IRRATIA

Euskararen «sendabiderako, diagnostiko egoki bat da lehendabiziko urratsa»

Euskara eta euskal hiztunen komunitatea «larrialdi linguistikoan» daudela adierazi du Europako hizkuntzen sareak; ELEN erakundearen batzar orokorrak larrialdi horri buruzko ebazpena onartu du aho batez. Euskalgintzaren Kontseilua ere horren parte da, eta bertatik izan dugu gurean Idurre Eskisabel.

Idurre Eskisabel, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, artxiboko argazki batean. (Andoni Canellada | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Denbora badela dio Idurre Eskisabelek, urteak ere, euskalgintzaren baitan bederen kezka moduko bat sortu dena. Hizkuntzaren biziberritze prozesua geldialdi batean sartuta ote dagoen galdetzen dio aspaldi euskalgintzak bere buruari.

Eta denbora horretan garatzen joan den kezka hori, zergatik hezurmamitu da orain, larrialdi linguistikoari buruzko ebazpen hori onartzearen punturaino? Bada, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiaren esanetan, kezka orokortu horretatik abiatuta, ikusi izan dituztelako datu eta gertakari soziolinguistiko konkretu batzuk.

Horietako bat da, esate baterako, «Ipar Euskal Herrian oraindik hiztun kopuru erlatiboa beherantz doala» edo, «Nafarroari so eginez gero, oraindik ere 10 ikasletik 6k euren ibilbide guztian euskararekin ez dutela inolako harremanik». Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Eskisabelek nabarmendu du «eremu euskaldunenetan erabilera jaisten ari dela» eta, Euskal Herri osoa aintzat harturik, «euskaraz erdaretan baino errazago egiten dugunon hiztunon kopurua beherantz doala eremu guztietan».

Azken hori da, haren esanetan -eta Iñaki Iurrebasoren tesia ekarri du mahaigainera hori ilustratzeko-, erabileran eta hizkuntza baten osasunean guztiz erabakigarria den faktorea.

Era berean, gertakari soziolinguistiko horiei erantsi behar zaie «oldarraldi betean» dagoela euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua.

Ideia horretan sakonduz, Eskisabelek azaldu digu «oldarraldi judiziala oso goraldi handian» badaukagu ere, oldarraldi politiko eta diskurtsibo bat ere gertatzen ari dela. Horrekin batera, eta aurrea begira jarrita, «etorkizunak globalizazioaren ildotik dakarzkigun erronkak ikaragarriak dira hizkuntza minorizatu guztientzat orokorrean, mundua bere osotasunean hartuta».

Gaitzari diagnostikoa; diagnostikoari sendabidea

Hala, neurriak martxan jartzeko baliatu daitekeela abagune hau du iritzi, etsipena edo mezu apokaliptikoak alde batera utzita.

Lehen egitekoa larrialdia bera aintzat hartzea litzateke, negazionismotik aldenduta. Izan ere, «sendabiderako, diagnostiko egoki bat da lehendabiziko urratsa» eta, diagnostiko hori esku artean edukita, euskararen normalizazio eta biziberritzea agenda soziopolitikoaren lehen lerrora ekartzea eskatzen du. Instituzioek, agintariek zein eragile soziopolitiko guztiek egin behar dute hori, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak esan duenez.

Era berean, aurkeztu berri duten ebazpenean badago eskaera bat herritar guztientzat. Izan ere, «asko dira une honetan planetan bizi ditugun larrialdi sistemikoak, esango nuke gainera denak oso lotuta daudela, eta dei egiten diegu euskararen normalizazio eta biziberritzearena ere besteen adinako arduraz eta konpromiso zibikoz har dezaten».

Bide instituzionala

Imanol Pradales lehendakariarekin eta Ibone Bengoetxea Lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin bildu izan dira berriki Kontseilukoak. Topaketa horren balorazioa ere egin du Eskisabelek gurean, eta «elkar ulertze eta sintonia giroan» garatu zela nabarmendu du.

Larrialdi linguistikoan gaudela zergatik jotzen duten adierazi zieten, azaltzearekin batera esku hartze edo onbideratze prozesu bat zabaltzeko inflexio puntu gisa ulertzen dutela egoera, kexarakoa baino. Beheranzko joera goratzekoa, alegia.

Jaurlaritzako ordezkarien erantzuna ildo beretik iritsi zen: «haiek ere adierazi ziguten euskararen normalizazio eta biziberritzearekin kezkatuta daudela, ikusten dutela premia handi bat denek batera arraun egiteko».

Gaineratu duenez, argi utzi zieten «Jaurlaritzak ezin duela hau bakarrik egin, gizarte ekimenaren bultzada eta herritarrena ere behar dela».