«Filmengatik hasi nintzen, baina kirol honetaz maitemindu egin naiz»
‘Kung Fu Panda’ eta ‘Karate Kid’ filmen maratoi batek lotu zuen 21 urteko gasteiztar hau karatearen mundura. Ez omen du dominarik atera 20 urte bete arte, baina Iruñean jokaturiko Munduko Kopan lan bikaina egin zuen duela astebete, Pisu Astuneko munduko txapelduna bera ere estu hartzeraino.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Iruñean izan berri da karateko Munduko Kopa. Eskertuko da tartean behin etxetik gertu halako esperientzia bat izatea, etxekoak, lagunak... gerturatzeko, ezta?
Bai, hori da. Oso polita da Munduko Kopa bat jokatzera kanpora joatea eta beste kultura batzuk ezagutzea, baina irteten zarenean zure gertukoak inguruan sentitzea oso garrantzitsua da. Are gehiago nire kasuan bezala halako txapelketa batean berria bazara eta urduri bazaude. Gurasoak, irakasleak, lagunak... harmailetan ikustea oso ona izan da niretzat, bai lasaitzeko bai borrokara ateratzeko orduan gehiago disfrutatzeko.
Zer moduz joan da zure lehenengo esperientzia hau?
Bai, Espainiako selekzioarekin aurrenekoz izan naiz, aurreneko Munduko Kopa izan da honakoa. Egia da beste taldekide batzuekin zenbait esperientzia bizi izan ditudala aurretik, beste txapelketa batzuk, bizikidetza, beste deialdi batzuk, eta esan dezaket dagoeneko taldekideak baino lagunak bihurtu direla, baina, hala ere, nerbio asko nuen. Ezin dut esan ez naizela urduri egon.
Lehenengo Madrilgo Errendimendu Altuko Egoitzara (CAR) jaitsi ginen, han egin genuen prestaketa eta gero igo ginen Iruñera. Madrilera joan aurreko gauan ez nuen lorik egin oso urduri nengoelako mundu guztia oso trankil zegoen bitartean. Baina tira, lagunen artean lasaitu nintzen, eta txarrena izan zen Navarra Arena hutsik ikustea, Munduko Koparen bezperan. «Hostia, non nago?», pentsatzen duzu. Gero borroka egiteko egunean berriz ere urduritasuna; jendea, lagunak eta abar, zure izena kantatzen, sekulako giroa... Baina borrokara aterata, badakizu zertara zoazen; txapelketa txapelketa da, kontzentratu eta ondo pasatzera.
Karatean, lehian zabiltzatenean, isiltasuna behar duzue?
Arraroa da apur bat. Karatean ‘katak’ eta ‘konbateak’ daude; ‘katak’ nolabaiteko «erakustaldi artistikoak» dira eta hor isilik egon behar duzu, kontzentrazioa behar delako. ‘Konbatea’ batetik besterakoa da dena: zarata, animoak... Teknika bat egiten duzunean harmaila guztia oihuka hasten da... Futbol partida bat bezalakoa da, kristorena! Puntua sartzen baduzu, denak oihuka hasten dira, eta zuk zeuk ere, lehiakide bezala, bizi egiten duzu, puntua sartu duzulako, agian irabazten zoaz eta emozioa duzu borborka... Ez zara belauniko jartzen futbolean bezala, baina imintzioak... buf! Beraz, bai, ‘katan’ ez bezala, harmailak askoz gehiago animatzen du ‘konbatean’.
Nola joan zen txapelketa? Zeintzuk izan ziren talderik onenak?
Aurreneko egunean serie-buruak lau multzotan banatu zituzten, elkarren aurka ez lehiatzeko: Egipto, Jordania, Frantzia eta Italia ziren hauek, eta gainontzekoak bonbo baten sartu gintuzten. Guk zorte txarra izan genuen, gure taldean baitziren Brasil, sorpresa eman dezakeen «selekzio txiki» bat dena; Turkia, Europako Txapelketan hirugarren amaitu duena aurten; Japonia, karatean historia duen herrialdea; eta Egipto, egungo munduko txapelduna.
