IRRATIA

«Publikoa zabala da orain, ez da mendizalea soilik, jaialdiak asko ireki ditu esparruak»

Gaur arratsaldean abiatuko da Mendi Tourra Tolosan, mendia, abentura eta natura gaien inguruko zinema ziklo ibiltaria. BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren azken edizioko pelikula onenak hautatu eta publiko berriari eskainiko dizkiote.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Sukalde beretik ateratako bi plater mahai ezberdinetara eramateak ez du esan nahi bat bestea baino hobea denik. Jar dezakegu plater bat foko eta kamera asko dauden eta nazioarteko sona duen eszenatoki batean eta jar dezakegu bestea hainbeste foko ez dauden, baina tamaina bereko maitasuna eta goxotasuna jasoko duen leku batean. Bi inguru ezberdin, baina bietan arima bera. Hori izan daiteke Mendi Film jaialdia eta Mendi Tour zikloa ezberdintzen dituena.

Abenduan Bilbon egin zen jaialdi nagusiak bidea egiten jarraitzen du urtean zehar eta badira jada ezinbestekoak diren geltokiak. Martxoaren 10etik 12ra, hamabigarrenez izango da Mendi Tourra Tolosako Leidor aretoan eta Aitor Elduaienek edizio honek dakarrena aletu digu. «Tolosakoa bereziena bada, lehendabizikoa hau izan zelako; bagenekien herria gai hauen zalea zela eta apustu hartatik gauza asko errotu dira, orain jendetsuena da» esan digu.

Hala ere, leku gehiago bisitatuko ditu zinema ziklo ibiltariak. Igorre, Azpeitia, Salamanca, Agura, Zarautz... «Hamar ediziotik gorako herriak baditugu, eta badakigu zein pelikulak funtzionatuko duen zein herritan» aitortu digu Elduaienek. 

'Red Rock Revolution', 'Peligro, no asomarse', 'Haize lerroak', 'Jamie'... Denetarik topatuko du bertaratzen denak. «Publikoa zabala da orain, ez da mendizale eta kayak-zalea soilik, jaialdiak asko ireki ditu esparruak».