IRRATIA
Entrevue
Peio Dufau
EH Baiko diputatua

«Lekuan leku erabakiak hartzeko aukera behar dugu, eta ez Parisetik lurralde guztientzat»

Estatu frantsesak lehen ministro berria du, François Bayrou, eta ondorengo orduetan gobernu berria osatu behar du, edota 2025 urteko aurrekontuak lotu. Gaia jorratzeko, Peio Dufau izan dugu NAIZ Irratian, EH Baiko diputatua Asanblea Nazionalean.

Peio Dufau, artxiboko argazki batean. (Guillaume Fauveau)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


François Bayrou lehen ministroak indar politikoak hartuko ditu astelehen honetan, Frantzia Intsumitua salbu, gehiengorik gabe aurrekontu proiektu bat pasarazteko gai izango den gobernua osatzeko irtenbide bideragarri baten bila. Asanblea Nazionalean, diputatuek lege proiektu berezia eztabaidatuko dute, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera zerbitzu publikoen funtzionamendu erregularra bermatzea helburu duena.

Hitzordu horren aurretik eta jardun horri buruz hitz egiteko NAIZ Irratian izan da Peio Dufau, EH Baiko diputatua Asanblea Nazionalean.

NAIZ Irratian izan zen azken aldian nabarmendu zuen ezkerreko lehen ministrorik gabe emaitza berdina izango zela. Galdetuta ea gauza bera espero duen François Bayrourekin, Peio Dufauk aitortu du ez dakitela oraindik zer esan. Momentuz ez da eskuin muturraren babesik, eta horren arabera ere ikusi beharko. Dena den, garrantzitsua izango da Macronen jarduna. Kezkagarritzat jotzen du, «gehiengo batek ezezkoa» eman diola kontuan hartuta. Zentzu horretan, nolabaiteko adostasuna lortzea espero du Ipar Euskal Herriarentzat gako diren gai batzuetan, hala nola; laborantza, etxebizitzaren erronka edo zerbitzu publikoak.

Orain artean aipatutako izenen artean daude Jean-Yves Le Drian ministro izandakoa edota Bernard Cazeneuve lehen ministro izandakoa. Izen horiek proposatuko balira, akaso kolokan egongo litzateke Fronte Popular Berriaren batasuna. Dufauren ustetan, «izenez ezkertiarrak dira baina Emmanuel Macron presidentearengandik hurbil egon diren pertsonak dira, eta ezkerrak ez du inolako interesik horrelako profilekin». Izan ere, halaxe eskatu zuen ezkerrak, baina Macronek, «beti bezala, alderantzizkoa egin du». Arestian esan bezala, gaineratu du datozen egunetan ikusiko dutela ze ate ireki eta zein ixten den.

Hizkuntza eta bestelakoak

François Bayrou aipagai eta begirada atzera botata, esan behar da ministro izan zenean elebitan jarri zirela Ipar Euskal Herriko errepideetako afixak eta Seaskako irakaskuntzari zilegitasuna eman ziola 1994 urtean. Hala ere, elkargoaren kontra egin izan du. Euskal Herriari dagokionez, zalantza sortzen da zer nolako eragina izan dezakeen lehen ministro berriak hemendik aurrera.

Dufauren aburuz, baliteke hizkuntzari begira zer edo zer aurreratzea, baina bere lehentasuna izan beharko litzateke. Hezkuntza Ministeritzan izan zenetik, «gogo bat erakutsi izan du beti gure hizkuntza babesteko». Alta, gaineratu du, beste hainbat elementurekin «nahiko gaizki ikusten du Ipar Euskal Herriaren osaketa herri elkargo gisa edo etorkizun bat eraikitzea Euskal Herriaren izenean». Izan ere, departamendu berean aritzen dira eta, elkarrizketatuak deitoratu duenez, Bayrouk «bere eskua mantendu nahi du horretan eta ez du zatiketarik ikusi nahi gure herriarentzat».

Ikusi beharko dute EH Baitik Bayrouk nola eramaten dituen lehen gaiak, ea elkarlanean argi sartzen den ala mantenduko ote duen Michel Barnierrek eraman izan duen moldea.

Autonomia proposamena

Asteburu honetan EH Baik finantzaketa propio eta 24 eskuduntzako autonomia proposamena egin du. Diputatu gisa izango duen rolari buruz mintzatu da Dufau: bere proposamena eraman nahi du Parisera, eta beste alderdietako buruekin hitz egin, hori dena Ipar Euskal Herrira ekarri eta bertan eraikitzeko. Hori dena ez da ezerezetik aterako, ordea. «Lan handi baten ondorioa da».

Frantses demokraziari buruz dio «egoera larrian» dagoela egun, krisian, Parisetik erabat zentralizatua baitago: «guk sinesten dugu, eta hainbat herritarrek ere sinesten dute, lekuan leku erabakiak hartzeko aukera behar dela, eta ez Parisetik lurralde guztientzat, egoerak guztiz desberdinak baitira tokika».

Etxebizitzaren gaiari begira direla ere esan digu, krisi larrian direla eta frantziar Estatu osoan ez dela pareko egoerarik. Hori dela eta, Ipar Euskal Herriak neurri bereziak behar dituela azpimarratu du, baina erabaki zein norabide propioak hartzeko beharra nabarmenduta, beste behin, Parisen menpe egon beharrik gabe.