«Momentu horietan ez nuen ikuskizuna zalantzan jartzen, nire burua baizik»
Mitoaroaren teloiaren atzeko ikuskizunari buruz gehiago jakitekotan, gurera etorri da Hodei Arrastoa bertako showcaller-a.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Luzaroan iraungo duen mito bat utzi digu Zetak taldeak urte hasieran emandako bi kontzertu haiekin. Makroprodukzio bat izanik, atzetik ikusten ez den izugarrizko lana du horrelako ikuskizun batek. Bigarren Kafean jakingurak jota Hodei Arrastoa gonbidatu dugu, Mitoaroako ‘showcaller’-a. Bere hitzetan, figura honen lana «emanaldia aurrera eta ondo doala ziurtatzen duen pertsona hori» dela dio. Koordinazio lanetan eta gertatzen den xehetasun bakoitzaren gainean dagoen hori. Bakoitzaren beharrak jakin eta kudeatzen dituena. Produkzio, teknikari, argi eta bestelako buruekin hitz egin eta dena kontrolpean duen pertsona hori da showcaller-a.
Produkzio aldetik zailtasunen bat ikustean ea zerbait bertan behera utzi behar izan zuen galdetzean, «bertan behera utzi ez, baina bai ez nekiela nola atera aurrera edo ez nuela argia ikusten» onartu digu Arrastoak. «Momentu horietan ez nuen ikuskizuna zalantzan jartzen, nire buruak hori dena nola sostengatuko zuen baizik», azaldu digu. Kontzerturako hilabete faltan sartu zen lantaldean, eta hasieratik ikasketa lanekin hasi zen. Ordutik urtarrilaren 3raino lasterketa bat izan da.
Mitoaroaren tripetaraino sartu gara. Dena den, Bigarren Kafea gurekin hartu du.