltzen den lekua.
ANDER:
Baina, adibidez, geometrian elkargunea da bi lerro elkartzen diren puntua edo bi plano elkartzen diren tokia.
KIKE AMONARRIZ
NEREA:
Arigunea izena, berriz, behin baino gehiagotan errepikatu du Amonarrizek.
ANDER:
Euskaraldiaren garairako asmatutakoa da. Euskaraz lasai aritzeko lekuak dira ariguneak. Toki horiek bermatzen dute kide guztiek euskara ulertzea. Hartara, ez da eragozpenik izango euskaraz mintzatzeko.
NEREA:
Arigune bat izan liteke enpresa bateko talde bat, edo ikerketa-talde bat, edo kirol-talde bat, edo abesbatza bat. Bi baldintza behar dira: denek ulertzea euskara eta denak ados egotea euskaraz aritzeko.
ANDER:
Gunea izena Ipar Euskal Herrian erabiltzen zen, baina gaur egun boladan dago Hegoaldean ere.
NEREA:
Bilgunea da pertsonak biltzen diren lekua. Oso ezaguna da Bilgune Feminista erakundea.
ANDER:
Argigunea da argia dagoen tokia. Babesgunea da babeslekua edo gordelekua.
NEREA:
Erdigunea da erdian dagoen aldea; hiri batekoa, adibidez. Erdialdea ere deitzen zaio.
ANDER:
Hiri bateko erdialdeari esaten zaio hirigunea. Industrialdeari ere deitzen zaio industriagunea.
NEREA:
Pasagunea da pasabide bat, igarobide bat. Eta bide batean norabidea aldatzen den lekuari esaten zaio bihurgunea. Autoentzako bideak elkartzen diren biribilari deitzen diogu biribilgunea.
ANDER:
Zerbitzuguneak dira autoentzat gasolina zerbitzatzeko instalazioak. Eta garbiguneak dira hondakinak botatzeko edo gauzak baztertzeko prestatuta dauden tokiak.
KIKE AMONARRIZ
NEREA:
Arigunea izena oraindik apur bat arraroa egiten zaigu. Baina kulturgunea esaten zaie gaur egun kultur etxeei. Jolasgunea eta jolastokia gauza bera dira. Kokagunea eta kokalekua ere toki bera dira.
ANDER:
Jaigunea edo festagunea esaten diote batzuek festa egiteko inguruari.
NEREA:
Zer ikasi dugu gaur?
ANDER:
Gune izenarekin hitzak nola osatu. Esate baterako, arnasgunea da arnasa hartzeko aldea, indarra hartzeko tokia.
NEREA:
Erabakigunea da zerbait erabakitzen den lekua. Boteregunea da boteredunak biltzen diren lekua.
ANDER:
Webgunea esaten zaio interneteko toki birtualari.
NEREA:
Lehen gune baino gehiago erabiltzen zen leku: dantzalekua, aparkalekua, ezkutalekua, igerilekua, kanpalekua, pasealekua, pilotalekua, trastelekua, udalekua.
ANDER:
Leku eta toki, biak aldi berean ere bai: bizilekua edo bizitokia, antzezlekua edo antzeztokia, eserlekua edo esertokia, janlekua edo jantokia, agerlekua edo agertokia.
NEREA:
Nik beti toki erabiltzen dut beste hitz hauekin: lantokia, geltokia, saltokia, beilatokia, garbitokia, bazkaltokia, behatokia, bolatokia, umetokia.
ANDER:
Agur esan behar dizut, Nerea. Liburutegira noa.
NEREA:
Adio, Ander. Nik legatza erosiko dut arrandegian.