IRRATIA
LabankaDA! 2.0 podcastaren iru (Korima Films )

Badator 'LabankaDA!' podcastaren bigarren denboraldia

Bukatu dira Naia eta Unairen arratsalde lasaiak. Izan ere, Durangoko azokan aurkeztekoa zen Laboaren kasete argitaragabea desagertu egin da. Norbaitek ostu du. Baina, nork? Detektibe sena berpiztuta, bai ala bai, jakin nahi dute nor den gaizkilea.  Prest daude edozertarako.


Amaitu dira egun lasaiak Naia eta Unairentzat, euskal kulturaren sorospen deia sumatu dute berriro ere. Euskal Herriak behar ditu, hala sentitzen dute beraiek behintzat. Eguneroko errutina aspergarria utzi eta filmetako detektibeen antzera hasiko dira pistak jarraitzen, handik eta hemendik,  gaizkilea harrapatu arte. Sekula publikatu ez den Mikel Laboaren kasetea zen aurkeztekoa Durangoko Azokan. Baina, prentsaurreko egunaren bezperan desagertu egin da.  Interes ekonomikoak, politikoak, artistikoak...auskalo zergatik, baina Unai eta Naiak argi dute ez dela desagertu: Norbaitek ostu du. Zergatik, baina? Zein helbururekin? Eta, batez ere, nor ausartu da Laboaren kasetea lapurtzen. Nor da gaizkilea?

Naia eta Unai gazteek kasua ikertzea erabakiko dute. Tira, Naiak erabakiko du, eta Unai zalapartan murgiltzera behartuko du. Duela bi urte, Durangoko Azokan bertan, Harkaitz Canoren heriotzaren kasua argitu zuten, eta oraingoan, Laboaren abesti lapurtuen kasua argitzeko gai direla uste dute.

Poliziak bide ofizialetik ikertzen duen bitartean, Naia eta Unaik teoria zoroagoak landuko dituzte: Agian, Pello Reparaz izan da, Laboaren kantuak Mitoaroa kontzertuan erabiltzeko (azken finean, Laboa baino mito handiagorik ez dago) edo, Arroitajauregi izan da? Soinu-banda baterako ere balio lezake antiguotarraren doinuak. Chill Mafiakoak, apika, BEC-eko azken kontzerturako? Azken aldian, J Martinakoei asko gustatzen zaie bertsioak egitea....Egia esan, musikari denak dira susmagarri. 

Egun estresagarriak datoz: atxiloketak, bahiketak, heriotzaren bat...Nor izan ote da? Nor da gaizkilea? Jakin nahi duenak LabankaDA!ko bigarren denboraldia entzun beharko du.

Musikariak

Lau kapituluz osatuta dago LabankaDA! podcastaren bigarren denboraldia. Abenduaren 5ean, Durangoko Azokaren lehendabiziko egunean argitaratuko da lehen kapitulua NAIZ irratian eta podcast plataformetan ere jarriko da entzungai. LabankaDA!-ko lehen denboraldian, literatur munduko hainbat idazle eta editorek parte hartu zuten bezala, denboraldi honetan euskal musikari eta ekoizleek hartuko dute parte.

Iñigo Asensiok eta Goiuri Ezeizak errepikatuko dute Unai eta Naia paperean, eta Iñaki Soto GARAko zuzendariak helduko dio aurreko denboraldiko ardurari, bera da Lakarra komisarioa, Ertzaintzako ikerketa burua.  Aurten, gainera, entzuleek parte hartzeko aukera izango dute pisten bilaketan, asko estimatuko dute Unai eta Naia detektide hasiberriek haien laguntza.