IRRATIA

Adi eta Ari | Nola eta noiz erabili -gile atzizkia

[2x16] Ikasgai honetan -gile atzizkia landuko dugu.

benito ansola sariak

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


NEREA:
Kaixo, Ander. Zer moduz zaude?

ANDER:
Ongi, Nerea. Eta zu?

NEREA:
Primeran! Begira, gaur Benito Ansola izeneko gizon bati buruz eta euskal zinemaren inguruan jardungo dugu.

ANDER:
Lekeition urtero egiten den Euskal Zine Bileraren sortzailea izan zen Benito Ansola. Zinemaldi hori 1978an egin zen lehen aldiz, duela 45 urte.

NEREA:
Euskarazko ikus-entzunezko lanen jaialdia da, eta bizirik jarraitzen du oraindik.

ANDER:
Benito Ansolak orain 90 urte baino gehiago izango ditu. Lekeitioko apaiza izan zen. Zinema zalea zenez, Euskal Zinema Bilera sortu zuen bere herrian.

NEREA:
Pelikula batzuk ere egin zituen. Gutxienez dozena bat film baditu.

ANDER:
Haren omenez sari bat ematen dutela badakit.

NEREA:
Euskarazko ikus-entzunezkoen sortzaile gazteen lanak bultzatzeko helburua du Benito Ansola Sariak. 18 eta 36 urte bitarteko zinemagileei zuzenduta dago. 3.000 euroko laguntza bat izaten da, film baten ekoizpena abiatzeko.

ANDER:
Euskaltzaleen Topaguneak eta Lekeitioko Udalak urtero ematen dute sari hori, Euskal Zine Bileraren barruan. Uste dut zazpigarren aldia dela dagoeneko.

NEREA:
Beka edo saria jasotzeko, film labur baten asmoa aurkeztu behar da, gutxienez 9 minutuko iraupenekoa, eta gehienez 18 minutukoa.

 

ANDONI URZELAI

 
NEREA:
Zinemagilea esaten zaio filmak egiten dituenari. Zinema hitzaren eta egile hitzaren artean osatutako izena da.

ANDER:
Kulturgile eta sortzaile asko izendatzen dira modu horretan. Gidoiak idazten dituena da gidoigilea; antzerkiak idazten dituena, antzerkigilea; ipuinak sortzen dituena, ipuingilea.

NEREA:
Bat-batean izen zerrenda luze bat bururatu zait: nobelagilea, kantugilea, marrazkigilea, irudigilea, komikigilea, liburugilea, hiztegigilea...

ANDER:
“Errementari” eta “Irati” filmak egin ondoren, Paul Urkijo zinemagile oso ezaguna bihurtu da.

NEREA:
Harkaitz Cano nobelagilea eta antzerkigilea da. Anari eta Miren Narbaiza kantugileak dira. Adur Larrea eta Joseba Larratxe komikigileak dira.

ANDER:
Irudigileen artean asko gustatzen zaizkit Antton Olariaga eta Maite Mutuberria. Bakoitzak egoki garatu du bere estiloa.

NEREA:
Gure garaiko hiztegigile garrantzitsuena Ibon Sarasola da.

ANDER:
Baina -gile atzizkia ez da kultur kontuetan bakarrik erabiltzen.

NEREA:
Langilea da -gile atzizkia daukan izen erabiliena, ziur aski.

ANDER:
Etxegilea, zubigilea, bidegilea... eraikuntza arlokoei esaten diegu.

NEREA:
Autogilea eta automobilak egiten dituena. Ontzigilea da itsasontziak egiten dituena.

ANDER:
Famatuak ziren Eibarko armagileak eta bizikletagileak.


ANDONI URZELAI

NEREA:
Niri ez zait sekula burutik pasatu zinemagilea izatea. Baina gogoratzen naiz umetan erlojugilea izan nahi nuela. Zoragarriak iruditzen zitzaizkidan ordulariak, era guztietakoak.

ANDER:
Ba, nik gaztetan golegilea izan nahi nuen. Atezain ona nintzen futbolean, baina aurrelari golegilea izaten da jokoan pozik handienak hartzen dituena.


NEREA:
ZER IKASI DUGU GAUR?

ANDER:
Alde batetik, euskara hutsezko filmen zinemaldi bat badaukagula. Eta beste alde batetik, -gile atzizkia askotan erabiltzen dugula, gauzak egiten, idazten, sortzen dituzten pertsonak izendatzeko.

NEREA:
Edariak egiten dituztenei deitzen diegu ardogile, sagardogile, txakolingile... Eta upelak egiten dituena da upelgile.

ANDER:
Janari egile batzuei ere esaten diegu gaztagile, gozogile, txokolategile, txurrogile, pizzagile...

NEREA:
Arauak jartzen dituena araugilea izaten da. Eta legeak idazten dituenari legegilea deitzen zaio.

ANDER:
Bi horiek aipatu dituzunean, niri gogora etorri zaizkit iruzurgilea, kaltegilea, tirogilea, delitugilea...

NEREA:
Ez zaizu ongilerik bururatu?

ANDER:
Hara!, Nerea, presaka joan beharra daukat! Tripetatik ez nabil ongi, eta sendagilearekin hitzordua dut.

NEREA:
Ea ez duzun gaitzik. Bihar arte, Ander.