Zorte txarra izan genuen, baina pentsatzen zuten gu lehiakorrak ere ez ginela izango, oso lan zaila zelako. Ez dugu taldeen erronda gainditu, baina ikusi da zeinen ondo borrokatu dugun: Brasil eta Turkiari irabazi diegu; Egiptori ez genion irabazi, baina aurre egin genion behintzat! Eta kontuan izan Egiptoko bost karateka titularrak munduko txapeldunak direla buruz buruko mailan. Bakoitza! Irabazi egin ziguten, baina aurre egin genien; ez gara jipoituta irten. Japoniaren aurka, berriz, azken konbatea izan zen eta irabaziz gero hurrengo txandara pasatu behar ginen, eta hura ere justu-justuan joan zen, konbate baten aldearekin.
Azkenean, Egipto geratu zen lehena Munduko Kopan, Iran bigarren eta Japonia hirugarren. Domina irabazle biren kontra bakarrik galdu genuen.
Lehiaketa hau taldeka da, baina buruz buru egiten da borroka. Zeinen aurka tokatu zitzaizun?
Bigarren txandan abisatu zidaten: «Zu Egiptorekin!» Eta gainera, lehenengo atera behar nuela esan zidaten gero. Nik nire artean nioen, «bueno!». Noski, hoberenak aurrenekoetan ateratzen saiatzen zara, hasieran hiru konbate galtzen badituzu, hurrengo biek ez dutelako ezertarako balio!
Beti esan didate borrokan zuzen joaten naizela aurkariaren bila. Eta abisatu zidaten «aurreneko bidaltzen zaitugu borrokalari on edo oso handi bat egokituko zaizulako ziurrenik. Hari gerra eman behar diozu! Gainera, atzerantz egiten baduzu, mundu mailako ‘Top’ batek irabazi egingo dizu, beraz, segi gerrara!». Jarri ginen formazioan, eta zein egokituko, eta aurtengo Pisu Astunetako munduko txapelduna! Eta nik berriz, nire artean: «Buenoooo!»
Zuretzat hori berri ona ala txarra da?
Oso berri ona da kristoren argazki pila izango nituelako! (Barrez) Serio, niretzat sekulako ohorea da. Baina orduan, aurrez aurre duela urte erdi munduko txapelduna izan dena eta rankingetako puntan dagoena ikusten baduzu... esaten diozu zure buruari: «Baina zertan ari naiz hemen? Ni Gasteizko gazte bat naiz karatea praktikatzen hasi zena. Kito».
Beraz, niretzat kristoren ohorea da. Egia da batzuk beldurtu egiten direla, baina nire kasuan ez; «Hauxe da nire momentua!» pentsatzen dut.
Plaza gizona zara orduan?
Bai. Erronkak gustatzen zaizkit. Izan ere, zenbat eta aurkari hobea izan aurrean, presio txikiagoa! Berez jipoia eman behar dit. Beraz, aurrera!
Kolpeak ondo jasotzen dituzu orduan?
Bai, oso ondo! Gainera, polita izan zen nola Egiptoren aurka, talderik zailenaren kontra eta lehenengo tokatu zitzaidan borroka egitea. Gainera, ni, halakoetan hasiberria nintzena. Baina momentu batean irabazten nindoan eta harmaila osoa sekulako animoak ematen ari zen, eta nik nire artean nioen, «argi, oraindik irabazi egingo diot!» Gero, ba egia da Egiptoko hauek bizitza osoa daramatela txapelketetan eta eskarmentu pila bat dutela.
Hasieran 1-0 galtzen hasi nintzen, baina aurpegian emandako ostiko batekin, hiru puntu balio du horrek, buelta eman nion. Sekulako subidoia izan zen, bideoa birala egin da... 30 segundoren faltan pentsatzen nuen eroaren pare etorriko zitzaidala gainera, baina ondo eusten ari nintzen, eta azken hamar segundoetan, oraindik irabazten ari nintzela, sartu zidan azken puntua. Baina tira, 4-3 amaitu genuen, oso justu. Itzela izan zen!
Aipatu duzu hiru puntu balio duela aurpegian ostikada batekin asmatzeak. Nola irabazten da karate borrokaldi bat?
Puntuka doa, noski, eta teknika bakoitzak puntuazio ezberdina dauka. Eskuaz emandako kolpeek, aurpegira nahiz gorputzera, puntu bakarra ematen dute; gorputzera emandako ostikoek, bi puntu; ostikada aurpegira, hiru puntu, eta lurrera erortzen bada aurkaria, hiru puntu ere bai.
