IRRATIA

Adi eta Ari | Zerez eta zerezko

[2x13] Ikasgai honetan 'zerez’, ‘zerezko’, ‘-zko’ eta hitz elkartuak landuko ditugu.

Edariaren lagunik onena taloak dira. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


ANDER:
Egun on.

NEREA:
Halan ekarri.

ANDER:
Nola egiten dira taloak, Nerea? Seguru nago zuk badakizula.

NEREA:
Arto irina behar duzu. Aurrena, ur epelarekin eta gatz apur batekin irin hori eskuez landuko duzu. Ondoren, zapi busti batean bilduta utzi, ordu erdiz. Azkenean, ore horri pilota batzuk kendu eta ondo-ondo zanpatu.

ANDER:
Zartagin batean eta su bizian gorrituko ditut taloak, ezta?

NEREA:
Hala da. Arto irinez egindako ogi moduko bat da taloa, zapal-zapala eta biribila.

ANDER:
Festetan taloak saltzen ibiltzen dira: txorizoarekin beteta, edo hirugiharrarekin, edo gaztarekin. Euskal sandwich bat dela esan liteke.

NEREA:
Edozer gauzarekin bete dezakezu. Bezperan sobera geratutako jakiez, adibidez: barazkiak, edo ganba batzuk maionesarekin, edo arrain pastela...

ANDER:
Ni probatuta nago antxoekin eta atun xehatuarekin. Aparta da.

NEREA:
Legatz frijituarekin geratzen da bikain. Eta beste batzuei txokolate urtuarekin gustatzen zaie taloa.

ANDER:
Gari irinez egiten dira gaur egun ogiak. Baina lehen arto irina izaten zen, garia garestia baitzen.

NEREA:
Javi Rivero sukaldariak dioenez, gure gastronomian garrantzia izan duen jakia da taloa. Garai batean, taloarekin eta esne pixka batekin zopak ere egiten ziren.


JAVI RIVERO



NEREA:
Artoz egindako irina da arto irina. Gariz egindako irinari deitzen zaio gari irina. Eta arrozezkoari, arroz irina. Hitz elkartuak egiten ditugu horrela.

ANDER:
Baratxuriz egindako zopa da baratxuri zopa. Eta, berdin, taloz egindakoari deitzen zaio talo zopa.

NEREA:
Hamaikak aldera jatea gustatzen zaidan pintxoa da patata tortilla.

ANDER:
Euskaraz egindako liburuak dira euskal liburuak. Eta gainerakoak izaten dira erdal liburuak edo erdarazkoak.

NEREA:
Poemez, ipuinez eta antzerkiz osatutakoak izaten dira poema liburua, ipuin liburua eta antzerki liburua.

ANDER:
Trenarentzat diren bideak burdinaz egindakoak dira. Horregatik deitzen zaie burdinbidea edo trenbidea.

NEREA:
Egurra egosiz egiten den ikatzari deitzen zaio egur ikatza.

ANDER:
Frontoian eskuz jokatzen delako da eskupilota.

NEREA:
Zerez egiten den, zerez osatzen den, zerez jokatzen den... bi hitz elkarturik sortzen ditugu izen berriak.

ANDER:
Ingelesez 'football' asmatu zuten: oinak eta baloia elkartuta.

NEREA:
Espainieraz 'bocacalle' esaten diote kale baten hasierari: ahoa eta kalea elkartuta.

ANDER:
Hizkuntza guztietan daude horrelako adibideak. Baina euskaraz hitz asko eta asko osatzen dira gisa honetan.

NEREA:
Oso praktikoa da.

ANDER:
Taloa bezalaxe.


JAVI RIVERO



NEREA:
Artozkoak dira taloak, garizkoak dira ogiak eta patatazkoak dira tortillak.

ANDER:
Zerez eginda dauden esateko -zko atzizkia baliatzen dugu.

NEREA:
Harriz egindako etxea harrizkoa da.

ANDER:
Eskailera batzuk egurrezkoak izaten dira, eta aulki batzuk plastikozkoak,

NEREA:
Badaude urrezkoak diren kaiolak ere.


ANDER:
ZER IKASI DUGU GAUR?

NEREA:
Irina artoz eginda baldin badago, arto irina esaten zaiola. Eta, beraz, artozkoak direla taloak. Osagaia adierazten dugu horrela.

ANDER:
Nire jertsea artilezkoa da, eta larruzkoa zure txamarra.

NEREA:
Gure liburuak euskarazkoak dira, baina irakurtzen ditugu espainierazkoak eta frantsesezkoak ere.

ANDER:
Kontu batzuk izaten dira gezurrezkoak, beste batzuk beldurrezkoak, eta gutxienak umorezkoak.

NEREA:
Telebistan asko dira amodiozkoak, eta ez gutxi fantasiazkoak.

ANDER:
Presaz bizi garenez, presazkoak izaten dira gauza gehienak. Eta dudazkoak dira, gainera, ziurgabetasuna nagusi delako.

NEREA:
Esate baterako... presazko janaria esaten zaio janari industrialari. Eta dudazko kalitatea daukala salatzen dute elikaduraz arduratzen direnek.

ANDER:
Gaur bertan talo batzuk egiten saiatuko naiz.

NEREA:
Ongi, Ander. Gustura jango nuke bat. Bihar ekarri eta hementxe beteko ditugu ahuakatez eta tomatez.

Hemen entzun dezakezu Javi Riverori egindako elkarrizketa.