«Hamabi orduz, behintzat, erakutsi ahal izan dugu herri libre bat izan nahi dugula»
Euskal Herri osoko pertsona ezagunen atxikimendua duen adierazpena eta mobilizazio deialdia aurkeztu ditu Gure Eskuk ‘Bagara’ maratoiaren egunean. Deialdi berri honetaz hitz egiteko NAIZ Irratian izan da, Josu Etxaburu, Gure Esku plataformako kidea.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Duela hamar urte giza kateen bidez Euskal Herria lotu eta elkartu zuen bezala, oraingoan bideoz osatutako katea antolatu du Gure Eskuk, erabakitzeko eskubidearen eta herri nortasunaren alde.
Hamabi ordutan etengabeko ikus-entzunezko bat antolatzeak duen konplexutasunaz jabetuta, ezinbestean «oso balorazio positiboa» egiten du Gure Eskuk, Josu Etxabururen hitzetan. «200 bideoren bidez eta zuzenean egindako ekitaldien bidez hamabi orduz, behintzat, erakutsi ahal izan dugu herri libre bat izan nahi dugula»
Geroaren gakoa orain idatzi behar dugula adierazi nahi izan dute eta horrela adierazi zuten Euskal Herriko pertsona entzutetsuek sinatutako manifestuan.
Etxaburuk argi du, esaldi egin horretatik haratago, «elkarri eskua emanda» landu behar dela oraina. «Bide hori da momentu honetan Euskal Herriak bere etorkizunerako behar duena. Oraina egunero idazten da, egunero idatziko dugu. Asko dugu lan egiteko, elkar entzuteko, burujabetza prozesuan aurrera egiteko...».
Gizarteak berak bidelagun papera eskaintzen omen dio herritarrari. «Bidelagun izatetik protagonista izatera» jauzi egin behar duela uste du Josu Etxaburuk. Duela hamar urte luze Gure Esku jaio zenean «herritarron garaia» zela esaten zutela azaldu du, «hamar urte geroago hori berori esaten jarraitzen dugu». Komunitate zentzuari eusteko garai onenak ez direla jakitun, Bilbon egindako ekitaldian botatako hitzak hartu ditu: «Norbanako bakoitzak dugun onena ematea, baina komunitatearen zerbitzura». Hortik abiatuko baita aktibazioa Gure Eskuren ustez.
Asteburukoa hilabeteetako lanen emaitza izan da, baina aldez aurretik alderdi politikoekin, eragile sindikalekin, gizarte eragileekin eta herritarrekin egoteko eta hitz egiteko tartea hartu izan dutela azaldu du Gure Eskuko kideak. Jakin badakite beste zenbait espaziotan elkarrizketak bideratzeko helburuarekin ere ari direla lanean. Prozesu horietan herritarrok izan beharko genukeen «parte hartzeko eskubidea eta ahotsa» aldarrikatu ditu.
Tamainako erantzunak
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batzar nagusietan estatus berria eta erabakitze eskubidearen aldeko erdibideko mozioak adostu dira eta honek ere «lagundu» dezakeela adierazi du Etxaburuk. Gai honen bueltan zabaldu izan diren zenbait argudiori begiratuz, Gure Eskuk argi du: «Aldarrikatu nahi duguna da Gure Eskuren lanketa guzti hau erabakitze eskubidearen haritik datorrela, baina nahi dugula euskal herritarrok bizitza duinago bat eta herri moduan etorkizun libre bat izan dezagun».
Eztabaida mahai gainean egonda, erronkei «tamainako erantzuna» eman beharraz mintzatu da. «Gureak zirela uste genuen lurraldeak ere kinka larrian daudela ari gara ikusten, euskararen egoera zer nolakoetan dagoen ere ikusten dugu, hainbat eskubide momentu honetan ezbaian jartzen dituztela...». Horregatik, «aurrera egiteko» garaia dela aldarrikatu du.
Ekainak 7rako mobilizazioa deitu du Gure Eskuk: Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki.