IRRATIA

'Itzuli23' belaontzian Iberiar Penintsulari itzulia

Oriotik atera zen Jokin Muñoz ordiziarra 'Itzuli23' belaontzian. Penintsulari itzulia ematea zen helburua. Bi metroko olatuak, orkak eta itsasoari errespetu gutxi dioten sasi-kapitain aberatsekin gurutzatu zen. Raquel Mendez bere bikotekidearekin batera hurbildu da esperientzia kontatzera.  

Jokin Muñoz (Jokin Muñoz ordiziarra atzean 'Itzuli23' belaontziarekin Penintsula Iberiarrari eman zion itzulian)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Orioko portutik abiatu eta ia hiru hilabeteko zeharkaldia egin zuen Jokin Muñoz ordiziarrak 2023an. Hiru itsasotan nabigatu zuen, Midi kanala zeharkatu eta tartean abentura ugari bizi izan zituen, berriz ere Kantauri Itsasora itzuli arte.

2010eko asteburu batean, bere lagun batekin hegaluzeak arrantzatzera joan zenean konturatu zen Jokin Muñoz itsas nabigazioa gustatzen zitzaiola. Hortik hiru urterara erosi zuen ‘Masusta17’ ontzia, erdibana lagun batekin.

Pixkanaka joan zen Muñoz nabigatzeko beharrezkoak ziren tituluak eskuratzen. Aisialdiko nabigaziorako beharrezkoa den PER gidabaimenaren ondotik etorri zen yateko kapitain titulua. Eta hura lortuta iritsi zen bere lehen itsas abentura: Ozeano Atlantikoa belaontzian zeharkatzeko aukera sortu zitzaion 2015ean. Kanariar Irletatik Karibeko San Bartolomera 24 eguneko zeharkaldia osatu zuen.  

Gustatu zitzaion lehen esperientzia hori nonbait, zeren konforme ez, eta zerbait bakarrik egiteko  gogoa  piztu zitzaion ordiziarrari. Liburu bat izan zen inspirazio iturri, eta letra artean galduta konturatu zen Iberiar Penintsulari itzulia ematea bazela aukera bat.

Kantauri Itsasoa zeharkatu eta Ozeano Atlantikora sartzear zela, Cavo Ortegalen dagoen Cariño herrian egun batzuk geratu behar izan zuen ekaitzarengatik

Ametsak betetzeko direla kontatu digu Raquel Mendez bere emazteak, eta halaxe, bidaia prestatzeari ekin zioten. Ontzi egokia topatzea izan zen lehendabiziko erronka.  Itsasoan nabigatzeaz gain, Frantziako Midi kanala zeharkatu ahal izateko ezaugarri zehatzak zituen ontzia izan behar zuen: esloraren eta aurtza tolesgarriaren arteko oreka egokia behar zuen.

Azkenean, Murtzian topatu zuten baldintza horiek betetzen zituen 7,5m-ko txalupa. ‘Itzuli23’ jarri zioten belaontziari izena. Bidaiaren ezaugarri garrantzitsuena, bidaiatik bueltan etxera itzultzea zela konturatu zirenean. 

Ez zen ametsetako hasiera izan, baina lehen egunetik atera zituen ikasgaiak. Barrez gogoratu du nola eguraldi iragarpena begiratu gabe finkatu zuen bere irteera data, eta garesti atera zitzaiola hori. Oriora hurbildu baitziren lagun eta senideak agurra ematera, «bi metroko olatuak zeuden, hotza, eta ni galtza motzetan».

Kantauri Itsasoa zeharkatu eta Ozeano Atlantikora sartzear zela, Cavo Ortegalen dagoen Cariño herrian egun batzuk geratu behar izan zuen ekaitzarengatik. Gauero lupia afaltzen zuen, eta ez berak arrantzatutakoa, bertako arrantzale batek oparituta baizik.

Ez zuen bakarrik egin itzuli osoa, bidaiaren zati batzuk konpainia onean gainditu zituen: Rias Baixasetik, Portugalgo Aveiroraino, 5 egunez, Jon Zabala izan zuen bidelagun. 'Itzuli23' autosufiziente izan zedin Zabalak belaontziari eguzki plakak jarri zizkion. Trukean ez zuen dirurik nahi, baizik eta zeharbidean bidelagun izan, eta hala izan zen.

Horrelako bidaia batean erabaki gogorrak hartu behar dira tarteka eta Jokin Muñoz ez zen bidegurutze horretatik libratu. Kostan hainbat orka eraso ematen ari ziren, besteak beste, Gibraltarren belaontzi bat ondoratu zuten animaliek, eta arriskua ez zen tontakeria bat. Asko pentsatu eta gero belaontziaren izenari men eginez, «bizirik itzultzea» garrantzitsuena izaki, belaontzia kamioi batean sartu eta zeharkaldiaren zati bat lurretik egitea erabaki zuen Muñozek.