«Independentzia» bermatu eta aldi berean «aitabitxia» zaintzeko saiakeran dabil Abkhazia
Beti konplexua den Kaukasoko panorama geopolitikoko protagonista izan da azkenaldian 'de facto' independentea den Abkhaziako Errepublika, lege proposamen batek gobernuaren dimisioa eragin ostean. EHUko irakasle Asier Blasek aztertu du Errusiarekiko duen harreman berezia.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Giroa harrotuta dago, berriz ere, hegoaldeko Kaukason. Baina albistea ez da heldu Azerbaijan eta Armeniaren arteko liskar berri batetik, ezta Georgiako ezegonkortasun politikotik ere. De facto burujabea den, baina praktikan Errusiarekiko menpekotasun handia duen Abkhazian jarri da fokua aspaldiko partez. Herrialde txiki honetako lurrak errusiar gizabanako eta enpresen esku uzteko prozesua errazteko lege-proposamen batek. azken urteotako protesta jendetsuenak eragin ditu, Errusiarekiko gertuko aliatutzat jotzen den Aslan Bzhenia presidentearen dimisioa behartzeraino.
Horrek ez du esan nahi Errusiar influentziaren aurkako altxamendu bat izan zenik, konplexuagoa baita errealitatea. «Abkhazian bai oposizioan zeudenak, bai gobernuan zeudenak biek argi dute euren aitabitxia edo amabitxia Errusia dela eta Errusiarik gabe beraien de factoko independentzia horrek ez lukeela inolako biderik», azaldu du Asier Blas zientzia politiketan doktore eta EHUko irakasleak. SESB desegin osteko Georgiaren aurkako gerraren ostean amets independentistaren babesle nagusia izaki, Errusiarekiko «begirunea» orokorra da abkahziarren artean, baina historian zehar izandako gehiegikeriak memoria kolektiboan iltzatuta daudenean oraindik ere, «mesfidantza» ere badago Blasen ustez.
Aipatu legediari dagokionez, Blasek gogora ekarri ditu aurretik ere izandako saiakerak eta polemikaren zergatia abkhaziarrek euren burujabetasuna zaintzeko duten nahia dela. Populazio txiki batekin, kapital errusiarrari erraztasun gehiegi emateak, abkhaziarren bazterkeria ekonomikoa ekar lezakeela sentitzen dute. Izan ere, Hego Osetiarekin ez bezala, Abkhazian harreman estuak nahi dituzte iparraldeko bizilagunarekin, baina burujabe izanda beti, Asier Blasek dionez, «beraiek nahi dutena da independentzia, ez dute nahi Errusia izan».