Horrez gain, teknika minimo bat eskatzen da, ez du edonola jotzea balio puntuak pilatzeko: eskuaz emandako kolpe batean, eskua ondo luzatuta egotea, eta kolpea eman ondoren eskua berriz ere behar bezala norberarena biltzea... eta noski, burua, gorputza, dena delakoa, ikusi egin behar da. Eta azkenean, epaileek ezartzen dutena da irizpidea eta beraiek banatzen dituzte puntuak. Lau epaile egoten dira, erdian egiten denaz gain. Azken horrek egoera kontrolatzen du; hau da, tatamitik atera bazara, konbatea gerarazten du, eta lau izkinetan daudenak dira puntuak banatzen dituztenak. Beraien ustez puntua sartu bada, botoi batzuk zapaltzen dituzte eta bi epaile edo gehiagorentzat teknika balekoa izan bada, pantailan azaltzen da puntua igotzen dela.
Borrokan ari zaren bitartean ikusten al duzu zenbat puntu dituzun?
Bai. Markagailua bistan daukagu, falta den denbora eta baita zenbat «txartel hori», zenbat falta daramatzagun. Zentzu horretan, ikusten duzun horrekin joka dezakezu. Adibidez, irabazten ari bazara denbora gutxiren faltan eta falta gutxi baldin badituzu, ba agian tatamitik atera zaitezke... Estrategia egokitzeko balio du.
Lehen aipatu duzu pisuarena: pisuaren arabera lehiatuko zarete; aipatu duzu Egiptoko aurkaria «pisu astuna» zela.
Bai. Buruz burukoan pisuaren araberako baremo bat erabiltzen da. Nire kategoria berez 75 kilo baino gutxiagokoa da, edo 84 kiloz azpitik, edo 84 baino gehiago... eta pisu horretan borrokatzen zara. Baina taldeka ez da horrela. Zer pasatzen da taldeka? Ez dagoela pisu bat ezarrita. Zuk eta taldekideek daukazuen pisue daukazue, dela 75 kilo baino gutxiago edo 84 baino gehiago edo dena delakoa.
Orduan tokatu dakizuke borrokalari arinena astunenaren aurka borrokatzea, edota zortea baldin baduzu, bi astunenek elkarren aurka egin dezakete borroka. Estrategia kontua da gehiago, kasu askotan, entrenatzaileen kontua, berak erabakitzen baitu zeinek borrokatuko duen.
Beraz, tatamira atera baino minutu bat lehenago izanda ere, ez dakizu zeinen kontra borrokatu behar duzun?
Desfilea egin aurretik beroketa salan zaude eta han zaudela «coach» bakoitzak alineazioa idazten du paper batean eta eman egin behar du. Gero irteten zara tatamira! Hasieran plantak ere egin ditzakezu han edo hemen jarrita, baina agurra egiteko orduan jartzen zara dagokizun tokian; lehenengo, bigarren, hirugarren... eta orduan ikusten duzu zeinen kontra egin behar duzun borroka. Orduan kontuak eta esaten duzu «buf!»
Eta Egiptokoen kasuan, denak ezagutzen ditugu, oso famatuak direlako. Beti daude Munduko Txapelketetan finaletan eta badakigu zeintzuk diren. Demagun, Kolonbia, Peru edo antzeko herrialderen baten aurka tokatzen bazaizu, agian ez dakizu zein den egokitzen zaizun aurkaria, eta orduan ez dakizu zorte ona edo txarra zer izan duzun. Baina Egiptokoen kasuan, denak ezagutzen genituen eta «ea zein tokatzen zaidan» pentsatzen duzu.
Eta nola eramaten duzu ziurgabetasun hori? Normalean kirolean badakizu zeinen aurka jokatu behar duzun, baina zuen kasuan, ez dakizu azkenera arte.
Pertsonaren araberakoa da hori. Nire kasuan, nahiago dut bestea zein izango den ez jakitea. Nire gimnasioko kide batzuek agian egun bat lehenago jakin behar izaten dute zeinen aurka aritu behar diren, nola borrokatzen duen, ostiko onak edo esku onak dituen... Nik, berriz, aurkaria zein den momentuan jakitea nahiago dut; horrela ez dut nire borrokatzeko modua aldatzen. Dakidan bezala borrokatuko dut eta horrela saiatuko naiz irabazten; ez dut aldatuko bestea altuagoa delako, txikiagoa delako... Momentua iristean borrokatuko dut eta aurrera! Nahiago dut horrela.
