IRRATIA

«Onartezina da sindikatu guztioi ezezko borobila eman dion patronal bat babesten jarraitzea»

Formetan bai, baina politika publikoetan aldaketarik ez da izan Imanol Pradalesen agintaldian LAB sindikatuaren arabera, Confebasken menpeko izaten jarraitzen duela salatu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak

Garbiñe Aranburu NAIZ Irratiaren estudioetan (NAIZ Irratia)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Maiatzaren lehena igaro berritan langile borrokaren garrantzia azpimarratu du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak NAIZ Irratian. Mobilizazio jendetsuak izan ziren eta orain arteko bidetik jarraitzeko mugarri garrantzitsua izan zela adierazi du. «Berriro ere, aurtengo maiatzaren lehenean erakutsi dugu langile antolakuntza eta langile borrokaren garrantzia, klase elkartasunaren garrantzia, eta LABen balioen atzean badaudela milaka eta milaka langile mobilizatzeko prest daudenak».

Pentsio duinak eta gutxieneko soldata propio bat dira LABek azken asteotan indartu dituen borrokak. Azkenaren inguruan patronalak «ez duela inolako borondaterik horrelako akordio baten negoziazioari ibilbiderik emateko» aipatu du eta «hitz egiteari berari uko egin diotela». Herritarren ongizatean berebiziko garrantzia duten elementuak dira  pentsioak eta soldata, baina patronala izaten ari den jarrera ere salatu du: «Jarraituko dugu patronala presionatzen eta herri ekimen legegilea bada, patronala presionatzeko beste bide edo modu bat».

Gainera, Imanol Pradalesen exekutiboari Confebask babesteari uzteko eskatu dio: «Pradales lehendakariarekin egon ginenean, zuzenean aipatu genion onartezina zela Confebaski babes politikoa ematen jarraitzea. Onartezina sindikatu guztioi horrelako ezezko borobila eman dion patronal bat babesten jarraitzea».  LABeko sindikatuak aitortu duenez, bazituzten bitartekoak eta mekanismoak Confebaski babes eta zilegitasun hori kentzeko, eta akordio bat bultzatzeko jarrera proaktiboagoa bat, inplikazio handiago bat behar zutela. Baina, gaur da eguna inplikazio hori ikusten ez dutena.

Proposamen eta adostasun ugari egin arren, LABeko sindikatuak horiek inplementatzeko bide berri bat marrazteko beharra nabarmendu du. «Guri dagokiguna da eredu alternatibo bat marraztea, trantsizio sozialerako dela trantsizio feministarako. Era berean ere kontziente izatea kapitalismoa eredu basati bat dela, sozialki oso injustua, ekologikoki bideraezina, eta kapitalismoari alternatiba oso bat eraikitzea  mundu mailako erronka bat dela».