«Energia berriztagarriek gure etorkizuna bermatuko dute»
Itzalaldiaren ajeak gainditurik, azterketa eta hausnarketarako unea da. Gaia oraindik ere pil-pilean dago eta itzalaldiak eragindako iluntasunari argitasuna emateko Oihane Abarrategi, EHUko irakasle agregatua eta ingeniari elektroniko teknikoa NAIZ Irratian egon da.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Bi egun igaro dira itzalalditik, eta oraindik astelehenean zer gertatu zen jakin gabe jarraitzen dugu. Zerk eragin zuen itzalaldia? Zeinek du ardura? Red Electrica erakundeak zibererasoa baztertu badu ere, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak ez du hipotesirik zokoratu momentuz. Antonio Turielek, beste batzuen artean, NAIZ.eus-i eskainitako elkarrizketan entitate pribatuetan jarri du fokua. Bada, itzalaldiaren zergatiak azaldu eta beste galdera batzuk erantzun ditu Oihane Abarrategi ingeniari elektronikoak NAIZ Irratian.
Abarrategik azaldu du «sistemaren ezegonkortasun» batek eragin zuela itzalaldia, eta «gehiegizko eskaintzak» zerikusia izan zuela adierazi du. Dioenez, sorkuntza eta eskariaren arteko «parekotasuna» mantentdu behar da arazoak saihesteko, eta astelehenean sorkuntza gehiegi zegoen itzaldia izan zenean: «Nahikoa eta soberan, eta eskaria ez zen oso altua».
Egoera horren harira, arazoak sortu ziren penintsularen hego-mendebaldean dagoen sorkutza talde batean. Energiaren jaitsiera bat izan zen, eta hasieran aurre egin zioten, baina handik gutxira «beste ebento bat» izan zen. «Ezin izan zuten egonkortasuna mantendu, eta beste sorgailu batzuk deskonektatu ziren, kate erreakzio bat sortuz».
«Zergatik? Ez dakigu», adierazi du Abarrateigk, eta zuhurtzia eskatu du, ikerketek ondorioztatuko baitute benetako zergatia. Beraren esanetan, itzaldia egoera «arraroa eta puntual» baten ondorioa izan da, aztertu beharrekoa. «Ez dakigu zergatik gertatu den, baina ikasteko aukera ona izango da».
Batzuek energia berriztagarriak ezbaian jarri dituzte, eta Abarrategi horiek defendatu ditu. «Energia berriztagarriek gure etorkizuna bermatuko dute. Eta ikasi behar dugu ondo erabiltzen», gaineratu du. Dena den, «beti gertatu den bezala» ikaspen prozesu batean gaudela zehaztu du.
Sistemaren interkonexioak ere izan ditu hizketa-gai. Frantziar Estatuarekiko gertutasunak argindarraren itzultze azkarrean lagundu zuela nabarmendu du. Hala ere, argi utzi du «sistema konplexua» dela, eta ezin dela «faktore batengatik» azaldu. Gainera itzalaldia izan ondoren «kontuz ibili behar zara, ezin duzu dena aldi berean piztu, pixkanaka joan behar zara».