Aurten Munduko Kopa taldeka jokatu da eta datorren urtean, berriz, banaka izango da.
Aurten hasi dira horrela lanean. Orain arte ez zen horrela egiten. Lehenengo banaka egiten zenuen eta biharamunean, taldeka, baina asteburuarekin dominen borrokan sartzen bazinen, berriro bakarka borrokatu behar zenuen. Ikusi da formatu hori ere horrela aurrera eramatea oso zaila zela, eta horrez gain, aurrekontua ere mugatua da. Hau da, taldeka jende handiagoa eramatea agian nahiago duzu, ez dagoelako pisuaren mugarik, eta banaka borroka egitera bazoaz, jende arinagoa ere eraman behar duzu eta horrek diru bat suposatzen du, noski.
Ondorioz, txapelketak banatzea erabaki dute. Bi urtez behin taldeka ospatuko dira eta talde bat prestatuko da horretan lehiatzeko, eta bi urtez behin bakarka izango da txapelketa eta orduan pisu bakoitzeko hoberenak eramango dituzte.
Hala ere, entrenamendua ez da aldatzen txapelketa taldeka edo bakarka izan, ezta?
Ez, noski. Zuk ahalik eta hoberena izateko entrenatzen duzu eta konbateak irabazteko. Taldeka estrategia ere apur bat entrenatu litekeela? Hori ere egia da. Adibidez, zure taldekideak aurreneko borrokaldia irabazten du eta ondoren zuri dagokizu, justu aurkari gogorrenaren kontra. Ba orduan, agian irabazten saiatzea baino, agian hobeto datorkio taldeari berdinketa bat bilatzea. Bestalde, pisu mugarik ez dagoenez, zure entrenamenduetako kideak ere aldatu behar dituzu, zure pisuko aurkaria beti ez zaizulako egokituko.
Eta faltak, oso subjektiboak dira?
Ez, subjektiboak ez, baina kontu zabala da. Garai baten «jarrerari» eta «kontaktuari» loturikoak zeuden; esaterako, aurkaria sudurretik odoletan hasten bada, gehiegizko kolpea eman diozulako da eta kontaktuak kontrolatua behar du, aurpegiari buruz diot; gorputzean gogorrago jo dezakezu.
Orain, berriz, falta guztiak zaku bakarrean sartu dituzte: kolpe indartsuegiak, gerritik beherakoak, edo «situazio» faltak. Tatamitik nahita ateratzea litzateke bat, bi eskuekin bultza egiten badiozu aurkariari, ihesean korrika hasten banaiz, azken segundora arte borrokatu behar duzulako, plantak egiten badituzu eta beharrik gabe zure burua arriskuan jartzen baduzu, edo epailearekiko errespetua gordetzen ez baduzu... Lau «txartel hori» ditugu karatean eta bosgarrena «txartel gorria» litzateke.
Zuzeneko txartel gorririk ba al dago?
Bai. Oso kasu kuriosoak daude: besteari jo eta «knockout» lagatzen baduzu, hiru txartel hori segidan jaso ditzakezu, eta txartel gorria, berriz, hiru mailatan dago jarrita: konbatetik kaleratzen zaituzte batetik, txapelketatik bota zaitzakete bestetik, eta azkena, mutur muturrekoa, pabiloitik kanporatzen zaituzte. Ezin zara pabiloian sartu asteburu osoan! Horrelakorik ez dut inoiz ere ikusi, eh? Ez dakit zer egin beharko litzatekeen horrelako zigorrik jasotzeko, eta horrez gain, karatean oso garrantzitsua dira errespetua eta joko garbia.
«Knockouta» ez da existitzen karatean, ezta?
Bai eta ez. Karate estilo asko daude; guk asteburuan Iruñean egin duguna «Kirol Karatea» edo «WKF»k antolatzen duena da. Baina nire karate originala «Kyoku» karatea da; hau da, «knockouta» bilatzen duena, eta oso ezberdina da. Hor ez dago punturik «KO» horren bila joaten baita. Era berean, ez da horren karate famatua eta ez da hedabideetan hainbeste irteten.
Beraz gu, motibazioa mantentzeko txapelketa asko izatea nahiago dugulako, Karate WKF honetan murgildu ginen. Ikusi dugu gainera gure klubarentzat oso garrantzitsua izan dela aldaketa hau. Txapelketetara joaten hasi garenetik, ume asko elkartu zaizkigu.
