IRRATIA

«Erabileran urratsak emateko aukerak daude eta hor eragin nahi du Euskaraldiak»

Martxan da Euskaraldia eta lortutako aktibazioarekin baikor mintzatu da Jon Kobeaga koordinazio orokorreko kidea. Txapa artefaktu gisa erabiliz, hizkuntza ohiturak aldatzeko gonbidapena egin du.

Euskaraldian enbaxadore lanetan arituko diren lagunen aurkezpen, joan den azaroaren 7an, Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Hilabete luzez egindako lanaren fruitua ematen ikusteko modua izango da datozen egunetan Euskaraldian. Euskararen erabilera, ordea, urte osora zabaltzeko konpromisoa hartzea herritarrek da helburu nagusia.

Koordinazio orokorreko kidea da Jon Kobeaga. Udaberrira pasatzeak baikortasuna ekarri du, kalean euskaraz aritzeko ordu gehiago eta harremanak izateko aukera gehiago ematen baitu. Euskaraldiaren ariketak badakar konpromiso indibiduala hartzea, baikoitzak zein portaera hartu erabakitzen baitu. Elkarrizketak euskaraz izateko proposamena egin du Kobeagak, «probatu egin behar baita hizkuntza ohiturak aldatzeko».

Tokiko batzordeen lana

Izugarrizko aktibazioa lortu du Euskaraldiak oraingoan. Koordinazio orokorretik lana egin dute bereziki herri batzordeetara joan eta bultzada emateko. «Emaitza oso positiboa izan da», esan du; «ilusio eta jende berria etorri da eta hamaika egunetan antolatutako ekitaldien zerrenda da horren adibidea».

Euskara aktibatzaileen gidaliburu bat ere sortu dute, herri batzordeak laguntzeko. Gakoak ematen dituzte bertan, nola lan egin elkarteekin edota nola aktibatu jendea iradokiz: «apur bat batzordeen funtzioaz hitz egiten du. Zelan zabaldu herrian ariketa, elkarte eta entitateekin nolako lanak egin. Herritarrak euskaraldiaren antolaketan nola aritu aholku liburu bat da».

Txapa, artefaktua

Euskaraldiaren helburua erabileran eragitea da, ariketaren markoak horretarako aukera ematen baitu Kobeagak uste duenez. Gainera, arnasguneei zein erabilera apalagoa dutenei aukera bera ematen die: «euskararen ezagutza zein den ikusita erabileran urratsak emateko beharra dago, eta hori planteatzen du Euskaraldiak. Ahobizi edo belarriprest aukeratzeak ez du jakintzak zerikurisik, baizik eta gehiago portaerarekin. Erabileran urratsak emateko aukerak daude eta hor eragin nahi du Euskaraldiak».

«Txapa da artefakturik garrantzitsuena» nabarmendu du koordinazio orokorreko kideak. Txapa duen  norbaitekin aurkitzeak estres linguistikoa desagerrarazten duela dio, tentsioa ezabatzen duela eta gonbidapen bisuala dela horrekin euskaraz aritzeko. «Euskaraldian izena eman dutenei txapa jartzeko dei egiten diegu», amaitu du.