Adi eta Ari | Baizik, baizik ere, baino
[2x10] Ikasgai honetan honetan 'baizik', ‘baizik ere’ eta 'baino' noiz erabili landuko dugu.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
ANDER:
Egun on, Nerea.
NEREA:
Kaixo, Ander.
ANDER:
Euskalgintzaren Kontseiluak idazkari nagusi berria izendatu zuen iaz.
NEREA:
Badakit, bai. Idurre Eskisabel kazetaria, idazlea eta unibertsitateko irakaslea.
ANDER:
Kazetaria izan zen, 'Euskaldunon Egunkaria'-n aurrena eta 'Berria' egunkarian ondoren.
NEREA:
Antropologoa da formazioz, ezta?
ANDER:
Bai. NAIZ Irratian elkarrizketa bat egin diote. Kontu askori buruz jardun dute: hizkuntzaren auziaz Euskal Herrian, euskaratik aparte daudenengana iritsi beharraz, hizkuntza hegemonikoez, hizkuntzen arteko dominazio harremanez...
NEREA:
Batzuetan ematen du, aurrera egin ordez, atzera egiten dugula hizkuntzaren arloan.
ANDER:
Nire ustez, epaileak euskararen kontra ari dira. Azken aldian sententzia bidegabeak eta arraroak eman dituzte.
NEREA:
Hizkuntza nagusiaren edo hegemonikoaren alde egiteko ohitura daukate epaileek. Lan publiko batean kontratatua izateko ez dagoela euskara jakin beharrik erabaki dute.
ANDER:
Beti esaten digute euskara ez dela debekatua izan, euskarari ez zaiola trabarik ipintzen, euskara denon ondarea dela, eta abar. Baina zenbat bider zokoratzen den arlo publikoan ere!
NEREA:
Entzun dezagun Idurre Eskisabelek zer esan duen NAIZ Irratian.
ANDER:
Hementxe daukat grabazioa.
IDURRE ESKISABEL
ANDER:
Herri honetan hizkuntza arazo bat dagoela ezin da ukatu. Euskaldun guztiek erdaraz badakigu, baina erdaldun gehienak nagituta daude euskara ikasteko eta erabiltzeko.
NEREA:
Idurre Eskisabelek ongi esan du: «Euskara bera ez da arazoa, baizik eta hizkuntza bakar bat baino gehiago dagoela».
ANDER:
Nerea, noiz erabiltzen dugu baizik hitza?
NEREA:
Baizik juntagailu bat da.
ANDER:
Eta zer juntatzen du?
NEREA:
Bi esaldi elkartzen ditu beti. Eta bi esaldiren kontrakotasuna adierazten du baizik hitzak.
ANDER:
Elkartzen dituen bi esaldi horietatik, lehenengoa ezezkoa izaten al da?
NEREA:
Bai, halaxe da. Berez, baina hitzaren antzekoa da baizik hitza. Eta, zuk esan duzun bezala, juntatzen dituen bi esaldietako lehenbizikoa ezezkoa izaten da.
ANDER:
Ez daki euskara, ingelesa baizik.
NEREA:
Udaltzainak ez du euskaraz egin nahi, gazteleraz baizik.
ANDER:
Akats berbera ez dugu behin bakarrik egiten, askotan baizik.
NEREA:
Euskarak ez du gizartea sakabanatzen, elkartu baizik.
ANDER:
Konturatu naiz: lehen esaldiaren kontrakoa adierazten ari da bigarren esaldia. Kontrakotasun hori ongi markatzeko erabiltzen dugu baizik hitza.
NEREA:
Primeran ulertu duzu.
ANDER:
Dudarik gabe... gaur ez dut lanera joateko batere gogorik, parranda egitekoa baizik.
IDURRE ESKISABEL
ANDER:
Idurre Eskisabelek baizik eta formula erabili du: «Euskara bera ez da arazoa, baizik eta hizkuntza bakar bat baino gehiago dagoela».
NEREA:
Elkartu ditugun esaldietako bigarrena luzea denean, errazagoa egiten zaigu aurrealdera pasatzea baizik hitza. Eta kasu horretan, bigarren esaldi hasieran baizik eta formula erabiltzen da.
ANDER:
Erdalduna banintz, ez nuke aurrena alemana ikasiko, baizik eta gure herrikoa eta kultura ederrekoa den euskara.
NEREA:
Hizkuntza hegemonikoa ez da inoiz baztertzen, baizik eta beste hizkuntzen gainetik nagusitzen.
ANDER:
BERAZ, ZER IKASI DUGU?
NEREA:
Bi esaldi kontrajarri elkartzean erabiltzen dugu baizik edo baizik eta juntagailua.
ANDER:
Ipar Euskal Herrian berdin egiten al dute?
NEREA:
Toki batzuetan baizik ere esaten dute: «Kantu hauek abesten ditugu ez dibertitzeko, baizik ere gure nortasuna sendotzeko».
ANDER:
Beste alde batetik, nik askotan entzuten dut baino hitza, baizik ordez.
NEREA:
Egia da, bai. Ez daki euskara, ingelesa baino.
ANDER:
Udaltzainak ez du euskaraz egin nahi, gazteleraz baino.
NEREA:
Euskarak ez du gizartea sakabanatzen, elkartu baino.
ANDER:
Ez dut lanik egin nahi, parranda baino.
NEREA:
Zuk zeuk ikusiko duzu zer egin, Ander. Laster arte.
Hemen entzun dezakezu Idurre Eskisabeli egiindako elkarrizketa.