Kontaktu kirolak indarkeriarekin lotzen dira eta apur bat badu horretatik, baina zuei txikitatik erakusten dizuete aurkariekin eta epaileekin errespetua gordetzen.
Grazia egiten dit, baina ikusten duzu karate txapelketetan elkarri kristoren kolpeak eman eta gero, konbatea amaitu eta elkar agurtzen dugula, lagunak bagina bezala. Azkenean, tatamira sartzean badakizu hau kontaktu kirola dela, baina handik ateratzerakoan denak gara pertsonak eta lagunak. Egon liteke baten bat konbatea kontu pertsonal bat balitz bezala hartzen duena, baina bestela denak gara lagunak; barruan ez, baina kanpoan lagunak gara.
Txikitan futbola ere egin nuen eta badauzkat futbolean aritzen diren lagunak, eta anbienteak oso ezberdinak dira. Futboleko animoak gehiago dira aurkarien eta epaileen kontra modu negatiboan norbere taldearen alde baino; karatea guztiz bestelakoa da: zure taldea animatzen duzu eta bestea bakean uzten duzu.
Umeek babes bereziekin egiten dituzte borrokaldiak. Zuen kasuan?
Txikitan oinetako babesa, eskuetakoa, kaskoa, peto handi bat... jartzen dizkiete; tankeak dirudite. Adinean aurrera eginda, kaskoa kentzen da eta babesak ere txikiagoak dira. Seniorretan, berriz, oinetan eta eskuetan babesa daramagu, peto fin bat barrutik eta hortzetako babesa. Eta kolpeak ere gradualak dira: txikitan ezin da ukitu eta adinean gorantz zoazela gehiago eta indartsuago jo dezakezu, gorputzean batez ere.
Borroka gogor bat amaitzean gorputza minbera nabarituko duzu ba?
Hori gauean izatean da. (Barrez) Emozionatuta iristen zara hotelera konbatea eta gero, etzaten zara ohean eta orduan hasten zara minez: belauna, sorbalda, burua... Kolpeak beranduago nabaritzen dira. (Barrez)
Hartu duzu inoiz sekulako kolperen bat?
Belaunetik operatuta nago txapelketa bat eta gero. Sorbalda atera zitzaidan beste txapelketa batean... Denetariko esperientziak dauzkat, baina momentuan adrenalinagatik aurrera jarraitzen duzu. Gero hasten dira minak.
Saiatzen gara prestaketa onak egiten, ondo berotzen, eta belaunetik gaizki nabilenean belauneko babesa ere eramaten dut. Ahalik eta gutxien lesionatzen saiatzen gara, baina batzuetan ezin da saihestu.
Entrenamendu aste bat nola banatzen da?
Helburu eta anbizioaren arabera. Munduko Kopa prestatzeko, goizean prestakuntza fisikoa; gimnasioko lana edo antzekoa nire prestatzaile fisikoarekin; arratsaldeetan, karate sesioak. Larunbat goiz batzuetan betiko lagunekin gauza zehatz bat prestatzera joaten ginen, eta horrez gain, niretzat oso garrantzitsua dena, prestaketa psikologikoa.
Taldeka izanda edozertarako prestatu behar duzu: ordezko izateko, titularra izateko, behin bakarrik irteteko, birritan ateratzeko, irabazteko eta galtzeko. Dena prestatu behar duzu emozioak kontrolatzen jakiteko.
Federazioak jartzen al dizue psikologoa?
Federazioak baditu bere psikologoa, dietista eta prestatzaile fisikoa, baina pertsonalki nahiago dugu Gasteizko gure psikologoarekin lan egin, konfiantzazkoa delako eta inork ere ez gaituelako berak bezala ezagutzen.
Euskal selekzioa ere badago eta badu izena gainera, ezta?
Bai. Urte askotan egia da selekzio txiki bat izan dela. Espainiako Txapelketara zoazenean, federazio bakoitzaren ikasle kopuruaren arabera, plaza gehiago edo gutxiago dituzu. Hala, duela bi urte, 21 urtez azpiko nire azkenengo txapelketan, Madril 105 lehiakiderekin joan zen –kategoria guztietan, alegia–; Andaluza, 90ekin; eta Euskadi –EAE– 25ekin joan ginen.
