IRRATIA

«Kilotan joan den urtean baino elikagai gehiago lortu dugu»

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak 925 mila kilo elikagai bilduko ditu Azken Minutua programaren bidez. 2009az geroztik, Elikagai Bankuak urtean 250.000 euro jasotzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatu duen hitzarmenaren bidez. Gehiago jakiteko, NAIZ Irratian izan da Juanjo Amunarriz.

Juanjo Amunarriz Gipuzkoako Elikagaien Bankuko boluntarioa. (Naiz Irratia)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


1997an jaio zen irabazi asmorik gabeko elkartea da Gipuzkoako Elikagaien Bankua. Bertako idazkari eta boluntarioa den Juanjo Amunarrizek 10 urte daramatza bertan lanean eta egin du 2024. urteko kanpainaren balorazioa: nahiz eta oraindik ez dakiten dirutan zenbat jaso duten, «kilotan joan den urtean baino elikagai gehiago lortu dugu».

Furgonetan hasten dute eguna boluntarioek elikagaiak jasotzen. Elikagaien Bankuak Oiartzunen eta Bergaran ditueen egoitzetara eramaten dituzte ondoren eta jasotakoarekin klasifikazioari ekiten diote galkorrak diren produktuak hozkailuetan sartuz. Egoitzetan Bankuaren jardunerako ezinbestekoak diren «hogei boluntario inguru» biltzen direla zehaztu du Amunarrizek. Behin lan katea amaituta elkarteak elikagaiak jasotzera joaten dira banaketa hasteko, Elikagaien Bankuak ez baitu «zuzenean elikagairik banatzen».

Bilketatik harago dirua ere jasotzen dute bonu bidez. Juanjo Amunarrizek azaldu du lehenengo bilketarekin ez dutela «behar guztia betetzen». «Bonuetatik ateratzen dugun diru horrekin beharrezkoak diren elikagaiak erosten ditugu eta gero berriz banatu».

Elikagaien Bankua gizarteak zenbateko beharra duen ikusteko isla ona izan daitekeela eta hori nolabait jakiteko «termometro» propioa dutela esan du boluntarioak: «Egon daitezke beste aldagai batzuk ere, baina guk urtean elikagaiak banatzen dizkiogun jende kopuruaren arabera ikusten dugu hori. Orain dela bi urte 23.000 lagunentzat banatzen genituen elikagaiak. Egun 17.000-18.000 dira».

Jendeak Bankuarekiko nolako ikuspuntua duen esatea «zaila» deritzo Amunarrizek. Badaki «ezjakintasuna» badagoela, horregatik bisita egiteko, eta are gehiago, boluntario izateko gonbita egin du.