IRRATIA

«Lanbide Heziketako eskaintza hartu eta zatitu egin dugu, ibilbide desberdinetara egokitzeko»

Ikasturteari ia 50.000 ikaslerekin ekin zioten Lanbide Heziketan EAEn. Aurtengoan berrikuntzak daude, gainera: titulu ofizialak eskuratzeko bideak jarri dira eta Hasierako Lanbide Heziketa deritzona sortu da. Jon Mirena Labaka Lanbide Heziketako sailburuordeak eman digu horien berri.

Lanbide Heziketako eskola, Usurbilen. Artxiboko argazkia. (Gorka Rubio | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Badira urteak Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketa eskaintzen dela. Matrikula kopurua igotzen ari da urtero, eta azken hamarretan eman den joera da. Aurten %6ko igoera izan dute baina, erreferentzia gisa azken hamarkada osoa hartuta, bikoiztu egin da ikasle kopurua, ikasturte honetako 50.000 matrikulatuetara iritsi arte.

Gizartean Lanbide Heziketako profilen eskaria handitu dela nabarmendu du Jon Mirena Labaka sailburuordeak NAIZ Irratian: «gu ere ari gara moldatzen gizarteari zerbitzu hori emateko, eta ziklo berriek, ikasle berriek, espazio berriek... lana eskatzen dute».

Eskaintza bera eraldatzen ari dira; ez kopuru aldetik bakarrik, baita formari dagokionez ere. Ikasleen egoerak hain anitzak izanik, bi urteko ziklo arruntetik at malgutasuna bilatu dute, kasuan kasuko ibilbide egokituak moldatzeko.

C graduen dinamikarekin hasi dira aurten, alegia, modulu bakoitzeko ataltxoak lantzeko aukerarekin, nork bere bidea diseinatu eta tituluak lortzeko prozesua bere neurrira egiteko. Horrekin batera, lan munduan irabazitako esperientzia onartzeko prozesuak ere ari dira bultzatzen aspalditik (esaterako, urte luzez taberna batean lanean egon den pertsona batek ostalaritzako ezagutzak eskuratu dituela aintzat hartzea).

Berriki Lanbide Heziketa molde berri bat proposatu da ia ehun zentrotan, hastapenak indartuz. «Ohiko ibilbidea» egitera datorren gazte baten beharrei erantzuteko, adibidez, eragile ugariz osatutako sare zabala agertzen da. Baina ez da beti hala izaten, eta horregatik dio sailburuordeak jarraitzen dutela gizartean zer dagoen ikertzen, eta «ikusten dugu batzuetan ibilbide horiek malgutasun handiagoa behar dutela».

D motako ziklo arrunta, oinarrian 2.000 ordukoa dena, banatu egiten da C deritzon dinamika berriko atal txikiagoetan. Unitate horietako bakoitzak tituluaren zati partzial bat suposatzen du, eta akreditazio bat lor daiteke horiekin, curriculum edo erregistro ofizial batean jasota geldituko delarik. Labakaren esanetan, «aukera asko ematen ditu horrek», izan ere, «pertsona berak hainbat ataltxo akreditatu ditzake bere lan esperientziaren arabera, beste batzuk ikastetxean gauzatzen ditu eta azkenean lortzen du titulazioa». Beste kasu batzuetan, «bere egoeragatik ez du titulazio osorik behar eta nahikoa dauka labur batekin».

Profil anitzak sortzeko bide anitzak

Orain, ikasleengan soilik pentsatu ordez, enpresaren inguruan jartzen dute begirada. Gero eta profil anitzagoak bilatzen dituzte azken horiek. Informatika ezagutzak dituen elikadurako profesional baten bila dauden kasu batean, lehen bi profil behar baziren, egun badago aukera bata bestearekin partzialki osatzeko.

«Lanbide Heziketako eskaintza guztia hartu dugu nolabait eta zatitu egin dugu, pertsonaren ibilbidearen erregistroa gera dadin. Ikastetxeetatik esfortzu handia egiten gabiltza aldaketa esanguratsu horrekin».

Bigarren maila batean, kontziente dira lanean eta ekiten asko ikasten dela. Horregatik, orain arte praktikaldi arruntak izan direnak dualak bihurtu dira, eta ez lehenengo mailara bakarrik, bigarrenera ere zabaldu dira. Hala, ahalbidetzen da ikasleek hasieratik jakitea zein lan ingururekin topatuko diren. Alderdi praktiko hori ikasketa prozesu baten barruan eta helburu pedagogiko batzuekin zehazten da.

Hala ere, ez da nolanahiko erronka: praktikaldi horiek bermatzeko behar duten enpresa kopurua ere bikoiztu egin da. Aldaketarik sakonena da egonaldi horietan helburua ikasketa indartzea dela.

Ikasle zerrenden indartzea, sektoreka

Aipatutako guztiaz gain, beste erronka bat ere sortzen da, sektore desberdinen arteko aldea eskaintzari dagokionez. Gizartearen beharrak ez datoz beti bat ikasleek euren etorkizuna irudikatzeko duten moduarekin edo aurretik ezagutzen dutenarekin.

Izan ere, ezezagutza dago hainbat lanbidetan zer egiten den. Joera orokortuen gainetik, momentu honetan enpresa munduan lan aukerak daude esparru zehatz batzuetan. Fabrikazioaren ingurukoetan handia da eskaintza, eta langabezia 0. Aldiz, badira gazteentzako erakargarriagoak izaten diren zikloak, lan tasa altua izanik ere, %100ekoa ez dutenak. Hainbat gremiotan zaila egiten zaie langileak topatzea.

Labakak badu horretarako gakoa, ikasleenganako orientazioa: «ziklo bat edo bestea aukeratzeko garaian ikus dezaten zein lan-baldintza topatuko duten, sektoreak zein okupazio maila daukan eta zer etorkizun espero den».

Gainera, sektore berrietan ere ari dira sartzen, oihartzuna dutenak eta jende gehiago erakartzen dutenak (zibersegurtasuna, adibidez), «hori delako gure ardura». Erraza izaten zaie behar handia duten ziklo berri horietara ikasle berriak erakartzea; beste kasu batzuetan, baina, ez hainbeste. Oreka hori aurkitu nahian, balantza ziklo industrialetarantz makurtzea dute erronka, hutsune horiek betetze aldera.

Jakin badaki Labakak zerbitzu sektoreko aukerak gehiago gustatu ohi zaizkiola jendeari, turismoa aipatu du tartean. Dena den, sektore industrialaren berri ematea da orain haien «betebeharra», elkarbizitzan baitaude biak ala biak.