IRRATIA

Adi eta Ari | Nondik eta norengandik

[1X35] Ikasai honetan nondik eta norengandik landuko ditugu.

Arriba, Chillida en la colocación del «Peine del Viento». Abajo, presentación de la muestra. (G. RUBIO | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


NEREA:
Iepa, Ander.

ANDER:
Iepa!

NEREA:
Jolas bat proposatuko dizut!

ANDER:
Primeran! Izugarri gustatzen zait jolastea!

NEREA:
2002an zendu zen artista batek esandako bi aipu irakurri eta nor den asmatu beharko duzu!

ANDER:
Ez dirudi erraza, baina has gaitezen!

NEREA:
Lehenengoa, «artistak badaki zer egiten duen, baina bere lanak merezi izateko, muga hori gainditu eta ez dakiena egin behar du».

ANDER:
Horrelakoak esateko, artista sakona izango da.

NEREA:
Bigarrena, «dena deskubritzeko dago. Dena ezagutzen dugula pentsatzea ipuin bat da».

ANDER:
Oso zaila da! Beste pistaren bat eman beharko didazu!

NEREA:
Ados! 2024ko urtarrilaren 10ean bera jaio zenetik 100 urte bete dira.

ANDER:
Hortik hasi behar zenuen!!! Badakit, Eduardo Chillida!

NEREA:
Oso ondo, Ander!

ANDER:
Aitonaren jaiotzaren 100. urteurrena ospatzeko Mikel Chillidari elkarrizketa egin diote, eta omenaldiko urtea hasi berria den arren, oso pozik daudela aipatu du.


AUDIOA | Mikel Chillida

ANDER:
«Sekulako oihartzuna, eta jasotzen ari gera berotasun pila bat, bai jendearengandik, kultur eragileengandik, erakundeetatik».

NEREA:
Ederra izan behar du zure aitonagatik horrelako berotasuna jasotzeak.

ANDER:
Inguruko guztiengandik jasotzen ari omen dira berotasun hori.

NEREA:
Gaurko gaira iritsi gara: leku batetik gatozela adierazi nahi dugunean, nondik erabiltzen dugu: oraintxe lanetik atera naiz, Oriotik bueltatu dira koadrillakoak.

ANDER:
Izaki biziduna denean, norengandik erabiliko dugu: «norengandik ikasi duzu hori guztia?»

NEREA:
«Nire amarengandik, berak transmititu dit dantzarekiko maitasuna».

ANDER:
«Nik, berriz, irakurzaletasuna aitarengandik jaso dut, gogoan ditut txikitan berarekin ohean irakurtzen pasatutako uneak».

NEREA:
Kasu honetan, Mikel Chillidak jendearengandik jaso du aitonarekiko berotasuna, eta baita kultur eragileengandik ere.

ANDER:
Erakundeak ere bidelagun izan dituzte, eta kasu honetan bizigabea denez, erakundeetatik esango dugu.

NEREA:
Donostiako Victoria Eugenia antzokian egindako ekitaldi batekin hasi zuten urteurren ospakizunen garaia, eta hunkigarria izan zen.

NEREA:
«Aitonaren dimentsioa erakutsi nahi genuen, arte plastikoetan bakarrik ez baita oinarritu: natura, musika, filosofia, dantza... Atzokoan zabalera hori erakutsi nahi genuen».

ANDER:
Urte osoan egingo diren ekitaldietan ere hori guztia transmititzen saiatuko dira.  


AUDIOA-36 | Mikel Chillida

NEREA:
Diziplina askotako programa horrek ere ziur maitasun handia jasoko duela zaleengandik.

ANDER:
Horretarako, erakusketak, ekitaldiak eta liburu bat ere argitaratuko dute.

ANDER:
Horietan guztietan aitonak erabiltzen zuen presarik gabeko denbora hori ere hartuko dute ardatz.

NEREA:
Ziur guk ere aurkituko dugula aitzakia politen bat aurten Chillidaren inguruan berriro aritzeko. Baina aurretik gaur ikasitakoa gainbegiratuko dugu!

ANDER:
Nondik eta norengandik deklinabide-kasuak ikusi ditugu; pertsona baten ondotik edo leku batetik etorri edo zerbait jasotzen dugula adierazteko.

NEREA:
Nondik izaki bizigabeekin erabiliko dugu: «Ander, gaur, euskaltegitik deitu didate».

NEREA:
Bizidunekin, berriz, norengandik. «Ikasleekin gure podcasta entzun omen dute eta oso iritzi onak jaso dituzte ikasleengandik».

ANDER:
Ze poza! Gurea ondo egiten saiatzen jarraitu beharko dugu eta ea jendearengandik berotasun hori jasotzen jarraitzen dugun!

NEREA:
Maitasunez eta goxotasunez egiten ahaleginduko gara! Gaurkoz goxo-goxo utziko zaituztegu.

ANDER:
Izan ongi! 

Hemen entzun dezakezu Mikel Chillidari egindako elkarrizketa.