IRRATIA

«Autokonplazentziatik atera eta Europako beste ispiluen aurrean jarri behar dugu Euskal Herria»

Euskal Herriaren azken 20 urtetako bilakaera osoa publikatu du Gaindegiak. Aldaketak eman dira, baina gehiago etorriko dira datozen urteetan. «Betaurrekoak aldatzeaz» mintzatu dira Angeles Iztueta, Malen Dominguez eta Xabier Oleaga. Aldatu, erronka berriak hobeto ikusi eta haiei aurre egiteko.

Xabier Oleaga eta Malen Dominguez (NAIZ Irratia)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Gaindegiak nazioaren azken 20 urteetako erradiografia egin du sortu zeneko hogeigarren urteurrenean. Zer bilakaera izan du Euskal Herriak azken hogei urteotan demografia, ekonomia, hezkuntza edo kontsumo energetikoa bezalako esparruetan? Gaindegiaren azken txostenak Euskal Herriaren bilakaera alderatzeko datuak eta zifrak jaso ditu.

«Lan mardula da eta Gaindegia indartuta geratu da» Xabier Oleaga idazkariak aitortu duenez. Hasiera honetan lan estatistiko on bat egiten zentratu saiatu dira, konparazioak eginez, bilakaerak, eta irizpide batzuekin ondorioak ateratzen. Olaso Dorrea fundazioko kidea da Malen Dominguez, soberanismoaren bueltan egiten du lan, eta Gaindegian egiten duen ekarpena «betaurreko horiek bertan janztea» da naziometroa bezalako tresnekin.

Ikerketa honek «une honetako irudia» eskaintzen du, Oleagaren esanetan, baina aurrera begira urteroko txostenak egitea dute asmoa. Horretarako abian jarri dute egituran batzorde zientifiko berezi bat, Euskal Herriko unibertsitate guztietatik joandako ikertzaileak dituzte. Horiek txosten sozioekonomikoen irizpideak ezarri eta urtero gai bati harreta berezia eskainiko diote. «Euskal Herriak erronka berriak ditu, zaintza sistema edo aldaketa klimatikoa esaterako, elementu horiek txertatzen joango dira», esan du Dominguezek. Egiten dituzten ikerketa guztiak Europako estandar ofizialetan oinarritutakoak dira. 

Gure ekonomiak ematen du nazioa errekurtso propioekin mantendu ahal izateko

«Gaindegia ez da ezustean pasatzeko etorri», nabarmendu du Oleagak, «konstatazio batzuk egingo ditugu». Sozioekonomiari erreparatuta, ikusten dute Euskal Herrian aberatasun nahikoa dagoela gizartearen aspirazioak ongizatetik asetzeko. «Ez dugu interdependentzia ekonomikorik besteekin alderatuta», baieztatu du

Nolanahi, ongizatea modu ezberdinetan neurtzen da, baliabideekin kasu honetan. Alabaina, «marko eta erronka berrien aurrean doikutzak» egiten joan behar dela uste du Dominguezek.

Angeles Iztueta matematikaria eta Eusko Jaurlaritzako hezkuntza, unibertsitate eta ikerkuntza sailburua izandakoa Gaindegiko batzorde zientifikoaren burua da. Euskal Herriak Barne Produktu Gordina nahikoa sortzen duela ondorioztatu du eta hori ongi banatzea dela gakoa. «Behean jende asko dago, goian gutxi; erronka berriei aurre egiterakoan banaketan egongo da gakoa», esan du. 

Erronka handiak, soluzio konpartituak

Arlo asko landu dituzte, tartean demografia. Jaiotzak jeitsi egin dira, geroz eta gehiago bizi gara eta «piramideko zuloak» migrazioak betetzen ditu. Iztuetaren aburuz, «beharrezkoa da erabat migrazioa, baina erronka handiak dakartza berarekin». «Hezkuntzari lotuta, gizartean txertatzea ezinbestekoa izango da, geroz eta hizkuntza aniztasun handiagokoa delako gizartea eta hemendik 20 urtetara gizarte kohesionatu baterako lanketa handia egin behar da arlo ezberdinetatik», gehitu du.

Bestetik, BPG bikoiztu egin da azken 20 urtetan Euskal Herrian: zerbitzuek bi puntu egin dute gora, industriak puntu bat behera. Antzekoa da egoera, baina Europako zenbait herriekin konparatuz Euskal Herria «industria herria da». Aldaketa txiki horiek lan merkatuan ondorioak dituzte, zerbitzuetako eta industrietako lanpostuak desberdinak direlako. «Enpresen egiturak eta lan munduaren atomizazioak aldatu du zerbitzuek pisua handitzea beste arloen gainetik», esan du Dominguezek.

Nolabait, zerbitzuak lehen industria zerbitzuak ziren eta orain nazioarteko enpresen zerbitzuak bilakatu dira, horrek dakarren prekarizazio eta bestelako baldintzekin.

Hezkuntzari lotuta, Unibertsitate eta Lanbide Heziketako ikasketak dituzten langileak Europako tasa altuenetan kokatzen da Euskal Herria. Begirada zabaltzeko ere aprobetsatu du Oleagak: «konparaketak Espainia eta Frantziarekin egiten ditugu maiz, baina Europako eta munduko ispiluaren aurrean emaitzak ez dira horren onak. Autokonplazentziatik atera behar dugu eta beste ispilu horien aurrean jarri Euskal Herria.

Iztuetak energia kontuak ekarri ditu, bestalde. Euskal Herrian biztanleko CO2 gehien isurtzen duen lurraldetako bat da Europan. Gainera, energia kontuetan menpeko gara erabat. Eskema berriak datoz eta «betaurrekoak aldatu» behar ditugula uste du.

Behatu ondoren, aplikatu

Gaindegiak behatokiaren lana egiten du. Oraingoan azken 20 urtetako bilakaeran jarri du azpimarra eta hemendik aurrerako agertokia aztertuko dute. Aspektu ezberdinak bermoldatu eta eraldaketa prozesurako baliagarri izatea nahi dute. Zein bdie hartu erabakitzeko enpresek eta erakunde publikoek haien txosten zientifikoak aintzat hartu ahal izango dituzte.

«Euskal Herrian, gure lurraldeak aztertzea dagokigu, ez da berdin administrazio ezberdinen barruan egonda bakoitzaren egoera. Asko geratzen zaigu eta aukeratu egin behar dugu nondik jo, bide hori ondo egiteko eta laguntzeko gizarteko eztabaidetan», amaitu du Iztuetak.