Baina gero dominak nola banatu ziren ikusita, Euskadi hirugarren sailkatu zen, Madril eta Andaluziaren atzetik: 25 lehiakidetik 22 domina atera genituen. Maila oso altua dago hemen eta Espainia mailan, euskaldunon kontra ez dute lehiatzerik nahi, izen ona irabazi dugulako.
Gasteizko Karate Fitness taldean zaude. Nola hasi zinen mundu honetan?
Ez dakit zer esan ere! Karatean hasi nintzen asteburu batean «Kung Fu Panda» eta «Karate Kid»-en maratoi bat ikusi nuelako! (Barrez) Amari esaten hasi nintzen karatea egin nahi nuela, eta, filmengatik hasi banintzen ere, kirol honetaz maitemindu egin naiz. Nire bizitzako kirola da karatea, txiki txikitatik, 6 edo 7 urterekin. Gero txapelketetan sartu nintzen, 9 edo 10 urterekin, entrenatzen nuen hori praktikan jartzeko. Baina hau «bizio» bat da eta aurrera jotzen duzu beti!
Eta «filmen maratoi» horren aurretik ba al zenuen kontaktu kiroletarako joerarik?
Ez! Izan zen futbola uztea karatean hasteko. Ez nintzen halako borrokalaria, baina sekulako maratoia sartu nuen eta gustatu zitzaidalarik, betirako hor barruan. Egia da ere duela hiru bat urte geldialdi bat egin nuela urtebete edo urte eta erdikoa; lesio batetik atera nintzen, ez nintzen ondo sentitzen... Psikologikoki gaizki nengoen eta geratzea erabaki nuen. Betirako izango zela pentsatzen nuen, baina nire gimnasioak pertsona bat gehiago behar zuen taldea osatzeko eta berriz ere sartzen joan nintzen. Hala, dominak ateratzen hasi nintzen eta erabat bueltatzea erabaki nuen.
Hasi zinenean kirol horretan ona zinela ikusten al zenuen?
Teknikoki, ez. Ez daukat halako talenturik, baina hainbeste gustatzen zait kirol hau, non kristoren entrenamendu pila egin ditudan, eta beti egin dut aurrera beldurrik gabe, bestea hobea edo handiagoa izan arren. Hori beti izan da erronka bat aurrerantz egiteko eta urteekin, ondo atera zait. Adinarekin, talentua duena baino lan egiten duena nabarmentzen da. Taldeka bai, baina duela bi urtera arte bakarkakoan ez dut dominarik atera, esaten diet nire ikasleei. Handik aurrera nire momentua izan da eta gehiago ere atera ditut, baina duela bi urtetik hona bakarrik! Hori nire ikasleentzat motibazioa da, amore ez emateko.
Zaila da maila altuenera iristea?
Bai. Hargatik beti esaten dugu lorpen bakoitzaz gozatzeko, lortuko duzun azkena izan daitekeelako. Eta behin goraino iristen zarenean, are eta zailagoa da mantentzea. Hargatik, beti esaten dugu arrakasta bakoitzaz gozatzeko eta gordetzeko.
Umeei ere klaseak ematen dizkiezu. Karateaz bizi zarela esan liteke, ezta?
Zorte handia izan dugu. Txikitatik hasi garenok eta itxura apur bat eman dugunok irakasle lanetan aritzeko ere hartzen gaituzte. 16 urte nituela hasi nintzen klaseak ematen; laguntzaile hasieran eta irakasle gero, eta guretzat zorte handia da. Agian ez da «zure bizitzako lana», baina apur bat irabazten duzu, parrandan irteteko bada ere, eta hainbeste gustatzen zaigun gauza bat izanda!... Eta erraztasun handiak ematen dizkidate. Bi aste egon naiz kanpoan! Lan «normal» bat eduki izan banu, justifikatu egin beharko nukeen. Jagobak nahi du ni joan nadila kanpora eta beti lortzen du beste irakasleren bat.
Zenbat ume daude klubean?
Pila bat! (Irribarrez) Txikitan hasi ginenean bi klase ginen eta gero eta gehiago izaten hasi ginen. Eskola handi bat behar genuen eta gero eta handiagoak behar izan ditugu, batez ere 5 eta 13 urte bitarteko ume pila bat dauzkagulako. Han ere denetarik dago: entrenatzera bakarrik doazenak, txapelketetara doazenak... 25 bat ume ditut klase bakoitzean eta aldi berean hiruzpalau klasek egiten dute lan. Horiek 100 dira; hurrengo orduan, beste 100, edo 90, adinean gorantz eginda ume gutxiagok jarraitzen dutelako.
