IRRATIA

«Donostia euskaldun, ireki eta jator batean sinesten dugu»

80 urte bete ditu Donostiako ogitartekoen tenpluak. Juantxo tabernak ospakizun eguna du ostiral hau. Egun arduradun den Xabi Agirrek hartu gaitu bertan: tabernaren historia, oraina  eta etorkizuna izan ditugu hizpide. Iraganetik etorkizunera beti egiteko modu bat ardatz. Bertatik, bertakoentzat.

Xabi Agirre, Juantxo tabernako atarian. (NAIZ Irratia)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Turisten joan-etorriak  hartutako Bulebar jendetsutik  pausu  gutxira donostiar eta euskaldun askorentzat oasi bilakatu den Juantxo tabernak 80 urte bete ditu. Euskaraz hitz egin nahi duenaren oasi. Bertako ogi, arrautza eta patataz egindako ogitartekoak jan nahi dituenaren oasi. Sabela betetzeko soldata erdia utzi nahi ez duenaren oasi. Gertuko zerbitzua eta bizkorra bilatzen duenaren oasi. Juantxok donostiar eta eta Donostiara gerturatzen diren euskaldun askoren sabelak eta bihotzak konkistatzen bete- betean asmatu du zortzi hamarkada hauetan.

1920 aldera agertzen dira tabernari buruzko lehen datuak: garai hartan baina Migeltxo taberna zen. 1945. urtean hartu zuen bere kargu Juan Etxabek eta  Migeltxo, Juantxo bilakatu zen. Etxabek eta bere semeak eraman zuten tabernaren gidaritza 80. hamarkada bitarte. Ataungo familia batek hartu zuen testigua, tartean zen egun tabernaren arduradun den Xabi Agirreren aita. Baina Juantxo  Jauntxo denetik aldatu ez dena tabernaren egite ona izan da. Esentzia bera izan da hamarkada luze hauetan: produktua eta bezeroak zaintzea.
Turistifikazioak, neurriz kanpoko prezioek eta dudazko kalitatezko produktuek gero eta leku gehiago duten Donostiako alde zaharrean, salbuespen urrietako bat da Juantxo. Bertakoek, bertakoarekin eta bertakoentzat egindakoa. Ongi etorriak dira atzerritarrak ere, baina ez daude euren izatea edozein preziotan saltzeko prest. Donostia euskaldun, ireki eta jator batean sinesten dutela dio Xabi Agirrek, eta horren baitan lan egiten dute.

Izenez ezagutzen ditu tabernariak bezeroak, atera gurutzatzerako badaki batek sagardo trago bat behar duela.  Sumatu dio besteari patata-tortila ogitartekoaren neurriko zuloa duela sabelean. Ez dute luzaro iraungo bezeroen gose- egarriek. Di-da batean eskuartean dute behar dutena.  Gartziategiko sagardo freskoa batek. Galparsoro okindegiko opilean jasotako patata-tortila besteak ( Patatak eta arrautzak ere bertakoak). Zortea alde izan dutela dio Xabi Agirrek, beste batzuk ere saiatu direla norabide horretan lan egiten. Gauza jakina da baina zorteak ezer gutxitarako balio duela behar den moduan lanean harrapatzen ez bazaitu. Ez dago 80 urtez irauten duen kausalitate gabeko kasualitaterik.

Zortzi hamarkada, bada zerbait. Izan dira garai loriatsuak bai, baita estutasun ederrak pasatakoak ere ordea. Azkena beharbada pandemia garaia. Baina ateak zabaltzeko aukera izan zutenarekin bat bertan ziren izen abizenak dituzten bezeroak. Etxeratze garaiaren ostean,  askoren bigarren etxea den hau berriz zapaltzea bizilagun askoren lehen pausua izan zen. Aurrez ere bizi izan dituzte garai epelak. 80. hamarkada kasu. Karga polizialak tarteko Juantxoko bezero eta langileek ere izaten zuten nahikoa larritasun.

Baina  itzalak itzal,  Juantxora sartzeaz bat goxotasunak irabazten du terrenoa. Eta horrelaxe, goxo eta une goxoak gogoratuz ospatu nahi dute efemeride borobila. Ostiral honetan da hitzordua. Iluntzeko 19:00tatik 22:00tara ointxo-pote berezia antolatu dute. Gonbidatu dituzte besteak beste urte hautan guztietan Juantxoko barratik pasatako langile guztiak, Juantxo Etxabe zenaren semea tarteko. Ikusiko da gaur barraren ze alde aukeratzen duten.