IRRATIA

«Laborategiaren helburua da Euskal Herriak egun dituen erronkei erantzun berritzaileak ematea»

Gaurkoan Bigarren Kafean izan da Malen Dominguez Zabala Telesforo Monzon eLab-eko kidea, eta azken Naziometroan egindako neurketak eta ondorioak ekarri ditu.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Gure herrian burujabetza eta independentzia gaiak politikaren erdigunean daudela esan badaiteke ere, ez dago oso argi herritarrek, halako gaien inguruan dituzten iritziak. Autogobernua, burujabetza, independentzia eta halako gaiak ardatz hartzen ditu Telesforo Monzon eLabek haien azterketetarako: «Laborategiaren helburu nagusia da Euskal Herriak gaur egun dituen erronkei erantzun berritzaileak ematea; lehengo erantzunek ez digute balio, errelatoak eraberritu eta gazteen ikuspegia txertatu behar dugu». 

Proiektuak adar ezberdinak dituela kontatu digu Telesforo Monzoneko kide den Malen Dominguez Zabalak: «Nazioa eta identitatearen inguruan ditugun erronkak, eraldaketa sozialerako politika publikoak eta burujantzarako tresna juridikoak lantzen ditugu».

«Gure lanaren muina da euskal nazioa markotzat daukagun eragile desberdinak elkartzea; askotan akuilu lana egiten dugu», azaldu du Dominguezek. Burujabetzaren inguruan mugitzen diren hainbat eragilerekin elkarlanean aritzen dira, eta horietako bat da Naziometroa proiektua. 

«Naziometroak neurtzen du jendeak nolako gogoa duen euskal estatuarekiko edo horretan gehiago sakontzeko», dio Dominguezek. Atxikimenduaren inguruan aritu dira azken neurketa egiterako garaian eta ondorioak pasa den ostegunean argitaratu zituzten. Hontaz eta gehiagoz aritu gara gaur Bigarren Kafean.