Hasi nintzenean kurtso bukaeran erakustaldi bat egiten genuen gurasoen aurrean, eta hasiera baten ordubetean erakustaldia amaitzen genuen, txikienetatik hasi eta handienetara. Baina orain bi txanda behar ditugu ez garelako sartzen!
Kanpotik ikusita, ez dirudi karatea oso kirol popularra denik. Nolatan hainbeste ume?
Gauza asko ematen ditu: kirol bat da eta, era berean, arte martzial bat da; hau da, balore batzuk ditu berarekin, tradizio bat, eta hainbat gauza erakusten dira. Ez agian talde lana, baina bai errespetua, kontrola, zure burua kontrolatzen ikasten duzulako...
Euskal Herrian nola dago panorama, diru aldetik, karate egin nahi duen batentzat?
Oso kirol minoritario bat da beste herrialde batzuekin alderatuta, Japoniarekin, esaterako. Han oso ondo ordainduta dago, baina guri Italia oso deigarri egiten zaigu. Gu Italiara joan ginen, beraiekin entrenatzera eta txapelketetan aritzera eta beraiek, Italiako selekzio seniorrean sartzen direlarik «carabinieriak» dira zuzenean, poliziak, eta lanpostuaren araberako soldata daukate, lehiatzen dabiltzan bitartean. Lehiaketa uzten dutenean «carabinierietan» sartzeko aukera mantentzen dute.
Euskal Herrian defentsa pertsonalerako lanetara begira ondo ikusita gaude, baina ez daukagu ezer ere aseguruan eta Basqueteam-en bidez ikasketak burutu ahal izateko diruz laguntzen digute. Txapelketetatik bizitzea oso zaila da, baina bidaiak ordaintzen dizkigute eta hori eskertzekoa da.
Estatu espainolean liga bat badago. Euskal Herrian ere bai? Nola doa kontua?
Euskal Herrian lehiaketa gutxi dago. Umeentzat lehiaketa asko daude, eskolarteko jokoetan eta handik Euskal Herriko Txapelketetarako ateratzen dira hoberenak. Handien mailan ez. Han Euskal Herritik abiatzen dira eta handik ateratzen dira Espainiako Txapelketetarako.
Euskal Herrian, bestalde, ligarik ez dago; Espainian bai. Bi jardunaldi izaten dira eta han puntuak irabazten dituzu –nire pisuan, bost borrokaldi gehi finala jardunaldi bakoitzeko– eta zortzi onenak final nagusira sailkatzen dira. Hango puntuekin erabakitzen da zein izango den liga txapelduna.
Horrez gain, taldekako txapelketak ere hor daude, eta nazioarteko txapelketetara jotzen badugu, Mediterraneoko Txapelketa dago, Europakoa, Mundukoa... eta horrez gain, bi liga daude: A Seriea eta Premier League delakoa –futboleko Bigarren eta Lehenengo balira bezala, hurrenez hurren– A Seriea mundu mailan Top 100ean daudenentzat mugatuta dago eta Premier League hori, berriz, munduko 30 onenentzat mugatzen da. Hauxe da karatean dagoen ligarik garrantzitsuena eta Munduko Txapelketa, berriz, ebentorik garrantzitsuena.
Karateaz bizitzea, gazterik, gurasoekin bizita eta ikasketak amaitzen ari naizela, oso ondo dago: ez daukazu gastu askorik eta zuretzat baduzu dirua. Bizitza helduan sartzen zarenean datoz kontuak. Lana eta lehiaketa uztartzea lortzen baduzu, bikain, baina ezin badituzu uztartu, maila jaisten duzu eta azpitik gazteak ere badatoz «kilimak egiten« eta postua kentzera...
Abenduan izan ohi dira karateko final handiak ligetan. Hortxe ikusiko zaitugu?
Aurten ez. Aurreneko jardunaldian Estatu frantsesean geunden Espainiako selekzioarekin beste txapelketa batean, eta bigarrenean ez ziguten joaten utzi, Munduko Kopako zerrendak atera berri zeuden eta «babestu» egin gintuzten lesiorik izan ez genezan. Beraz, ez dut behar adina puntu. Gure hurrengo hitzordua, gauzak ondo badira, datorren urteko otsailean izango da.