IRRATIA
Entrevue
Santi Osoro
Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidente ohia

«Txirrindularitza osatzen dugun familia alde batera utzi dute»

Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidente ohia den Santi Osorok gezurtatu egin du lasterketen logistikari buruzko akordioetan eurekin adostasunik egon denik. Oraindik ere, gobernuaren «aldebakarreko jarrera» salatu du, «txirrindularitza osatzen dugun familia alde batera utzi dute».

«Konponbidea; txirrindularitzan eskubideen alde» lelopean egin zen manifestazioa. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Albiste zen, Gipuzkoako Jarduneko Txirrindularitza Federazioa akordio batzuetara iritsia dela Lakuako Trafiko eta Segurtasun arduradunekin, herrialde horretan antolatutako lasterketen logistikari dagokionez. Kontua da, Federazioko kide zirenen dimisioaren ostean, diputazioko jendea dela orain honen kargu, «txirrindularitzaz askorik ez dakien jendea», Santi Osoro Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidente ohiak NAIZ irratian azaldu duenez. «Beraiek ari dira bilerak egiten, gu albo batera utzita», gaineratu du Osorok.

«Bilerak, hasteko, lan orduetan egiten ari dira eta ezin gara horietara joan ordua aldatzeko eskatu arren. Azkeneko bileran 12.00etarako deialdia zuten Eusko jaurlaritzako Trafiko Zuzendaria, Gipuzkoako Diputazioko Trafiko Arduraduna, Ertzaintza, diputazioa bera eta Federazioko zuzendaritza, diputazioak berak ezarrita dagoela. Nik dakidala, horko inork ere ez du sekula lasterketarik antolatu, ez dutelako sekula txirrindularitzarekin loturarik izan», argitu du Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidente ohiak.

«13.15etarako deialdia genuen nik neuk eta Gipuzkoako Federazioko aurreko kide batzuek. Kontua da aurrez hitzegin behar zuten dena, gu albo batera utzita, zutela, eta gero sartzen ginen gu, besterik gabe zein erabaki hartu zuten esateko. Eta hori gutxi ez eta, gure ordezkariak sasoian iritsi baziren ere, Gipuzkoako Aldundiko jendea berandu iritsi zen eta gure ordezkariei esan zien beste 20 minutuz kanpoan itxaroteko beraiek erabakiak adostu arte», kexatu da Santi Osoro. «Hori errespetu falta latza da», azpimarratu du.

«Txirrindularitzari buruz zeozer dakiten bakarrak eta txirrindularitza barnetik bizitzen dutenak ordubete pasa kanpoaneduki zituzten, besteek zer erabakiko zain», gaineratu du.

«Adostasunik ez da egon, ez gurekin behintzat», dio Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidente ohiak. Gobernutik aldebakarreko jarrera izaten jarraitzen dutela adierazi du, eta azken batzarrean, Federazioko kide zirenekin errespetu falta nabaritu dutela ere azpimarratu du.

«Orain arte bi asanblada egin dituzte Gipuzkoako txirrindularitzan ordezkaritza duten estamentu guztiek: zikloturistak, teknikariak, kirolariak, antolatzaileak, epaileak... Aurreneko asanbladan egutegiak eta lasterketak martxan jartzea nahi izan zen, baina inolako bilerarik eta, ondorioz, aurrerapenik, ez zegoen, gehiengoz proposamen biak atzera bota ziren. Bigarren asanbladan, berriz, estatutu berriak eta hauteskudeen egutegi berria jarri ziren mahai gainean. Orduan ere, egoerak bere horretan jarraitzen zuelako, gehiengoz baita ere, eman beharreko pausoak eman arte alperrikako lanetan ari ginela ebatzi genuen. Baina handik egun batzuetara dekretu bidez asanblada interbenitu ziten eta bi asanbladetan hartu ziren erabakiak atzera bota zituzten eta beren kabuz onartu zituzten gauzak eta martxan jarri», azaldu du Osorok. «Hau da benetako egoera», gaineratu du, diputazioaren egiteko modua salatuz.

«Txirrindularitza osatzen dugun familia alde batera utzi dute, eta beraien kontura ari dira batere ezagutzarik gabe», salatu du Osorok. «Ez dakit zertarako, gainera», adierazi du. «Ez dut uste beraiek joango direnik lasterketetara bidegurutzeak ixtera edo hesiak jartzera. Ez dut uste guk egin ohi ditugun lan horiek egingo dituztenik; gu albo batera utzita, alperrik izango dira onartzen dituzten gauza guztiak», dio.

Horrez gain, «trafikoko arazoez bakarrik» hitzegin dela argitu nahi izan du Santi Osorok, beste gai batzuek jorratu ere egin gabe. «Ez da anbulantziez ezer adostu, ez motorren enlazeen gaietaz, ez zeintzuk laguntza emango zaizkien antolatzaileei... Ertzaintzako buruekin bildu dira, besterik gabe, eta Ertzaintzak bere irizpideak jarri ditu mahai gainean, inorekin eztabaidatu gabe, eta diputazioko zuzendaritzak egin duen bakarra guztiari ‘Amen’ esan. Horixe da ˝akordioa˝», azaldu du.

«Baina benetazko akordiorik ez dago», gaineratu du Osorok. «Betiko legeak daude, batzuek okertuta, eta justu guk aldarrikatzen dugun guztia; hau da, lege horiek aldatu edo gutxienez eztabaidatu beste eraren batera moldatzeko, ba horren harira ez da inongo elkarrizketarik egon», laburbildu du.

«Bilerak berien artean egiten dituzte, gero jen deari esateko biltzen ari direla eta zerbait egiten ari direla, baina egia esan, alperrikako bilerak dira, ezer ere erabakitzen ez delako. Lehen behintzat, manifestazioa egin eta gero, bagenuen ilusioa, lanerako eta behintzat hitzegiteko prest zeudela ematen zuelako. Baina itxurakeria besterik ez dugu ikusi eta ez dietela daukagun arazoari benetan heldu nahi, ezta txirrindularitzarekin zerikusirik duen jen dearekin ez dutela ezer ere ez hitzegin ezta adostu nahi ere. Orduan, etsipena geroz eta handiagoa da eta borrokan jarraitu beharko dugu; protesta ekintza gehiago egingo ditugu. Ez da gure gustuko gauza, baina horra jo beharko dugu», amaitu du Osorok, etsita.

«Txirrindularitza egoera honetan uzterik ez dago. Ahaleginak egin beharko ditugu, ez gaudelako prest egoera honekin horrela bukatzeko», esanaz jarri die Osorok errematea bere adierazpenei.